Hondakinen ia erdiak gaika jasotzen dituzte Gipuzkoan

Lau urtean hamasei puntu igo da bereizitako hondakinen portzentajea.

Organikoan dago hutsunea: Europako helburutik 21 puntu beherago
Organikoaren bilketari dagokio daturik kaskarrena.
Organikoaren bilketari dagokio daturik kaskarrena. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko otsailak 23
Hondakinen bilketan aurrerapena agertu dute Gipuzkoako zenbakiek 2015ean ere. Bereizita jasotako hondakinen portzentajea igo egin da, eta ia erdira iritsi da: gipuzkoarren hondakinen %49 bereizita jasotzen dituzte. Nabarmena da igoera azken urteetan. Konparaziorako: 2007-2012 artean, bost urtean, hiru puntu eskas handitu zen gaikako bilketa; 2012 eta 2015 artean, hiru urtean, hamasei puntu. Datuetan «oso hobekuntza handia» ageri delako, pozik azaldu da Gipuzkoako Ingurumen diputatua, Jose Ignacio Asensio: «Herritarren kontzientziazioa eta konpromisoa handia dela erakusten du». Zuzendu beharreko arloak ere badaudela aitortu du diputazioak, hala ere. Batetik, alde handia dago mankomunitate batetik besterako zenbakietan; bestetik, organikoaren bilketari dagokionez, portzentajea Europako xedetik urrun dago.

Iazko hondakin bilketari buruzko datuak atzo eman zituen aldundiak. Alderaketa egiteko, Europako Batasunak 2020rako ezarritako helburuak jarri zituen. Lehen asmoa, hondakinen kopurua gutxitzea, betea dauka Gipuzkoak jadanik. Europaren nahia da 2010ean baino %10 hondakin gutxiago sortzea 2020rako. Iaz gainditu zuten muga hori Gipuzkoan: 2010ean baino %12,4 hondakin gutxiago sortu ziren. Azken urteetako jaitsiera handiena iazkoa izan da: %7 gutxiago 2014an baino —22.000 tonako jaitsiera da hori—.

Birziklatzeari dagokionez, baina, Europako helburuak betetzeko daude oraindik. %42,3 hondakin birziklatu zituzten iaz Gipuzkoan; Europaren nahia da 2020an %50era iristea tasa hori. Hutsunea non dagoen bistan dago. Batetik, organikoan: %29 birziklatzen da, eta bost urte barru %50era iritsi beharko litzatekeela dio Europak. Ontzietan ere badago diferentzia: %70ean du helburua Bruselak, eta Gipuzkoa %52ra ez da iristen. Paperean ia lortua dago helburua —%70 da xedea, eta %69 biltzen da gaika—, eta beiran, gaindituta ere bai —%75 xede; %75,3 biltzen da—.

Hondakin klase batzuetan gaikako bilketaren tasa «garrantzitsua» lortu dela adierazi du Asensiok, baina ohartarazi du ezin dela «arreta jaitsi», herritarren «kontzientziazioa» handitzen jarraitu behar dela hondakinen gaikako bilketa handitzeko. «Kasu berezia egin beharko diegu biohondakinen bilketari eta ontzienari, bi frakzio horiek daudelako aldenduen Europaren helburuetatik».

Organikoaren bilketa gainerakoak baino nabarmen baxuagoa nolatan den, Asensiok azaldu du herri guztietan oraindik ez dutela zabaldu organikoa bereizteko aukera, eta, beraz, herrialde osora ez dagoela hedatua bilketa era hori.

Aldeak mankomunitateka

Datuak mankomunitateka begiratzen badira, aldeak oso dira nabarmenak. Debagoieneko mankomunitatea dago buruan —%77 gaika jasotzen du—, eta Txingudi eta Debabarrena azkenean —%39 inguruko tasekin—. Igoera handiak ageri dira azken urtean: Debagoienean %59tik %77ra jo dute. Tolosaldean, %49tik %63ra. Jaitsieratxo bat Sasietan nabari da —0,6 puntu—; hala ere, Gipuzkoako batez bestekoaren goitik dago.

Asensiok uste du mankomunitateen arteko aldeen oinarria ez dela zein bilketa sistema duten, baizik gaika biltzeko sistemarik baduten edo ez. «Emaitzak nabarmen hobeak dira sistemak dituzten mankomunitateetan». Aldundiak esan du «neurriak» hartuko dituela datu txarrak dituzten lekuetan; bosgarren edukiontzia jartzea izango da apustua.

Herritarrek «onartutako» sistemen alde egin du Asensiok, eta Villabona jarri du adibide: txip bidez kontrolatutako edukiontziak jarriko dituzte EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostasuna eginda. Beste herri batzuetan ere ari dira akordioak egiten, eta galdeketak ere izango dira: Ordizian, esaterako, martxoaren 13an egingo dute sistema aukeratzeko kontsulta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna