Eskolatik kanpo euskara erabiltzeko gunea izanen da Hendaia ekainaren 5ean

'Emazu eskua' lelopean eginen dute Euskal Eskola Publikoaren 25. jaia. Eskola publikoa hezkuntza sistemaren «ardatza» izatea nahiko lukete

EHIGE eta Ikas-Biko kideak, atzo, egitaraua aurkezten, Hendaian. M.A.T.I.
maddi ane txoperena iribarren
Hendaia
2016ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ikasle, guraso eta irakasleek «elkarri eskua eta euskara ematea» izanen du aurten helburua Euskal Eskola Publikoaren bestak, eta horretarako prestatuko dute Hendaiako Beltzenia gunea ekainaren 5ean. Emazu eskua lelopean eginen dute jaia, 25. aldiz, eta, lehenbizikoz, Lapurdin. Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat eskola publikoren arteko proiektua da Emazu Eskua, hain justu, eta horri indarra eman nahi diote aurtengo bestarekin.

Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, elkarte horren parte den Ikas-Biren 30. urteurrena ere baliatu nahi izan dute jaialdia Hendaiara eramateko. Imazek nabarmendu duenez, Ipar Euskal Herriko familien %70ek hautatzen dute eskola publikoa, Euskal Herriko bertze lurraldeetan baino gehiagok: «Kasu honetan, ondo datorkigu Iparraldera begiratzea, hemen apustu handiagoa egiten delako eskola publikoaren alde. Gustatuko litzaiguke Hegoaldean ere hala egitea».

Ipar Euskal Herriko eskola publikoen erdiek eskaintzen dute eredu elebiduna, zehazki 102 ikastetxek, eta euskararen zabalpenerako garrantzitsutzat jo du hori: «Eskola publikoa oso tresna garrantzitsua da euskara mantentzeko Iparraldean, eta euskara sustatzeko». Eskola publikoa hezkuntza sistemaren «ardatza» izatea aldarrikatu du.

Euskaraz jolasteko

Eskola orduetatik kanpo ere euskaraz mintzatzea izanen da bestaren helburua, eta, horretarako, egitarau zabala prestatu dute, lau gunetan banatuta. Trinkete gunean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots arituko dira goizean, eta, arratsaldean, Antton Aranburu eta Bikiak musikariak, Sardina Freskue ikuskizuna, Patxi Perez eta konpainiarekin dantzaldia eta Gozategiren kontzertua. Bixente Lizarazu zelaian, puzgarriak jarriko dituzte, eta, Emazu Eskua eta Beltzenia guneetan, berriz, jolasak eta tailerrak. Bertaratzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.