Pentsiodunek manifestaziorako deia egin dute larunbaterako

Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestaziora deitu du mobilizazio jendetsuen laugarren urteurrena dela eta. Urtarrilaren 15ean, larunbata, egingo dira manifestazioak, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Altsasun eta Lizarran.

Pentsiodunen ustez, 2021eko azaroan onartu zen pentsioen erreformak ez ditu indargabetu 2011ko erreformako murrizketak, eta, gainera, erosteko ahalmena %3 baino gehiago murriztuko die: «Hori ez da lan prekaritateari aurre egiteko eta gure pentsioek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak hobetzeko behar den erreforma».

Beraz, onartu berri den pentsioen erreformaz kexu da mugimendua; izan ere, beren aldarrikapen gehienak erreformatik kanpo geratu direla diote: «Gutxieneko pentsioak miserableak izango dira aurrerantzean ere, aldarrikatzen ditugun 1.080 euroetatik oso urrun».

Hori ikusita, 2018an PPren gobernuarekin egin zuten bezala, PSOEren eta Unidas Podemosen Espainiako koalizio gobernuari eskatu diote oraingoanaldarrikapenei erantzun diezaiela: «2011., 2013. eta 2021. urteetako erreformen alderdi atzerakoiak indargabetu egin behar dira, eta, gainera, KPI errealaren igoera berehala aplikatzeko eskatzen dugu».

Lan baldintza duinen alde

Euskal Herriko pentsiodun eta langile orori egin dio kaleak betetzeko deia Pentsiodunen Mugimenduak larunbat honetarako: «Pentsio publiko duin eta nahikoak, soldata eta lan baldintza duinak, eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatu daitezela aldarrikatu nahi dugu kalean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.