Salbuespenezko hiru kasutan abortatu ahal izatea legeztatu dute Txilen

Kongresuaren erabakiari helegitea jarri dio oposizioak, eta azken hitza Auzitegi Konstituzionalak du. Guztiz debekatuta zegoen abortatzea

2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Abortua legeztatzeko lege proiektua onartu dute Txileko Kongresuak. Hiru kasutan baimenduko dute haurdunaldia etetea: emakumearen bizia arriskuan bada, umekia bideraezina baldin bada, eta bortxaketa kasuetan. Michelle Bachelet Txileko presidenteak «historikotzat» jo du erabakia,eta giza eskubideen aldeko neurria dela esan du. «Emakumeoi inoiz kendu behar ez liguketen eskubidea berreskuratu dugu». Dena dela, azken hitza Auzitegi Konstituzionalak izango du, oposizioko alderdi kontserbadoreek helegitea jarri baitiote lege proiektuari.

Hiru kasutan baimenduko dute abortua, eta emakumearen ongizatea bermatu nahi da. Horretarako, bere bizia arriskuan egongo balitz, beharrezkoak liratekeen sendagaiak hartzeko aukera izango du emakumeak; haurdunaldian eragina edukita ere, emakumearen bizia bermatuko da. Bestalde, umekiarentzat hilgarriak izan litezkeen kalte genetiko nahiz sortzetikoengatik, haurdunaldia eteteko aukera edukiko dute. Azkenik, haurdunaldia bortxaketa baten ondorioz izan bada, legeak emakumearen borondatea errespetatuko du. Halakoetan, hamabi aste baino lehenago abortatu beharko da. Hamalau urtez azpiko gazteentzat, epea hamalau astekoa izango da.

Bigarren aldiz kargua hartu duenetik, Bacheleten erronka nagusienetarikoa abortua legeztatzea izan da. Bederatzi dira abortua baldintza guztien gainetik galarazten duten herrialdeak. Latinoamerikan, esaterako, Nikaraguan, Hondurasen eta El Salvadorren dago abortatzea debekatuta. Kongresuaren neurriaktalde horretatik ateratzen du Txile. Bi urteko liskar politikoaren ondoren, legea senatuan eta diputatuen ganberan onartu zuten joan den uztailean. Kongresuaren adostasunak amaiera jarri dio hogei urteko debekuari.

Historia errepika ez dadin

Txilen lehendik ere legezkoa zen abortatzea emakumearen edo umekiaren biziak arriskuan baziren. Augusto Pinochet presidentearen diktadurak —1973tik 1990era—, ordea, galarazi egin zuen haurdunaldia etetea. Azken hogei urteotan debekatuta egon da, eta Miles gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 497 akusatu egon dira abortu kasuekin lotuta. Urtean, 30.000 abortu izaten dira; klandestinitatekoak aintzat hartuta, 160.000.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.