Estatuak zorraren zati bat hartu arren, grebari eutsi diote SNCFko sindikatuek

Phillippe lehen ministroak iragarri du estatuak 35.000 milioi euroren zorra bere gain hartuko duela. Defizit publikoa puntu bat igoko du

SNCFko langileen manifestazioa, maiatzaren hasieran, Parisen. YOAN VALAT / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Zortzi aste betetzear dago SNCFko langileen greba. Eta gehiago beteko ditu, Frantziako Gobernuak trenbide konpainia publikoaren zorraren zati handi bat bere gain hartu arren, protestarekin jarraitzea erabaki dutelako sindikatu gehienek. Baina langileen ordezkariek beren erronkari tinko eusten badiote, berdin esan daiteke Frantziako Gobernuaren jarrerari buruz, ez baita milimetro bat ere mugitu bere helburu nagusitik: SNCFren eta bere langileen estatusa aldatzea, burdinbide enpresa pribatuekin lehiatzeko moduan izan dadin.

Hitzordu garrantzitsua zuten atzo SNCFko sindikatuek, Parisko Matignon jauregian. Han, Edouard Phillippe lehen ministroak jakinarazi zien Frantziako Estatuak SNCFren 35.000 milioi euroren zorra bere gain hartuko zuela: 25.000 milioi 2020an, eta beste 10.000 milioi 2022an. Enpresaren zorra Frantziaren zor publiko bilakatuko da, eta hankaz gora jarriko ditu Parisek Bruselari agindutako kontu publikoak: 2020an, defizita %1,9 izango da (eta ez agindutako %0,9), eta zorra, berriz, %95,3, (%94,7).

Estatuak zor hori bere gain hartuta ere, SNCF ez da kargarik gabe pasatuko beste enpresa batzuekin lehiatu beharko duen garaira. Izan ere, azken datuaren arabera, 54.500 milioi euro zor ditu SNCFk, eta horietatik 46.600 milioi dagozkio burdinbide sarea kudeatzen duen adarrari (SNCF Reseau). Azkenaldian, urtero 3.000 milioi euro handitzen ari da SNCFren zorra, eta horren erdia dagokio zor pisutsuaren interesei.

«Kopuru esanguratsua»

Phillipperen iragarpena ez du gaizki hartu SNCFko sindikatu nagusiak, CGTk. «Kopuru esanguratsua da», esan zuen Laurent Brun CGTko cheminot-en buruak, baina kexatu zen gobernuak ez duela bere gain hartu zorra handitu izanaren ardura, besteak beste, AHT abiadura han- diko trenaren linea garestien aldeko apustu egiteagatik. Gauzak horrela, «mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa» dela aldarrikatu zuen Brunek. Grebarekin jarraitzeko arrazoiak ez direla aldatu ziurtatu zuten CFDTk, Sud-Railek eta FOk ere. «Ez dut ezagutzen zorrarengatik greba egiten ari den cheminot bakar bat ere», esan zuen FOko arduradunak, François Grasak. Arrazoi nagusia da, izatekotan, gaur egun SNCFko beharginek duten estatutu berezia ez zaiela langile berriei aplikatuko.

Bost egunean behin bi eguneko greba egiten hasi ziren apirilaren 3an SNCFko langileak. Indartsu hasi zuten, baina asteek aurrera egin ahala jarraipenak behera egin du. Herenegun, esaterako, %15 ez ziren lanera agertu. SNCFren erreforma Senatura iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.