Albistea entzun

Ezbeharra

Zaldibarko luiziak harrapaturiko bi langileak erreskatatzeko lanak gelditu egin dituzte, amiantoarengatik

Amianto biltegi bat zegoen zabortegian, eta gaia autopistara ere heldu izana litekeena dela esan dute Bizkaiko Aldundiko arduradunek. Luizi gehiago gertatzeko arriskua dagoela esan diete inguruan bizi direnei. Bilborako lerroa zabaldu berri dute, eta autoak bi norabidean dabiltza horretatik.

Luizia helikopterotik ikusita, eta AP-8 autobidea itxita.
Luizia helikopterotik ikusita, eta AP-8 autobidea itxita. BERRIA-JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko otsailak 7 - Bilbo

Zaldibar (Bizkaia) inguruko zabortegi batean atzo gertaturiko lur jausi handian harrapaturik dauden bi langileak bilatzeko lanak etenda daude, amiantoaren beldur. 50 eta 60 urteko langileak dira, zabortegian lan egiten duen Verter Recycling birziklatze enpresakoak. Atzo, 16:00ak aldera gertatu zen ezbeharra. A-8 errepideraino iritsi zen luizia, baina Eitzagako zabortegian ari dira bilaketa lanak egiten. Bilborako lerroa zabaldu berri dute, eta autoak bi norabidean dabiltza horretatik. Amianto biltegi bat zegoen zabortegian, eta gai toxikoa autopistara ere heldu izana litekeena dela esan du Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde foru diputatuak Euskadi Irratian. Luizi gehiago gertatzeko arriskua dagoela esan diete inguruan bizi direnei.

Kakuluen arabera, 500.000 metro kubo lur erori dira, Pradalesek esan duenez. Talde ekologistek salatu dute zabortegia autopistaren gainean egoteak Europako arauak bortxatzen dituela. «Autopistako eremutik at zegoen zabortegia; beraz, guk ez dugu zer esanik horretaz, ez delako gure eskumena», erantzun du Pradalesek.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Bizkaiko Diputazioak operazio handi bat jarri dute abian bi langileak topatzeko, eta, operazioan, parte hartu dute helikoptero batek, droneek, Ertzaintzaren erreskate eta txakur unitateek, suhiltzaileek eta larrialdietako zerbitzuek .

SOS Deiak larrialdi zerbitzuak iragarri duenez, lanek «luze» jo dezakete.

Luiziaren ondorioz, AP-8 autobidea bi noranzkoetan moztu behar izan zuten. Gipuzkoarako bidean zihoazen autoak Durangoko ordainlekutik (Bizkaia) desbideratu zituzten, eta, hala ere, hiru kilometroko auto ilarak egon ziren atzo. Bizkairako noranzkoan, berriz, Eibarko ordainlekuan (Gipuzkoa) desbideratu zituzten, AP-1 autobidetik. Han, bi kilometroko ilarak sortu ziren. Ermuko saihesbidea ere (Bizkaia) moztuta egon zen.

Lur jausia Zaldibarko Eitzaga auzoan gertatu da, Aixolako urtegirako bidean, Verter Recycling enpresak han duen zabortegian. «Hondakin ez-arriskutsuak» jasotzeko baimena du zabortegi horrek. Hondakin meta erortzean, arrastaka eraman du aurrean zuen ezpondetako lurra ere, eta orotara 330 metro luze eta 160 metro zabal den lur jausi bat eragin du. 2.780 metro koadroko eremu bat hartu du luiziak.

Hamar langile ditu hondakindegiak, eta zortzi agertu dira, baina beste bi desagerturik daude. Horregatik, erreskate lanean aritzen diren zerbitzuen hipotesia da hondakin eta lur metak harrapaturik egongo direla.

Aspaldikoa zen Zaldibarko eta Ermuko herritarren kezka zabortegia zela eta. Zaldibarko eremuan egonagatik, Ermuko Sallabente auzotik oso gertu dago, eta auzokideek inoiz salatu dute «egunero dozenaka kamioi» ibiltzen zirela hondakinak deskargatzen, eta zabortegia «kontrolik gabe» ari zela hazten.

Luiziak ez du autorik harrapatu, baina, gertatu aurretik, autobus bat igaro berria zen leku hartatik, AP-8ko 75. kilometroan. Leire Ansotegi (Gernika, Bizkaia, 1978) autobus horretan zihoan. Gertatutakoa azaldu dio BERRIAri: «Lanetik atera naiz, eta Bilbotik 15:10ean irten eta Ondarroara (Bizkaia) doan autobusa hartu dut, Bizkaibusekoa. Nire asmoa zen Ermuan jaistea, gero Eibarrera joateko, han bizi bainaiz. 16:02an, luiziak harrapatu gaitu saihesbidean, biribilgunera iristear geundela».

Ansotegik azaldu duenez, oso azkar gertatu da guztia: «Autobusak gogor jo du balazta, eta beste lerrora pasatu da; zorionez, libre zegoen». Autobusa bete samar zihoan, eta bidaiariek ezusteko handia hartu dute, baina, maniobra bortitz samarra izan den arren, ez da inor zauritu. «Atzeko partean, Ondarroara zihoan neska gaztetxo bat zihoan, eta negar batean hasi da. Antza denez, diabetikoa zen, eta beheraldi bat izan du», azaldu du Ansotegik.

AP-8 eta N-634 errepideen gainera lau tona inguru lur eta hondakin erori dira, eta 30 metroko eremu bat hartu dute. Autobidearen zenbait lekutan, lau metroko altuera hartu du lur metak.

Luiziaren ondorioz, Eibarko zenbait lekutan (Gipuzkoa) argindarrik gabe lotu dira; esaterako, Unbeko kiroldegian eta Alfa enpresan.

Joan den astean, Bizkaiko Diputazioak iragarri zuen «satelite eta drone bidezko sistema bat» abian jarriko zuela «erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta errepideen foru sareko zirkulazioa arriskuan jartzen duten luiziak edo ezpondak erortzeak» saihesteko.

Hildako bat Irunen

Gizonezko bat hil da auto istripu batean, N-121-A errepidean, Irun parean (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, auto batek eta kamioi batek aurrez aurre jo dute, eta autoaren gidaria hil egin da. Errepidea moztua izan dute.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Euskaraldiaren balorazioa egiteko agerraldia, atzo, Gasteizen. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Ariketa sozialarekin jarraitzera deitu dute

Edurne Begiristain

Aurtengo Euskaraldian 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena. Ariketa soziala gizartean «txertatua» dagoela nabarmendu dute
 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.