Iraken 200.000 herritar inguruk ihes egin dute Estatu Islamikotik

Nazio Batuen Erakundea: «Ikaragarrizko tamainako tragedia bat da».

Frantzia eta AEBak esku hartzeko aukerak aztertzen ari dira
Peshmergena da Iraken EIri aurre egin dion indar nagusia.
Peshmergena da Iraken EIri aurre egin dion indar nagusia. STR / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abuztuak 8
EI Estatu Islamikoak lurralde gehiago eskuratu ditu Iraken, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak larrialdi dei bat egin du, «pare bat egunetan» 200.000 herritar inguruk etxetik alde egin baitute. «Ikaragarrizko tamainako tragedia bat da hau», adierazi du NBEren Giza Laguntzarako Koordinaziorako Bulegoko bozeramaile David Swansonek. EIk dio hamabortz hiri eta herri gehiago hartu dituela Iraken. Guztien egoeraren inguruko berri zehatzik ez dago, baina arreta bereziki bi tokian kokatu da: bata, Sinjarren, milaka yazidi inguratuta baitauzkate jihadistek; eta, bertzea, Qaraqoxen, EIk Irakeko kristauen hiri handiena hartu baitu.

Frantziak larrialdiko bilera bat eskatu zion atzo NBEren Segurtasun Kontseiluari. François Hollande presidentea prest dago EIren aurka «borrokan ari diren indarrak» laguntzeko. Hala erran dio Massud Barzani Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteari telefonoz, Eliseoak jakinarazi duenez. The New York Times-en arabera, Barack Obama AEBetako presidentea aire erasoak agintzea aztertzen ari da.

EIk jomugatzat hartu ditu Iraken iparraldeko gutxiengo etniko eta erlijiosoak. Horien artean daude yazidiak. Kurduak dira etniaz, eta erlijio berezi bat daukate, antzinako zoroastrismoarekin lotutakoa. EIk heretikotzat dauzka. Sinjar hirian, Mosuldik mendebaldera, gehiengoa dira. EIk iragan ekainean erasoaldia hasi ondoren, Kurdistango Eskualde Autonomoko peshmerga indarrek kontrolpean hartu zuten Sinjar, baina duela egun batzuk muturreko islamistek hiritik bidali zituzten. Herritarrek sarraskiak salatu dituzte, baina ez dago argi zenbat jende hil duen EIk SInjarren. NBEk ohartarazi du 40.000 herritar inguru daudela ihes eginda inguruko mendietan, urik, elikagairik eta inolako laguntzarik gabe. Kurdistango Firat agentziak bideo bat argitaratu du mendi horietatik. Han, ihes egindako herritarrak ageri dira haien egoeraren berri ematen. Ustez YPG Herriaren Babeserako Unitateetako kideak ere ageri dira bideoan —Siriako kurduen milizia—, errefuxiatuak defendatzera joan direla azaltzen. EIk Siriarekiko muga osoa kontrolatzeko falta duen azken postua Sinjarren dago.

Kristauen hiriak, «hustuta»

Qaraqox hiria, berriz, Mosuldik 32 kilometrora dago. Asiriar kristauak dira hango biztanleak. Kirkukeko eta Sulaimanijako artzapezpiku kaldear Joseph Thomasek AFP agentziari adierazi dionez, Qaraqox eta inguruko herriak «hustu» egin dira, eta EIk erabat kontrolpean hartu ditu. Joan den hilean, milaka kristauek alde egin zuten Mosuldik, EIk ultimatum bat eman ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna