Ertzain bat atxilo hartu dute Leitzan, kamioi gidari bat tiroz hil duelakoan

A-15 autobian gertatu da hilketa.Uste dute liskarra errepideari buruzko eztabaida batek eragin duela.Granadakoa zen gidaria, 39 urtekoa

Foruzainak, atzo, hildakoaren eta haren kamioiaren ondoan. GORKA RUBIO / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Kamioi gidari bat tiroz hil zuten atzo Leitzako (Nafarroa) A-15 autobideko sarreran. Foruzaingoak ertzain bat atxilotu zuen, ondorioz; hari egotzi baitiote hilketa. Lehen zantzuen arabera, zirkulazioari buruzko eztabaida batek eragin zuen liskarra. Ertzaina Tolosara (Gipuzkoa) bidean zen, eta hango polizia etxean egiten du lan. Autotik jaitsi, eta tiro egin zion kamioi gidariari, ikerketako iturrien arabera. Buruan jo zuen gizona. 13:20 aldera gertatu zen hilketa, eta Foruzaingoak hartu du ikerketaren ardura.

«Erabat harrituta gelditu naiz jakin dudanean; argi dezatela zer gertatu den». Leitzako alkate Arantxa Iparragirrek hedabideen bitartez jaso zuen atzo herrian izandako hilketaren berri. Kamioi gidaria hil zuten tokira hurbildu zen, berehala. 16:30ean, epailearen zain ziren foruzainak oraindik ere, kamioilariaren gorpua Iruñera eraman ahal izateko.

Larrialdi zerbitzuek berehala eman zuten abisua osasun etxean. Anbulantzia bat bidali zuten, baina sendagileek kamioilaria hilik zela ziurtatu bertzerik ezin izan zuten egin. Kamioaren ezkerraldeko ate parean ikusi zuten hainbat lekukok: zerraldo.

Granadako (Espainia) garraio enpresa bateko langilea zen hildako gizona, eta 39 urte zituen. Ertzaina, berriz, bizkaitarra dela zabaldu dute. Iruñean bizi da, eta Tolosako polizia etxean egiten du lan. Lehen zantzuen arabera, zirkulazioari buruzko eztabaida bat izan zuten bi gizonek, eta, ondorioz, errepidean gelditu, eta haien ibilgailuetatik atera egin ziren biak. Une horretan, ustez, ertzainak tiro egin zion kamioilariari. Buruan jo zuen.

Foruzainek A-15 autobideko Leitzarako sarrera itxi egin zuten atzo, Donostiarako bidean, ikerketa martxan jarri ahal izateko. Nafarroako Gobernuak azaldu zuen Foruzaingoko polizia judizialen eta zientifikoen taldeek hartu dutela lan horren ardura.

Arauzko arma ez

Hainbat informazio zabaldu zituzten atzo ertzainaren armari buruz. Hainbat iturriren arabera,poliziak bere arauzko arma erabili zuen, ustez. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak, berriz, zalantzan jarri zuen datu hori: «Ustez, ertzainak erabili duena ez da bere arauzko arma», erran zuen Bilbon, hedabideen aurrean. Azaldu zuen ertzainek ezin dutela arauzko arma gainean eraman lanean ez badira. Hori egin ahal izateko, baimen berezia behar dute. Atzo, Ertzaintzako komunikazio arduradunek baieztatu zuten ertzaina ez zegoela lanean atxilotu zutenean.

Beltran de Herediak erantsi zuen ertzaina «beteranoa» dela. Sailburuak doluminak adierazi zizkion hildako kamioi gidariaren familiari. Ikerketaren ardura hartu duten foruzainei eta epaileari, berriz, «erabateko laguntza» eskaini zien.

Gertatu dena argitzeko eskatu zuen, halaber, Hiru Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen sindikatuak. «Hilketa irmoki gaitzesten dugu, eta neurriak har ditzatela eskatzen dugu, erruduna zigorrik gabe ez gelditzeko».

Gertaerak 2003an Alegian (Gipuzkoa) jazotakoa ekar dezake gogora. Ertzain batek 43 urteko Jose Atanes hil zuen, errepide bazterrean. «Susmagarritzat» jo zuen poliziak. Bi auto geldirik ziren, eta Atanesena zen haietako bat. Hildakoaren familiak salatu zuen ertzainak, armarekin kolpatu, eta gero tiro egin ziola. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ertzainari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.