Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Ainara Ladron eta Aritz Azkona ere atxilotu ditu Ertzaintzak

Publizitatea

Politika

Ainara Ladron eta Aritz Azkona ere atxilotu ditu Ertzaintzak

Naroa Ariznabarreta ostegunean atzeman zuten. Eleak mugimenduak elkarretaratze bat egingo du gaur, 13:30ean, Elgoibarren
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2016-03-06 / Mikel P. Ansa

Asteazkenean epaitegira agertu behar zuten, baina ez joatea erabaki zuten hiru gaztek, eta atxilotzeko agindua eman zuen auzitegiak. Ostegunean atzeman zuen Poliziak hiru horietako bat, Naroa Ariznabarreta, Eibarren (Gipuzkoa). Beste biak atzo atxilotu zituzten: Ainara Ladron, Zarautzen, Arrano elkartean auziari buruz prentsaurreko bat eman berritan. Ertzainak agertu ziren Musika plazara, eta atxilotuta eraman. Aritz Azkona, berriz, Fruizen (Bizkaia) atzeman zuten. Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra emateko eskatua du bost gazteentzat.

Espainiako Auzitegi Gorenak Segi erakunde «terroristatzat» jo zuenean, 2007an, protesta bat egin zuten bost gaztek: Zarautz inguruan, Gipuzkoan, A-8 errepidera atera, eta itxi egin zuten. Euskal gazteriak militantzia politikoan aritzeko eskubidea duela aldarrikatu nahi zutela azaldu zuten gazteek, eta justiziak hartutako erabaki horrek zer ondorio zekartzan salatu nahi zutela. Harrezkero, ehunka gazte atxilotu izan dituzte «erakunde terroristako» kide izatea egotzita, eta torturak salatu dituzte gehienek.

Haien kontrako epaiketa lau aldiz atzeratu da orain arte. Azpeitiako Auzitegiak hasi zituen eginbideak, baina kasua Madrilera igorri zuen; hark atzera Azpeitira itzuli, eta orain Donostiako Epaitegia ari da kasua ikertzen. Epaiketak trabaz betetako prozedura izan du: lehen aldian, lekuko gisa deklaratu behar zuen ertzain bat gaizki identifikatzeagatik atzeratu zen; bigarrenean, hiru auzipetu ez zirelako joan; hirugarrenean, zitazioetan oker bat zegoelako —nahiz eta BERRIAk egiaztatu zuen zitazioak zuzenak zirela—. Azken ahalegina asteazkenean egin zuen Donostiako Auzitegiak: deitu zituzten bost gazteak, baina Ariznabarreta, Azkona eta Ladron ez ziren joan.

«Garaipen moduan ikusten dut epaiketa bat ezin egin izana», esan dio Ladronek elkarrizketa batean BERRIAri asteon. Desobedientziak balio duen seinaletzat hartzen du gertaera hori. «Ikusten dugu herriak baduela presio mekanismo bat, erasoei erantzuteko ez ezik, herria eraikitzeko. Desobedientziak ekarriko du masa borroka bat; jendea benetan batzen bada eta erabiltzen badu, denentzat baliagarria izan ahal dena, borroka mordo batean. Hori da gure ekarpen xumea».

Prentsaurrekoan, zain

Atzo eguerdian bere hitzak berretsi zituen Ladronek. Zarautzen egin zuen prentsaurreko bat, eta azaldu zuen asmoa dutela orain bederatzi urte hasi zuten «desobedientziaren bidean» jarraitzeko, «hori delako bizi dugunaren gisako salbuespen egoerei aurre egiteko modu bakarra». Hitz horiek egin eta laster atxilotu zuten kanpoan zain ziren ertzainek.

Azkonak, berriz, Argia-ri azaldu dio agerraldi horretara joatekoa zela atzo eguerdian, baina Zarautzera iritsi zenerako ertzainek inguratua zutela Musika plaza, eta ezin izan zuela barrura sartu. Fruizera itzuli zen orduan, bere etxera, eta arratsaldean atxilotu zuten ertzainek, futbol zelaian.

Eleak mugimenduak salatu egin ditu azken atxiloketa horiek, eta elkarretaratze bat antolatu du gaurko, 13:30ean, Elgoibarko plazan (Gipuzkoa).

Asteazkenean ez zirenez epaiketara agertu, orain epailearen esku daude hurrengo urratsak. Egun bat zehaztu beharko luke epaiketarako, baina, bitartean, hiru gazteak espetxeratzeko agindu du. Iturri batzuen arabera, Ariznabarreta Martuteneko kartzelan sartu zuten, ostegunean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak