Moncloako aldaketak eztabaida piztu du lan erreformaren moldaketaz

Oso goiz da Espainiako Gobernu berriaren asmoak eta gaitasunak zehazteko, baina hasi dira zabaltzen lan erreforma ukitzeko ahotsak

2012ko M-29an, greba orokorra egon zen errefomaren aurka. JON URBE /FOKU.
xabier martin
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ezaguna da Unidos Podemosek PPren gobernuak onartutako lan erreforma baliogabetu nahi duela, uste baitu «langileak pobretzko oinarrizko tresna» dela. PSOE ere lan merkatua eta lan harremanak arautzen dituen lege horren aurka aritu da oposiziotik. Orain gobernuan dago, ordea, eta ez dira gutxi azken orduotan lan erreforma eztabaidagai bihurtzen ari diren ahotsak. Toni Ferrer da horietako bat, PSOEko Enplegu eta Lan Harremanetako idazkariarena. «PPk inposatutako lan erreforma lan pobreziaren eta prekaritatearen eragilea da», haren ustez; horregatik, esan du «beharrezkoa» dela legea berriro erreformatzea.

Ferrerek ez zuen ahaztuko, noski, jadanik PSOE Espainiako Gobernuan dagoela, eta ez oposizioan, nahiz eta gobernu hori osatu gabe egon; osatu ondoren ere, ikusteko dago zertarako izango den gai Sanchezen gobernua. Izan ere, parlamentuan gehiengorik izan gabe, eta PPk senatuan gehiengoari eusten diola, zaila da lan erreforma eta halako lege sakonak ukitzen hastea. Ez dirudi oreka parlamentarioak Sanchezi hainbesterako emango dionik. Brusela hor dago, gainera.

Atzo bertan, Aitor Esteban EAJko parlamentarioak esan zuen bere taldea prest legokeela lan erreformaren «aldaketa batzuk» aztertzeko. Prestasun handiagoa azaldu zuen, ordea, Mozal legea-ri buruz galdetu ziotenean. Agian, errazagoa izango zaio Pedro Sanchezi Moncloan emango duen epe laburrean Mozal legea baliogabetzea, ezin baita ahaztu Ferrazek ez duela asmorik legegintzaldia bukatzeko, oraindik argitu ez duen arren Sanchezek berak hauteskundeak noizko deituko dituen. Hala ere, Mozal lege sonatua kentzeko, parlamentuan oreka erdiesteak ez luke zertan hain zaila izan.

«Ezinezkoa da kasik»

Lan erreforma beste hariko ezpala da, baina PSOE handira enbido jotzen hasi da. Izan ere, Enplegu eta Lan Harremanetako idazkariak ohar bat igorri zien hedabideei, atzo, «elkarrizketa soziala oinarri izango lukeen» lan erreforma aipatuz. PSOEk «kalitatezko enplegua» nahi du, «eskubideekin»; «lan arautegi berri bat» ere bai; eta «babes handiagoa» langabeentzat.

CEOE patronaleko presidente Joan Rosellek ohartarazi zuen lan erreforma baliogabetzea «ezinezkoa» dela «kasik». PPk 2012ko otsailean onartutako erreformak abantaila handiak eman zizkion patronalari negoziazio kolektiboan, eta sindikatuak erabat ahuldu. Rosellek dio legea «egokitu» egin behar dela egungo errealitatera, baina ezin dela bertan behera utzi, besteak beste 7.000 lege hartzen dituelako barnean. Edonola ere, gauza bat da eztabaida piztea eta bestea lan arau nagusia aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.