«Arriskutik ihesi, pobreziara itzuli gara»

2.5000 egiptoar inguruk Libiatik ihes egin dute 21 koptoen hilketaren ondotik. Kairok aireko korridore bat ireki du.

Libiatik etxera itzulitako egiptoarrak, Kairoko aireportuan. MOHAMED ELGARNOSY / EFE.
Ane irazabal
Kairo
2015eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Kairoko aireportuan lurreratu den Tunisiako hegazkineko bidaiari guztiak egiptoarrak dira. Libiatik alde egin ostean etxera itzuli dira denak. Egiptoko Gobernuak aireko korridore bat ireki du Libiatik Egiptora bueltatu nahi dutenei laguntza eskaintzeko. «Gu izan gintezkeen burua moztutako egiptoarrak. Atzerriko langileen aurkako bahiketek ez dute etenik», adierazi du Kairora iritsi berria den Ali izeneko gazte batek.

Beste milaka egiptoarrek bezala, Alik bere herrixkako pobreziatik alde egin, eta Libian aurkitu zuen dirua egiteko irtenbide bakarra. «Eraikuntzan lanpostu asko daude, horregatik, gazte askok maleta egin eta muga zeharkatu dute azken urtetan». Alik dioenez, negozioa hasteko prozedurak azkarragoak dira Libian, eta soldatak hiru aldiz handiagoak.

Nolanahi ere, Libiako egoera jasangaitza bilakatu da iragan udatik. Hori uste dute egunotan Egiptora itzuli diren herritarrek. «Milizia armatuek elkarren artean borrokatzeari ekin diote. Indartsuenaren legeak agintzen du», iruditzen zaio Hanna Aziz izeneko gazte bati. Azizek Libia eta Egiptoren arteko Salloum lurreko muga zeharkatu zuen 21 kristau koptoak bahitu zituztenean. Burua moztu zieten bi lehengusuak zituen, eta beste bat iloba. «Hasieran, Bengazitik Sirtera ihes egin genuen, baina arpilatzeak pairatzen hasi ginen. Jasangaitza zen», nabarmendu du.

Azizen ustez, oso zaila da gertatzen ari dena ulertzea, baina milizia jihadistak gero eta indartsuagoak direla iruditzen zaio: «Batzuetan, ez dakigu talde armatuak EI edo Al-Qaeda diren, testuinguruaren arabera, bati edo besteari aitortzen diotelako leialtasuna». Edonola ere, Azizek nabarmendu du Egiptoko herritarren egoera ez dela etorkin afrikarrena bezain txarra: «Afrikako langileak dira Libian nagusi den kaosaren biktimarik ahulenak. Giza trafikoa negozio handi bat da; etorkin afrikar asko esklabotza antzeko egoeran bizi dira». Segurtasunik ezaz izuturik, milaka etorkin afrikar Mediterraneoa zeharkatzen saiatu dira azken astetan; horietako asko, trafikatzaileen mehatxuek bultzatuta.

Bueltatzean, zer?

Egiptora bueltaturiko herritar gehienek defendatu egin dituzte Kairoko armadaren mendeku bonbardaketak. «Milizia jihadistak kristauen atzetik dabiltza. Gurutzaden inguruko grafiti erasokorrak idatzi zizkiguten», azaldu du Azizek. Ali, berriz, harago doa: «Ezin gara nazioarteko komunitatearen zain geratu. Al-Sisik zergatik ez du esku hartzen?»

Egiptoko Atzerri Ministerioaren arabera, azken astetan 25.000 herritarrek etxerako bidea egin dute; 21.000k Salumeko mugatik eta beste 4.000k Tunisiatik. Halere, ezinezkoa da Libian zenbat egiptoar dauden jakitea; izan ere, gehienek legez kanpo zeharkatu dute muga. GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeek diote 500.000tik gora izan daitezkeela. «Libian lanean dauden egiptoar askok ez dute bisarik; beraz, ez dakite nola bueltatu», nabarmendu du Atzerri Ministerioko ofizial batek.

Horregatik, gazte askok nahiago du Libian geratu Egiptora itzuli baino. Ramadan Farahat da horietako bat; Zawiya hiriko zementu fabrika batean lan egiten du 25 urteko egiptoarrak. «Libiara etorri baino lehenago bi urte pasatu nituen lanik aurkitu gabe. Hemen soldata duin bat daukat; beraz, egoerak okerrera egin ezean ez naiz itzuliko», esan dio BERRIAri telefonoz.

Izan ere, egiptoarrek ondo dakite etxera itzultzean langabeziarekin topo egingo dutela. Aziz etsituta agertu da: «Libiatik bueltatu nintzenetik ez dut lanik aurkitu. Ia bi hilabete daramatzat geldirik. Arriskutik ihes egin eta pobreziara itzuli gara»
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.