AEBek Turkiari erantzun diote Siriako kurduen PYD alderdia ez dela «terrorista»

Washingtonek PYDi laguntzeko eskatu dio Ankarari.

Ocalanekin elkartu da kurduen ordezkaritza bat, su-etenaren inguruan erabakitzeko
Kobanen hildako milizianoen aldeko hileta, atzo, Sanliurfan.
Kobanen hildako milizianoen aldeko hileta, atzo, Sanliurfan. SEDAT SUNA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 22
AEBek orain arteko adierazpenik argiena egin dute Siriako kurduen alderdi politiko nagusiari buruz. «Turkiari garbi erran diogu ikaragarri garrantzitsua dela PYD [Batasun Demokratikoaren Alderdia] bezalako indarrak laguntzea, borrokalari kurdu horiek eta kurduak ez diren talde txikiak ere ari baitira bertatik bertara borrokan Estatu Islamikoaren aurka». Estatu Departamentuko bozeramaile Marie Harfek egin ditu adierazpen horiek, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak erran ondoren PYD «PKK bezain terrorista» dela. «AEBetako legearen arabera, PYD ez da PKKren parte».

PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren ildo ideologikokoa da PYD (Kurdistanen burujabetzaren aldeko ezkerra). Horregatik, Turkiak Siriako kurduen Kobane hiria mugatik blokeatuta dauka, EIren setioa pairatzen ari den bitartean. Badira bi urte Siriako kurduak EIren eta muturreko bertze talde islamista batzuen erasoak pairatzen hasi zirenetik, baina AEBek ez diete arretarik eskaini azken aste hauetara arte, Kobaneko setiora arte. Lehenbiziko asteetan, AEBek EIren aurka zuzendutako koalizioak ez zion kasu handirik egin hiri horretako egoerari, baina azken egunotan jada era nabarmenagoan lagundu ditu hiria babesten duten YPG Herriaren Babeserako Unitateak (Siriako kurduen miliziak). Apurka handituz joan den babes horren azken bi adierazle garbiak izan dira milizianoei airetik helarazitako armak eta hornigaiak, eta PYDen alde egindako jendaurreko adierazpena.

AEBek, ordea, ez dute agertu PKKrekiko jarrera aldatzeko asmorik. «Terrorista» izendatuta daukate gerrilla hori —baita EB Europako Batasunak ere—. PKK 1984an matxinatu zen Turkiaren menpeko Kurdistanen burujabetzaren alde. 40.000 lagun inguru hil dira gatazka horretan. 2012an Ankarak eta PKK-k elkarrizketak hasi zituzten, eta iaz gerrillak su-etena eman zuen.

Hain zuzen, su-eten hori bertan behera uzteko prest agertu dira Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoa eta gerrillako bertze zenbait ordezkari, Turkiak Kobanerekin hartu duen jarrera dela eta. Ocalan Imrali espetxean daukate preso 1999az geroztik, eta atzo erabakigarritzat jotako bilera bat egin zuten han. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko kideak elkartu ziren Ocalanekin (Turkiako kurduen burujabetzaren aldeko alderdien koalizioa da HDP). Ocalanek hilaren 15era arteko epea eman zion Turkiari bake prozesuarekin konpromiso zehatzak agertzeko. Ankarak sei puntuko zirriborro bat aurkeztu zion HDPri. Imralira joan aitzinetik, koalizioaren ordezkaritzak Kandil mendietara (Iraken barneko Kurdistanera) bidaiatu zuen PKK-ren buruzagitzarekin elkartzeko. «Pauso zehatzak» exijitu dizkio Ankarari, eta ez «hitz hutsak», HDPk jakinarazi duenez. Edizio hau ixterakoan, ez zegoen Ocalanen bileraren berririk.

Kobaneko setioa haustearen alde Turkiak egin duen keinu bakarra izan da iragartzea Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko peshmergei utziko diela Siriako kurduen hirira borrokara joaten. Rudaw kazetaren arabera, eskualdeko parlamentuak bihar erabakiko du peshmergak bidaltzearen inguruan. Rudaw-k dio heldu den asterako ailegatuko direla peshmergak Kobanera «arma astunekin». Turkiako eskuin muturreko MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak peshmergei emandako baimena kritikatu du, horien asmoa «Kurdistan eratzea» delakoan. Mehmet Çavusoglu Atzerri ministroak erantzun dio, ordea, peshmergei Kobanera igarotzen utziko dietela «indar konstituzional bat» direlako.

Irak-Iran bilera, Teheranen

EIren agerpenaren ondorioz are gehiago estutu da Iraken eta Iranen arteko harremana. Horren adierazle, Haidar al-Abadi Irakeko lehen ministroak Teheranera bidaiatu zuen atzo. Hassan Rohani Irango presidenteak babes osoa agertu zion. Halaber, Rohanik bi mezu zuzendu zizkien AEBei: alde batetik, «lehenik terroristen finantzazioa» mozteko eskatu zien; bertzalde, bonbardaketak anitz ez luzatzeko, EIk bere burua «zapaldutzat» aurkez dezakeelakoan babes gehiago lortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna