Sicard, azken ordezkaria

Chetout erretiratu ondoren, Ipar Euskal Herriko txirrindulari bakarra gelditu da tropel profesionalean. Azken hamarkadan bi txirrindulari egon dira urte gehienetan.

Sicard, 2018ko Tourrean, Lapurdiko Zuraide herrian. BOB EDME.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Loic Chetout baionarrak erretiroa hartu ondoren, Ipar Euskal Herriko txirrindulari bakarra gelditu da pelotoi profesionalean. Bertze lapurtar bat da, Romain Sicard hazpandarra. Frantziako Total Direct Energie taldeak kontratua berritu zion denboraldi bukaeran. Pro Team mailako taldea da, eta Sicardek lau urte egin ditu hor. Frantziako azken lau Tourrak eta Espainiako Vuelta bat korritu ditu Total Direct Energierekin, bertzeak bertze. Sicardek 2009an egin zuen debuta profesionaletan Orbearekin, eta 2010ean gorengo mailara egin zuen jauzi, Euskaltel-Euskadiren eskutik. Sicardek 32 urte bete zituen Urteberri egunean, eta 2021era arte luzatu du kontratua.

XX. mendearen hasieratik bi dozena baino gehiago izan dira eliteko txirrindularitzan lehiatu diren ipar euskal herritarrak. 1930eko hamarkadatik 1950ekora lasterketa handiak irabazi zituzten —Roger Lapebie baionarrak Frantziako Tourra (1937); Paul Maye herrikideak Paris-Roubaix (1945) eta Paris-Tours klasikoak (1941, 1942 eta 1945); Frantziako Tourreko etapak horiek biek, Sauveur Ducazeuxek eta Marcel Queheillek...—. 1960ko hamarkadaz geroztik, ordea, hagitz murritza izan da profesionaletan debutatu dutenen kopurua.

Thierry Elissalderen debutak hamarkada bat baino gehiagoko hutsunea bukatu zuen 1994an. Euskadi Fundazioaren sorrerako taldean aritu zen, bi urtez. Haren ondotik profesionaletarako jauzia eman zuten Philippe Fernandes eta Ramuntxo Garmendia baionarrek, eta Eric Pascal donapaleutarrak. Ibilbide motzak izan zituzten, hagitz talde apaletan; Fernandes 1998-2001 artean aritu zen Portugalgo tropelean, Pascal bezala (2001-2002), eta Garmendia urtebetez Belgikan (2007).

Bi txirrindulari Euskaltelen

Kalitatezko jauzia Pierre Cazaux donapaleutarrak eta Sicardek eman zuten. Cazauxek 2008an egin zuen debuta Frantziako Roubaix-Lille Metropole talde apalean, eta 2010ean World Tourrerako fitxatu zuen La Française des Jeux taldeak. Behe nafarrak 2011n Sicardekin bat egin zuen Euskaltelen. Cazaux bi urtez aritu zen han, eta talde laranjak 2013rako ez zion kontratua berritu. Chetoutek 2014an debuta egin ondoren, azken urteotan berriz ere bi izan dira Ipar Euskal Herriko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.