Espainiako Kongresuak uko egin dio errege ohiaren kontuak ikertzeari

Espero bezala, PPk, PSOEk eta Voxek ikerketa batzordea eratzearen aurka bozkatu dute

Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ustelkeria salaketen artean murgilduta dago Juan Carlos I.a Espainiako errege ohia. Orain dela gutxi jakin zen Suitzako Fiskaltza ikertzen ari dela ustez hark Corinna Larseni eginiko ehun milioi dolarreko donazio bat, irregulartasunak tarteko. Hala, Elkarrekin Podemosek nahiz ERCk eta Talde Pluralak —JxCat, Mas Paisek, Compromisek eta BNG Galiziako Bloke Nazionalistak— ikerketa batzordea osatzeko eskatu zuten, erregearen kontu korronteetan eta donazioetan «legez kontrako» ekintzak egon daitezkeelakoan. Espainiako Kongresuak, baina, ez dio bide eman, eta aise gailendu zen ezezkoa atzo eginiko bozketan: Elkarrekin Podemoseko bi kideek soilik egin zuten batzordearen alde, Gloriak Elizok eta Gerardo Pisarellok, hain zuzen. Hura alboratu zuten, berriz, PSOEk, PPk eta Voxek.

Legelarien txostenari jarraikiz hartu zuten erabakia. Izan ere, horiek tramitea onartzearen aurka agertu ziren, estatuko buruzagitzaren posizio instituzionalaren inguruan Auzitegi Konstituzionalak izaniko aurrekariei eta interpretazioei men eginez. Horrela, ikerketa batzordea osatzeari uko egiten dioten hirugarren aldia da.

Juan Carlos I.ak Suitzan dituen kontuak ikertzea da batzordea eratzearen helburua, baita hirugarrenen izenean dauden beste paradisu fiskal batzuk ere, edota diru zuriketari loturiko delitu posibleak. Horrez gain, estatuburu ohiaren ondoriozko erantzukizun «zibilak, etikoak, eta politikoak» zehaztea nahi dute.

Espero bezala, auziak banatu egin ditu gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdiak. Adriana Lastra PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak argi adierazi zuen zein zen haien jarrera: «Konstituzioa irakurri besterik ez dago jakiteko erregea ezin bortxatua dela». Podemosek, aldiz, nabarmendu du ebazpenaren aurka jotzeko «bide juridiko posible guztiak» erabiliko dituela. Horien artean dago «auzitara jotzea».

Bestalde, Pisarellok salatu zuen behe ganberako mahaiaren erabakia ez dagoela juridikoki «justifikatuta», eta «oso larria» dela ikuspuntu politiko batetik: «Errege emerituak jada ez du konstituzioak ematen dion eskumenik». Berdintsu aritu zen Iñigo Errejon Mas Paiseko burua: «Eztabaida ez da monarkia bai ala ez: instituzioen eta pribilegioen inguruko eztabaida bat da». Biek jakinarazi zuten konstituzioari ikerketa batzordea osatzeko eskatzen jarraituko dutela.

Kexu agertu zen, halaber, Mertxe Aizpurua, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea, eta salatu zuen Europako beste monarkia batzuetan egoera hori «sinesgaitza» izango litzatekeela.

«Oparia»

2012an eginiko donazio baten ondorioz piztu da zalaparta. Panamako fundazio batekin lotura zuen Suitzako kontu batetik jaso zuen dirua Larsenek, eta haren abokatuak ziurtatu du Espainiako monarkaren «opari bat» izan zela.

Haatik, mugimendu susmagarriak daude. Suitzako Fiskaltzak jasotako dokumentazioan azaltzen denez, dirua bidali zen fundazioaren ondarea beste donazio batetik dator: 2007an Arabia Saudiko Finantza Ministerioak egindakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.