Koronabirusa

Alemania, derrigorrezko txertora bidean

Merkelek jakinarazi du nahitaezko txertaketaz bozkatuko dutela diputatuek. Jatetxeetan eta dendetan ezingo dira sartu dosirik ez dutenak

Merkelek laster utziko du kantziler kargua; agur ekitaldia egin zioten atzo. EFE.
ander perez zala
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gobernu eta agintari aldaketarako astebete baino gutxiago falta den honetan, Alemanian koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak hartu dituzte berriz ere. Angela Merkel jarduneko kantzilerrak atzo jakinarazi zuenez, Bundestageko diputatuek derrigorrezko txertaketa ezartzeaz bozkatuko dute, eta, hori onartuz gero —badirudi hala egingo dutela—, neurria datorren otsailean sartuko litzateke indarrean.

Merkelen arabera, egungo egoera «oso larria» da, eta beharrezkoa da herritarrek «elkartasun nazionaleko ekintza bat» egitea. Kantzilerra nahitaezko txertaketaren aurka agertu izan da, baina intzidentzia tasaren eboluzioak iritzia aldarazi dio; zenbait iturriren arabera, Olaf Scholz karguan haren ondorengoa izango dena neurri horren alde agertu da, eta baliteke iritzi hori erabakigarria bilakatu izana gobernuaren jarrera aldatzeko. «Ez daukagu nahikoa jende txertatuta», adierazi zuen atzo Scholzek, Merkelekin batera egindako agerraldian.

Jarduneko kantzilerrak azaldu zuen zenbait neurri murriztaile hartu dituztela, batez ere txertorik gabekoei begirakoak. Hala, horiek soilik supermerkatuetan, okindegietan eta farmazietan sartu ahalko dira osasun ziurtagiria erakutsi gabe. Alemaniako hedabideen arabera, de facto konfinamendu bat izango da dosia hartu ez duten herritarrentzat —%30 inguru dira—.

Scholz, asteazkenean

Pandemiari buruzko neurri murriztaile horiek jakinarazi aurretik, Bundestageko iturriek azaldu zuten datorren asteazkenean egingo dutela Scholz herrialdeko kantziler izendatzeko bozketa.

Hautagai sozialdemokratak hiruko koalizioa osatuko du ekologistekin eta liberalekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.