David Zurutuza. Realeko jokalaria

«Ohitu gabeko une batean nago, baina ikasten ari naiz»

Levanteren aurkako partidaz, Realaren jokoaz eta bere egoeraz hitz egin du David Zurutuzak. Taldea «pixkanaka hobetzen» ari dela uste du. Garrantzi handia eman dio eguneroko lanari.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2018ko azaroak 9
Partidaz partida joan, eta kalkuluak sasoi amaieran ateratzearen aldekoa da David Zurutuza. Hargatik, gaur iluntzekoari heldu dio lehen-lehenik, eta ohartarazi du «talde gogorra» dela Levante. Aulkian eseri da azken neurketetan, eta bere burua «ezagutzen» ari dela dio; halere, egoera irauli eta gehiago jokatzeko lanean ari da, «alai eta gogotsu».

Levanteren etxean jokatuko duzue gaur. Ondo hasi dute sasoia.

Bai, indartsu dabiltza. Beti izan da talde gogorra, zaila, eta han beti kostatu egin zaigu, baina gu Reala gara, eta horrek ez gaitu beldurtu behar.

Zein helburu duzue?

Betikoa, irabaztera aterako gara. Jakinda zein garen, eta zein behar ditugun, beti irabaztera joaten gara. Horrez gain, ulertzen dut Levante gu baino apalagoa dela, eta ahal den bezala, baina partida aurrera atera behar dugu.

Zeintzuk izan daitezke partidako gakoak?

Gehienbat, haiek aurretik ez jartzea. Egiten badute, zaildu egiten da beti, beren jokoan hasiko baitira: denbora galdu, eta abar. Han jokatzen dugun bakoitzean zailtasun hori jartzen digute; gainera, oso fisikoak izaten dira partidak, eta hori izan liteke neurketako gakoetako bat.

Beste sasoi batzuekin alderatuta, erasoan ondo dabil Levante, eta Rogerrek sei gol sartu ditu jada. Hura zaindu beharko duzue?

Tira, nik inoiz ez dut arreta jokalari bakarrean jartzen. Izan ere, Rogerrek ez badu sartzen, beste batek egingo du, eta horrek ez du axola. Guk gure lana egin behar dugu, eta, gure jokoa ondo egiten badugu, partida aurrera ateratzea litzateke normalena.

Sevillaren aurka berdindu egin zenuten azken jardunaldian. Nola dago taldea?

Azken partidei begiratuta, uste dut sentipenak gero eta hobeak direla. Aukera gehiago sortzen ditugu, eta taldea ausartago ikusten ari naiz. Egia da oraindik ez garela ari Asierrek [Garitano] nahi duen guztia lortzen, baina denbora kontua da. Futbolean azkar lortu nahi ditugu emaitzak, eta denbora gutxi dago.

Bide onetik zoazte, beraz?

Uste dut pausoak ematen ari garela. Lehenengo partidatik azkenengora begiratzen badugu, uste dut gauzak egiten ari garela.

Ligako azken jardunaldietan Realak ez du golik sartu. Bolada hori aldatzea presazkoa dela iruditzen zaizu?

Garrantzitsua da, eta, jakinda aurten golak sartzea kostatzen ari zaigula, egia da behar hori daukagula. Hori landu egin behar da; zerbait ez dugu ondo egingo, eta egon behar du kritika batek. Kostatzen ari zaigu zerbait egitea, bai jokoaren aldetik, bai aukeren aldetik. Ez gara fin ari erasoan, ez gara ari azkenengo talentu hori ondo gauzatzen. Hori hobetu egin behar da, noski.

Aztertu duzue zerk eragin duen lehorte hori?

Alde batetik, jokoak. Azken finean, golak sartzeko, baloia ondo iritsi behar zaie erasoko jokalariei, baldintza onetan, eta alde horretatik ez gaude batere fin. Gero, egia da azken unean, arean, aukerak ondo egin behar direla; azkenengo pasea, edo azken driblina.

Baloia baldintza onetan iristea aipatu duzu. Joko aldetik oreka falta dela esango zenuke?

Bai, izan daiteke oreka falta, mugimendu falta... Gauza asko faltako dira, noski. Gero, beste taldeek ere jokatu egiten dute, eta zailtasunak jartzen dizkigute. Egia da aurten kostatzen ari zaigula, baina horretan ari gara lanean.

Aurreko sasoiaren aldean gutxi erabiltzen duzue baloia, eta badirudi eraginkortasunaren bila ari zaretela. Eroso zaudete estilo horrekin?

Azken urteetan, partidak menpean eduki izan ditu taldeak, baloia eduki, eta azkenean ez zara horren eraginkorra. Denbora gehiagoan duzu baloia, eta okerrak ere maizago gertatzen dira. Orain kontrakoa egiten ari gara, eta kosta egiten zaigu.

Aldaketa handia izan da?

Bai. Handia izan da, eta horregatik kostatzen zaigu.

Zer kostatzen zaizue gehien, zein arlotan nabaritu duzue gehien aldaketa hori?

Adibidez, atzean zain egotea. Gu beti joan izan gara presioa goian egitera, eta beste taldeak itotzera. Aurten, berriz, kontraerasora jotzea egokitzen zaigu. Atzean zain egoten gara, eta kontraerasoan atera nahi hori desberdina da lehengoaren aldean.

Denbora behar dela esan duzu lehen. Hori transmititzen al dizue entrenatzaileak?

Bai, noski. Denboraldi-aurretik ari da horretan. Egia da emaitzak ez direla oso onak izan, eta hobekuntza egon behar duela. Barrura begirako kritika bat egingo banu, horixe izango litzateke.

Emaitzak iristeko beharraren inguruko presarik nabaritzen duzu inguruan?

Kanpoan beti dago presa edo presioa. Beti egongo da zerbait kritikatzeko, baita ondo zoazenean ere. Beti izan da horrela. Orain ez gaude gure garairik onenean, baina, behintzat, hor gaude. Berdintasun handia dago ligan; partidak etorriko dira, eta hemendik hamar partidatara dena ezberdin ikusiko dugu. Ez dakit onerako edo txarrerako izango den, baina ezberdin.

Hamahirugarren zarete. Hasierako helburuak aldatu dira?

Ez dakit jendeak zer helburu zituen. Nik, printzipioz, ez dut posturik jartzen helburu gisa. Taldeak bere barruko guztia ematea nahi dut, eta horrek eramango gaitu gure tokira. Egindakotik etorriko dira emaitzak; horretan sinesten dut, eta ez dut zenbakirik jartzen helburu gisa. Lana ondo egin, hiru puntuak lortu, eta sasoi amaieran egingo ditugu kontuak.

Azken urteetan baino gutxiago jokatzen ari zara. Nola zaude arlo pertsonalean?

Ondo. Ohituta ez nagoen une batean nago, baina ikasten ari naiz, neure burua arlo horretan ezagutzen. Bestelakoan ondo nago, lasai; nik nire lana egiten dut. Ondo, alai, gogotsu saiatzen naiz taldeari laguntzen, eta bakean nago neure buruarekin.

Egoerari buelta emateko indarra duzu?

Bai. Gainera, hau maratoi bat da, oraindik partida asko gelditzen dira. Egia da aurki egin beharrekoei begiratu behar zaiela, baina batzuetan pazientzia ere eduki behar da, eta lasai nago.

Orain hainbeste ez jokatzeak esan nahi du Realaren zelai erdian lehiakortasun handia dagoela?

Bai. Azken urteetan, gero eta talde hobea sortzen ari da Reala. Lehiakortasun handia dago, noski; horrek hobetzea ekartzen du. Hobeto entrenatzea dakar. Gainera, guk sen lehiakor hori daukagu, honaino ekarri gaituena, eta hori egunerokoan ere behar da, eta ondo etortzen da parean zure mailako bat egotea postua jokoan egoteko.

Ekainean amaituko zaizu kontratua. Hasi al zara klubarekin hizketan hura berritzeko?

Ez, ez naiz hasi. Haiek ez didate ezer esan, eta lasai nago. Ez daukat ezer buruan; egunerokoan zentratzen naiz, eta ez diot buelta askorik eman beste guztiari.

Berritzea al da zure helburua?

Ez dakit, momentua ikusi behar da. Egia da asko gozatzen dudala, hemen oso gustura nagoela. Baina ez dakit ez zer eskainiko didaten, ez zer gertatuko den. Horregatik, ez diot buelta askorik ematen horri.

Belaunaldi aldaketa bat gertatu da taldean, eta beteranoa zara. Zama du horrek?

Zama da, baina ez zamak duen konnotazioarekin. Gehienbat, denborarekin hartzen duzun ardura da; ez nioke zama deituko, naturaltasunez jokatu behar da. Adinak ematen du, denborak, eta ondo daramadan zerbait da hori.

Nola ikusten dituzu gazteak?

Ondo. Egia da gaztetasunak ematen dizun energia garrantzitsua dela, eta esperientziarik eza da kontrakoa. Hori nabari dut zelaian, baina normala da, denborak ematen baitu. Belaunaldi polita dago, eta, noizbait ontzi hau uztea egokitzen bazait, lasai joango naiz. Harrobian lan handia egiten da, eta talde ona dago.

Zuen esperientzia eta gazteen energia uztartzea komeni da?

Bai. Saiatzen naiz gazteei erakusten; batez ere, momentu txarrean daudenean gauzak erlatibizatzen. Jokoan gutxi sartzen naiz, animikoki laguntzen diet gehienbat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Ander De la Hoz

Informazio osagarria