«Kartzelan sentitzen den desolazioa azaltzeko trebezia handia behar da»

«Heriotza, kartzela eta gerra» ditu gai Mikel Antzaren 'Ametsak ere zain' lehen poema liburuak.

«Maitasunezko poemak» direla uste du hala ere
Mikel Antza, duela gutxi egindako argazki batean.
Mikel Antza, duela gutxi egindako argazki batean. PERU IPARRAGIRRE

Juan Luis Zabala -

2015eko maiatzak 1
Reauko espetxeko (Frantzia) zaindaritza zorrotzeko moduluan preso dagoenez, Mikel Antzak (Donostia, 1961) ez zuen atzo Ametsak ere zain (Susa) bere lehen poema liburuaren aurkezpenean zuzenean parte hartzerik izan, baina testu bat igorri zuen, Eneko Olasagasti aktore eta zinemagileak ekitaldian irakur zezan. Ametsak ere zain liburuko poemak «gordinak» eta «gogorrak» direla esan zuen Antzak, espetxetik, Olasagastik irakurritako gutunaren bidez, eta «heriotza eta kartzela eta gerra» dituztela gai. «Mina eta samina. Garratzak ere badira pasarte batzuk, ez oso poetikoak beharbada».

Liburuan jasotakoak «maitasunezko poemak» dira hala ere, «norbanakoa baitute gai eta helburu», Antzak azaldu duenez. «Eta aurrenik neroni; liburu honen idazketa bitartean nigan eragindako aldaketa sentitu baitut». Maitasunezko poematzat ditu beste motibo batengatik ere: «askatasuna dutelako amets, askatasunez idatziak direlako».

Kartzelak —egilearen azken hamar urteotako bizilekuak—, presentzia handia du poemetan, Antzaren aurreko liburuetan bezala. «Generoz aldatuta ere ez dut lortzen kartzelatik irtetea», idatzi du igorritako gutunean. «Iheserako nahi nukeen literaturak bertara nakar behin eta berriro».

Sei poema luze edo poema errekak osatzen dute liburua: Intro, Bellum, Carcer, Mors, Invictus eta De Profundis. Antzak «ulertzen den poesia» idatzi nahi izan du. «Ez dut dena murtxikatuta eman ordea», ñabartu du. «Eta, seguruenera, hainbat pasarte ilun eta ulertezin gertatuko zaizkio irakurleari. Hemen barruan [kartzelan] sentitzen den desolazioa bere sakontasunean behar bezala azaltzeko trebezia handia behar da».

Kartzelako oztopoak

«Liburuaren osaketa ez da erraza izan», egileak azaldu duenez. «Hemengo lubakietan ez dago tiro hotsik, ez granada eztandarik, ezta lokatzik ere. Isilagoa da bizi dugun suntsipena. Liburua bukatzear nuela, martxo hasieran, miaketa orokorra deritzoten bat egin ziguten. Goizeko zazpietan sartu zitzaizkigun kaskodun mozorrotuak, ezkutuak aurretik zituztela. Eskuburdinak atzean lotu, eta atxilo hartu gintuzten, ziega huts batera eraman eta bi mozorrotuk gure burua biluztera behartu gintuzten, esku-argi batekin uzkia arakatzeko, hirugarren batek dena filmatzen zuen artean». Liburua «zigor-ziegako bi egonaldiren artean» amaitu behar izan du. «Beste haren duela hogeita hamar urte baino gehiagoko koplak bezala atera dira liburuko azken poemak ere praketan gordeta».

Gutunean azaldu duenez, Durangoko Azokaren iazko ekitaldirako nahi zuen liburua argitaratu, «Iosu Uribetxeberria zenarentzat, hil hurren baitzegoen, eta ondorenean baino, beraganako sentimenduak aurrez helaraztea egokiagoa neritzon». Ezin izan zuen garaiz burutu lana, baina Invictus poema igorri ahal izan zion bederen, Ataramiñe aldizkariaren iazko zenbakian.

Hainbat poetaren lanen irakurketak lagungarri izan ditu Antzak idazketa prozesuan. Bereziki, Aime Cesaireren Cahier d'un retour au pays natal aipatu du gutunean, baina ez ditu ahaztuak George Trakl, Emily Dickinson, Oscar Wilde eta Walt Whitman ere, beste askoren artean.

Liburu bat ahapaldi batera ezin murriztu daitekeela onarturik ere, Jon Benito idazleak Antzaren liburuko lerro bat hautatu zuen atzo, liburuaren aurkezpenean, Ametsak ere zain poema liburuaren berri emateko: «ez genuen geure buruaz Houdini egin». Antzak ez du «eskapismorik» egiten bere poemetan, Benitoren ustez. «Gai garrantzitsuetan barneratzen da: kartzela, kartzelako egitekoak, borroka armatua, mina, autokritika eta kritika, desira eta drama, nortasuna, gosea eta egarria, heriotza eta izua, batez ere itxaropena...». Antzaren poemetan «lore joko gutxi» dago, Benitoren ustez. «Autokritika, zornea eta ausardia dago, harrotasunean aitorpena eta maitasuna dago, begiradan zorroztasuna eta sakontasuna dago. Liburu honetan Mikel Albisuk [hori da Mikel Antzaren jaiotzetiko izen ofiziala] ez du Mikel Antzarengan ezkutatuta Houdinirena egin».

«Idazlearen egitekoari» ere ez dio uko egiten Antzak, Benitoren ustez. «Testuaren gordin eta zuzenean, erabaki estetiko oso kontziente bat ere badago. Idazlea dago, poeta dago. Azaletik bertatik, baina lerroz lerro. Literaturaren tresnak, gailuak, indarrak eta ziriak erabiltzen ditu kontatu nahi duen horretarako. Antzak ez du Albisurengan Houdinirena egiten. Idazlea ez da militante politikoarengan ezkutatzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna