Izagirre: «Kultura Ministerioa Donostia 2016ri erasotzen ari zaio»

Auzitara eraman du datorren urtean hizkuntza gutxituen goi biltzarra antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena

Pablo Berastegi eta Juan Karlos Izagirre, artxiboko irudi batean. A. CANELLADA / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Donostia 2016 Fundazioaren patronatuko kide izanda ere, Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman du patronatu horrek berak kultur hiriburutzaren urtean hizkuntza gutxituen inguruko goi bilera bat antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta patronatuko presidenteak herenegun izan zuen ministerioaren ekinbidearen berri, eta atzo komunikabideen aurrera atera zen «desleialtasun larri» hori salatzeko eta Madrilen jarrerak eragindako «sorpresa» erakusteko. «Batez ere, kontuan izanda inoiz ez duela horren berri eman patronatuan». Datorren astelehenean premiazko bilera egingo du patronatuak gaia aztertzeko.

Donostia 2016 Fundazioko patronatuak iazko apirilaren 1ean onartu zuen Kontseiluarekin hitzarmena sinatzea datorren urtean hizkuntza aniztasunaren gaineko goi bilera egiteko. Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarien aldeko botoekin, Eusko Jaurlaritzakoen eta Kultura Ministeriokoen kontrakoekin, eta alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zuen hitzarmena patronatuak. Abenduan, berriz, goi bilkura aurrera eramateko hitzarmena sinatu zuten Kontseiluak eta Donostia 2016k. Akordioaren arabera 400.000 euro pasa izango ditu Kontseiluak biltzarra antolatzeko.

Kultura Ministerioaren arabera, bere ordezkariak behin baino gehiagotan eskatu dio Izagirreri atzera bota dezala erabakia, eta, hori gertatu ez denez, hitzarmenaren kontrako helegitea jarri du Donostiako lehen auzialdiko epaitegian. Ministerioaren arabera, kultur hiriburutzaren fundazioaren kontratazioek Arlo Publikoko Kontratuen Legearen barruan egon behar dute, eta horren arabera, Kontseiluarekin egindako hitzarmena lehiaketa publiko bidez gauzatu beharko zatekeen. Izagirrek, ordea, ukatu egin du ituna legez kanpo egin dela: «Hitzarmen, kolaborazio, koprodukzio, kontratazio eta lehiaketa guztiak berme juridiko osoarekin egiten dira Donostia 2016n. Alderdi juridikotik zuzen egiten direla bermatuta dago». Horri lotuta, 2016a patronatukideei «gehiago edo gutxiago» gustatzen zaizkien «proiektuen batuketa» da, Izagirreren iritziz.

Alabaina, hitzarmenari helegitea jartzea Espainiako Gobernua kultur hiriburutzaren aurrean erakusten ari den jarrerarekin lotu du Izagirrek. «Ministerioa 2016ri erasotzen ari zaio, 2016ren aurka dago». Gaineratu du alkateak Kultura Ministerioak ez duela oraindik erabaki zein izango den bere ekarpena kultur hiruburutzaren proiektuan, ezta epeak ere. Horiek horrela, ministerioak ohar bat plazaratu zuen atzo Donostia 2016k bere «babes osoa» duela adierazteko: «Eta hori 2013, 2014 eta 2015eko aurrekontu ekarpenek erakusten dute, 2,7 milioi euro baino gehiago guztira».

Joan den ostiralean Donostia 2016ko lantaldeak programazioaren aurrerapen bat aurkeztu zien herritarrei Lugaritz kultur etxean egindako agerraldian, eta bertan Pablo Berastegi zuzendari nagusiak jakinarazi zuen aurrekontua 63,6tik 47,8 milioi eurora jaitsi behar izan dutela, % 25 inguru. Hiru egun geroago, Izagirrek zehaztu zuen Kultura Ministerioak orain arte ez duela eman proiektuaren aurrekontuan aurreikusten diren 11 milioi euroak. Espainiako Gobernuak bakarrik proiektu zehatzak finantzatzen ditu, eta horientzako litzateke diru hori. Kultura Ministerioaren arabera, inoiz ez du 11 milioiko ekarpena egiteko konpromisoa hartu.

Bilera Kontseiluarekin

Ministerioaren helegitearen berri ez dute eman nolanahiko data batean. Izan ere, datorren asteazkenean Kontseiluak eta Donostia 2016ko zuzendaritzak bilera egin behar dute euskararen erakundeen bilguneak azal dezan zertan den biltzarraren antolaketa. Hilaren amaierarako dago aurreikusia jendaurrean aurkeztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.