Ostadarrik gabeko Mosku

Errusiako hiriburuko udalak hamargarren aldiz debekatu du LGTB kolektiboaren aldeko martxa. Elena Kostutxenko ekintzaileak bezperatik zekien atzo atxilotu egingo zutela.

Ana Annenkova eta Elena Kostutxenko -polizien artean makurtuta-, atzo, atxilotu zituzten unean, Moskun. OLATZ URKIA.
Olatz Urkia
Mosku
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Elena Kostutxenko aktibistak bazekien maiatzaren 31n atxilotu egingo zutela. «Elkarrizketa egin nahi badidazu, gera gaitezen afaltzeko ostiral gauean, larunbatean atxilotu egingo naute eta». Ile motz iluna, begi urdin argiak, berdez pintatutako azkazal motzak, gona eta kamiseta bat. Oso gogor begiratzen du aurrera, eta lasai-lasai kontatzen ditu bere esperientzia txarrenak. Afaltzeko: gazpatxoa, koktel bat eta kaputxino bat. Kostutxenko Jaroslaven jaio zen, 1987. urtean, eta Novaya Gazeta-n egiten du lan, gobernuarekin oso kritikoa den egunkarian. Azken lau urteetan LGTB mugimenduko aktibista garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Ohitu da atxilotua izatera, baita herritar homofoboek jaurtitako arrautzak aurpegian sentitu eta iraindua izatera ere. «Noski, nekatzen naiz; noski, beldurra daukat. Baina kalera atera behar dugu, gure eskubideak defendatzeko borrokatu behar dugu. Homosexual pila bat ezagutzen ditut Moskun, baina bihar denak etxean geratuko dira, beldurra daukate eta. Errusian gaude, eta hemen ez da Konstituzioko 31. artikulua errespetatzen. Ulertzen dut beldurra edukitzea, eta ez diet presio egiten parte har dezaten. Baina nik nire erabakia hartu dut».

Urteek aurrera egin, eta Errusian tolerantziak atzera egiten du egunero. Izan ere, «homosexualitatearen propagandaren aurkako legea» delakoa gazte-gaztea da: 2013. urtean onartu zuten. «Lege faxista honek kalean ostadar bandera ireki edo pankarta batean Lesbiana naiz eta pertsona normal bat naiz idaztea legez kanpo uzten du. Kalean, parlamentuaren atean, neska-laguna eta biok sarri atxilotu gaituzte pankarta bati helduta elkar musukatzeagatik. 20 000 errubloko [420 euroko] isunak ere ezarri dizkidate ekintza bakezaleetan parte hartzeagatik. Baina, bueno, nik horrelako isunak ez ditut ordaintzen, eta ez ditut ordainduko».

Polizia, banderen ehizan

Larunbatean, 12:30ean, Polizia Tverskaia kalean dago, Moskuko udaletxearen parean, alde batera eta bestera begira, ostadar banderaren bat noiz ikusiko berehala korrika hasteko. Udalak hamargarren aldiz debekatu du LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko martxa. Teorian, ordea, 1993tik homosexualitatea ez da delitu Errusian.

Bat-batean emakume bat iritsi da; ostadar banderadun lazotxo ñimiño bat darama bularrean. Ez du nahi atxilotzea, baina bere iritzia esan nahi du kameren eta arrautzak jaurtitzeko prest dauden homofoboen aurrean. «Nire izena Olga da, eta medikua naiz. Homosexualitatea normala da, eta guk beste guztiek bezalaxe eskubide berberak eduki beharko genituzke». Beste mutil gazte bat ere gerturatu zaio: «Ni Aleksei naiz, heterosexuala naiz, baina LGTB mugimenduaren alde nago; gorroto eta homofobia hau guztia da gaixotasuna, ez emakume batek beste emakume bat maitatzea edo gizon batek beste gizon bat maitatzea». Burua kaskamotz daraman gizon gihartsu batek erantzun dio: «Ez homosexualitatearen propagandari!». Norbaitek gehiegi gerturatzea eragotzi dio. «Horrelakoak bazarete, ados, guk ez dizuegu ezer egingo, baina gera zaitezte zuen etxeetan, ez zaitezte atera guri zuen mundu iluna erakustera!».

Hogei segundo

Orduan, Elena Kostutxenko eta Ana Annenkova bikotea plaza erdira iritsi dira. Ostadar bandera handia zabaldu, eta oihuka hasi dira: «Maitasuna indartsuagoa da!». Poliziak ez die ezta hogei segundo ere eman: korrika besoetatik heldu, bandera kendu eta istiluen aurkako taldeen furgoira arrastaka eraman dituzte.

Tverskaian jendea zain geratu da: poliziak, kazetariak, LGTB mugimenduaren alde eta aurka dauden herritarrak. Baina ez da pankartaz beteriko talde handirik iritsi. Nikolai Alekseev, martxaren antolatzailea, eta beste aktibista batzuk bandera koloredunez betetako auto zuri txiki batean pasatu dira Conchita Wursten abesti bat ozen-ozen jarrita. Gero, desagertu egin dira. Agian, aurten ez daukate berriz atxilotuak izateko gogorik. Beste aktibistak ere beldurtu egin dira beharbada. Kostutxenkok arrazoi zeukan. Aurten LGTB manifestazioa eragotzi dute, eta segur aski egoera zaila izango da Errusian lesbiana, gay, transexual eta bisexualentzat urte askotan. «Zaila izango da, baina noizbait lortuko dugu», esan zuen Kostutxenkok ostiralean koktela amaitzean, eta segurtasunez, tabernako aterantz abiatu zen, berriz kalera ateratzeko, Errusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.