«Asebeteta eta lanak eginda» esan du agur

Porfi Fisacek ez du segituko Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile izaten. Adierazi du klubak bere bidea egiten jarraitu behar duela

ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Badoa. Porfi Fisacek ez du segituko Delteco Gipuzkoa Basketeko aulkian. Duela aste batzuk nekatua zegoela esan zuen, eta hartua zuela bere etorkizunaren inguruko deliberoa, baina ez zuela sasoia amaitu arte jakinaraziko. Atzo argitu zuen erabakia, eta horren inguruko arrazoiak eman zituen: «Duela hiru denboraldi, hona itzuli nintzenean, askotan neure buruari galdetzen nion: 'Zertarako etorri naiz?», azaldu zuen. Zuzendaritzak norabide aldaketa bat eskatu zion: «Aurrerapauso bat eman nahi zuten kirol eta ekonomia alorrean. Klubaren etorkizuna zegoen jokoan. Une oso zaila zen».

Eskatu ziotena egiteko bospasei urte beharko zituztela pentsatu zuen. «Hori zen logikoena. Baina bitan lortu dugu, eta, orain, albo batera egin behar dut. Koskortu diren seme-alabei bezala, klubari bere bidea egiten utzi behar diot. Hori egiten ere jakin behar da».

Retabet Bilbon Basketi Miribillan irabazi ostean erabaki zuen Fisacek uzteko garaia zela. «Nekane [Arzalus presidentea] negarrez ikusi nuen, eta konturatu nintzen klubak etorkizuna izateko ametsa bete zuela. Hortik aurrera, ni ez nintzen garrantzitsuena. Asko erakartzen ninduen hemen jarraitzeak. Kostatu egiten zait hiria eta kluba uztea. Erabaki hau hartzea uste baino zailagoa egin zait. Baina profesional bat naiz, eta buruarekin pentsatu behar dut, eta ez bihotzarekin. Erabaki honekin mesede egin diot klubari, eta horregatik hartu dut».

Fisacek ez zuen uste gauzak hain azkar joango zirenik: «Niretzat ere ezustea izan zen. Ez nuen espero LEB ligatik hain azkar igotzea, ezta denboraldi hau hain ona izango zenik ere. Jokalariek egin dutena handia izan da. Guretzat mailari eusteko lorpen handia da, Real Madrilentzat Euroligako Lauko Finalera iristearen parekoa. Hala sentitu dugu».

Zuzendaritzarekin harremana «egunerokoa» izan dela azaldu zuen, eta atzera egin zezan ahalegindu direla. «Asko hitz egin dut haiekin. Haien iritzia entzun eta errespetatu dut. Baina burugogor samarra naiz, eta ez diet kasurik egin». Gogorarazi du aurreko aldian ez zuela irabazi aulkian segitzea, taldeak maila galdu zuelako. «Orain, berriz, lasai esan dezaket eskatu zidatena bete dudala. Albo batera egiteko eskubidea dut. Asebeteta noa».

Ez du uste taldeak goia jo duenik, eta argi du etorkizuna duela: «Urte hauek gogorrak izan dira, batez ere lehen bi urteetan gaizki pasatu genuen. Baina kluba aurrera doa. Gutxienez hamar urteko etorkizuna ikusiko ez banio, ez nintzateke joango. Nahiz eta argi dagoen oraindik ekonomikoki ezin garela hainbat klubekin lehiatu. Baina gai izan gara mailari eusteko».

Entrenatzen segitu nahi du

Entrenatzaile berriak izan behar dituen ezaugarrien inguruan ez zuen iritzirik eman nahi izan: «Ez dagokit niri. Baina argi dago hiru urte hauetan lan egiteko modu bat, filosofia bat, landu dugula zuzendaritzarekin eta jokalariekin elkarlanean: Gipuzkoako saskibaloiaren talentua landuz, gure lanarekin exijenteak izanez... Zale, jokalari, zuzendaritza eta entrenatzaileon artean batasun izugarria sortu da. Familia bat izan gara». Hala, zaleei mezu argia eman zien: «Aurrerantzean ere zintzoak, umilak eta handizaleak izateko eskatuko nieke. Garrantzitsuena ez da zenbat garen, baizik eta garen horiek zer egiten ari garen sentitzea».

Entrenatzaile lanetan jarraitzeko gogoa eta ilusioa duela nabarmendu zuen: «Argi dut entrenatzen jarraituko dudala. Ez dakit non, eta zein mailatan, baina jarraitu egingo dut. Oraingoz, hala ere, ez dut eskaintzarik, ez dut inorekin hitz egin».

Fisack da GBCn partida gehien zuzendu duen entrenatzailea:201, hain zuen. Etorkizunean ez daki berriz itzuliko den. «Baina hau beti izango da nire kluba. Berriz itzultzen banaiz, espero dut duela bi sasoi baino egoera hobean izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.