Festak Amurrion

Kontzientzia hartuta, jaiez gozatzera

Etzi hasiko dira Amurrioko jaiak. Musika emanaldi, haurrentzako tailer eta kirol ekitaldi ugari izango dira. Adingabeei alkohola saltzea saihesteko kanpaina bat egin dute.

ane insausti barandiaran
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Etzi, abuztuaren 12an,hasiko dira Amurrioko (Araba) San Roke jaiak, eta abuztuaren 17an amaituko. Herriko Battuere Batukada Taldeak emango die hasiera eta amaiera festei.

Berrikuntza ugari prestatu dituzte udalak eta eragileek jaietarako. Haurrentzat, esaterako, egitarau zabalagoa prestatu dute. Urteroko puzgarri eta ekitaldiez gain, hip-hop eta popping tailerrak antolatu dituzte. Playbacka eta Prozak kale antzerkia ere lehen aldiz egingo dituzte, San Roke egunean, hilaren 17an.

Helduentzat, Elexazar erromatarren aztarnategira bisita gidatua egingo dute lehen aldiz, jaietako azken egunean. Mendiko Lagunak elkarteak antolatu du, eta Juanjo Hidalgo ikerlaria izango dute gidari.

Kontzesi Elejabre Amurrioko Udaleko ordezkariak kontzertu eta musika ekitaldiak nabarmendu ditu: «Estilo ugari biltzen saiatu gara, eskaintza ugaria izan dadin». Talde entzutetsuenen artean, Green Valley izango da—asteazkenean joko du—. Bad Sound System, Trikizio eta Puro Relajo mariatxi taldea ere igoko dira oholtzara, besteak beste.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du Larrinaga kalean, txupinazo eta kuadrilla egunetan.

Elejabreren hitzetan, «bertakoak, kanpokoak, helduak eta gazteak», denak murgilduko dira jai giroan astelehenetik aurrera, Amurrion.

Kontzientziak pizten

Urte hasieratik, Amurrioko jai guztietan Ez bazara heltzen, ez kanpaina dute martxan. Amurrioko Psikologo Zerbitzuak proposatu zuen egitasmoa, adingabeei saltzen zaizkien edari alkoholdunak kontrolatzeko xedez. «Badakigu hainbat lekutan adingabeei edari alkoholdunak saltzen zaizkiela. Gazteak alkoholera gerturatzea ez erraztea eskatu diegu saltzaileei», adierazi zuen Elejabrek.

Kartelak jartzeaz gain,kontzientziazioa bultzatzen saiatu dira kuadrillak, elkarteak eta txosna batzordeko kideak, Merkatari Ertain eta Txikien Elkartearekin eta Amurrio Bidean-ekin elkarlanean. Adingabeei alkohola saltzea arau hauste larritzat joko dute, eta 10.000 eurora arteko isunekin zigortuko dute, edo lokala aldi baterako itxiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.