SOSLAIA. Nahikari Garcia

Beste bi urtez txuri-urdin

REALA.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Askatu da korapiloa. Nahikari Garciak (Urnieta, Gipuzkoa, 1997) Realean segituko du. Aurrelariak beste bi denboraldirako berritu du kontratua talde txuri-urdinarekin; 2021ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere.

Realak, beraz, taldeko jokalari erabakigarrienari eutsiko dio. Erabakigarriena, makina bat partida jokatu eta makina bat gol sartu baititu duela bost urte eta erdi estreinakoa egin zuenetik, 16 urte besterik ez zuela. 156 partida eta 81 gol: horra hor estatistika bikaina, hots, bi neurketatik behin sartu du gol bat. Denboraldi honetan, adibidez, hemeretzi aldiz zulatu du aurkariaren atea: hamasei bider ligan, eta hirutan Espainiako Kopan. Urrutira joan gabe, berak sartu zuen gol erabakigarria duela bi aste Granadan (Espainia), Atletico Madrilen aurkako finalean.

Kopa irabaztea, hain zuzen, erabakigarria izan da Nahikarik Realean jarraitzeko. Izan ere, duela hilabete eskas, ia ziurtzat jotzen zen joan egingo zela. Sasoi hasieran ere PSGra joateko zorian izan zen, baina azkenean Realean geratu zen. Orain, ordea, inoiz baino seguruagoa zirudien alde egingo zuela. Baina Kopako lorpenak eta klubak eskaini dion proiektuak konbentzitu egin dute. «Realaren garaia da. Sinesten dut kluba egiten ari den lanean, eta lehen eguneko ilusio eta gogo bera dut. Nire inguruko zurrumurru asko entzun ondoren, eta erabakia ondo pentsatu eta gero, gogoz nago hemen segitzeko. Uste osoa dut talde honek gora egin dezakeela», esan zuen atzo, prentsaurrekoan. Harekin izan ziren Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria eta Jokin Aperribai presidentea. Biak «oso pozik» zeuden, eta «balio handia» eman zioten aurrelariak Realaren alde egin izanari. Aperribaik agindu zuen emakumezkoen taldea «bultzatuko» dutela eta «ahalegin handia» egingo dutela.

Nahikarik Realean jarraituko du. Ez, ordea, Paola Soldevilak. Jokalari katalanak utzi egingo du talde txuri-urdina, Donostian lau urtez jokatu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.