Opari handia da

Berria Txapelketako finalerdiak bihar jokatuko dira: batetik, Oberena eta LAPKE ariko dira lehian, eta, bestetik, Tolosa eta Ilunpe

jon eskudero
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Kasik bi hilabeteko jardunaren ondoren, asteburu honetan erabakiko da Euskal Herriko zein bi pilota elkarte lehiatuko diren XV. Berria Txapelketaren finaletan. Hernaniko San Joan jaien egitarauaren barruan izango dira finalak gaur zortzi, eta han aritzeko helburuarekin kantxaratuko dira pilotariak biharko finalerdietan. Goizez, Hernanin bertan arituko dira nor baino nor gehiago Iruñeko Oberena eta Lazkaoko LAPKE (11:00). Arratsaldez, berriz, Tolosak etxean jasoko du Azpeitiko Ilunperen bisita (17:00). Bi kanporaketetan espero da oreka handia, eta ez da ikuskizuna faltako.

Sekula ez da sailkatu izan Lazkaoko elkartea Berria Txapelketako finalak jokatzeko, eta estreinakoz ohore hori lortu nahiko du, Oberena ahaltsuaren aurrean. Historikoki, izen eta izan handiko kluba da Iruñekoa. Baina lanak oso ondo egin beharko ditu finalean egon nahi badu. Kadeteen mailan, hasteko, Oberenako Laso eta Igoa aterako dira faborito Lazkaoko Goikoetxea anaien aurrean. Igoa maila horretako pilotaririk onenetakoa da, eta hark agindu behar luke atzeko koadroetan. Hori bai, Goikoetxea anaiek itxura ona eman zuten final-laurdenetan, eta tanto kopuru handia lortzea izango dute helburu.

Jaialdiko bigarren partidan ere nafarren alde egongo dira pronostikoak. Baina ez hain nabarmen. Mata eta Ganboa izango dira Oberenako ordezkariak, eta Ruiz de Larramendi eta Garmendia Lazkaokoak. Azken horiek Euskal Herriko txapeldunordeak dira, eta lana erruz egin beharra dago haiei irabazteko. Hots, Mata kalitate izugarriko pilotaria da, eta bere jokoa egitea lortzen badu, Iruñerako bidea har dezake puntuak.

Nagusien partidan, azkenik, oso faborito izango dira Zubizarreta eta Garmendia gipuzkoarrak Canabal eta Cordon nafarren aurrean. Enpresa profesionalek afizionatu mailan antolatzen duten txapelketa irabazi berri dute goierritarrek, eta konfiantzaz gainezka izango dira. Baliteke tanto aldeak erabakitzea kanporaketa, eta oso garrantzitsua izango da bi bikoteen lana.

Oreka aurreikusten da

Tolosaren eta Azpeitiko Ilunperen arteko kanporaketa ere orekatua espero da, lehen partidatik hasita. Izan ere, Gipuzkoako txapeldun eta txapeldunordeak ariko dira aurrez aurre kadeteetan: Altuna eta Ugartemendia Tolosakoak eta Alberdi II.a eta Elosegi azpeitiarrak. Lau pilotariak oso onak izaki, goi mailako neurketa espero da, eta ikusi beharko da presioari nola eusten dioten.

Gazte mailan ez da halako orekarik espero, Iriarte eta Egiguren azpeitiarrek huts egitea handia bailitzateke Lasa eta Etxeberriaren aurrean. Bikote polita osatzen dute tolosarrek, baina koska bat gorago daude Ilunpekoak. Ohituta daude presioa eramaten, eta Egiguren patxadak agindu dezake partidan zehar.

Azkenik, nagusien mailan lehiatuko dira Eneko Labaka eta Telletxea Tolosakoak Alberdi I.a eta Murgiondoren aurka. Aurreko partidan faborito Ilunpe bada, azkenekoan Tolosakoen alde izango dira pronostikoak. Bikote sendoa osatzen dute Labakak eta Telletxeak, eta sorpresa litzateke ez irabaztea.

Kontuan izan behar da Alberdi I.a ere goi mailan dabilela dagoeneko, baina baliteke Murgiondo atzelari azpeitiarrak erritmo falta igartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.