Izaro Andres: «Sekula ez dut bizi ez dudan ezer idazten»

Kantariaren lan intimistak 13 abesti biltzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Urriaren 1ean kontzertua joko du Donostian
Izaro, diskoaren aurkezpenean, kanta bat abesten.
Izaro, diskoaren aurkezpenean, kanta bat abesten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Alaitz Armendariz -

2016ko irailak 27
Izaro Andres abeslari mallabitarra duela bi urte hasi zen tabernetan abesten, harik eta kontzertu batean orain bere bateria jotzailea dena ezagutu zuen arte. Hark beste bi lagun aurkeztu zizkion, eta orain Izaroren banda osatzen dute hirurek. Bere lehen diskoan, Izarok berak sortu ditu hitz guztiak eta musika. Abesti gehienak euskaraz dira, baina gaztelaniaz eta ingelesez ere kantatzen du. Dagoeneko hasi ditu bere diskoa aurkezteko kontzertuak. Espainian jotzen ibili ondoren, larunbatean Donostiako Gazteszenan arituko da, Lloyd Cole musikari eskoziarraren aurretik, eta aurrerago beste hainbat kontzertu ere egingo ditu Euskal Herrian.

Bere abestietan «biluzi» egiten dela adierazi du Izarok. Horregatik, disko «intimista» da harena. «Ni ez ezagutu arren, abestiak entzuten dituenak ikusiko du nolakoa naizen, oso disko pertsonala baita». «Sentitzen» duena kantatzen du Izarok bere abestietan: «Sekula ez dut bizi ez dudan ezer idazten».

Abeslariak azaldu duenez, diskoa grabatzea «ikasketa prozesu txiki bat» izan da beretzat. Gauza asko ikasi ditu: negoziatzen, argazkiak ateratzeko denbora izaten, estudioan lan egiten, bandan jotzen... «Nik ez nekien bandan jotzen, eta entzuten ikasi dut». Bere musikariekin poz-pozik dago: «Ezagutu nituen lehenak izan ziren, eta behin betikoak. Zorte handia izan dut: nire bandak jakin du ni kantautore gisa ikusten, eta kantarentzako onena egiten dute». Izaroren ustez, kide guztiak «kantautore bat» dira. Nabarmendu du taldekideek bere proiektuan sinesten dutela; horregatik, jada, euretako bakoitzaren proiektu bihurtu da.

'Om', mantra gorena

Diskoaren izenak, Om, taldearen funtzionamenduarekin du zerikusia. «Nire izena baino laburragoa den zerbait nahi nuen, eta ez dago halako hitz askorik», aitortu du. Adierazi du normalean intsentsua piztuta eta argia itzalita entseatzen dutela, eta haien artean «energiak bideratzeko ohitura» dutela. «Om mantra gorena da, oinarrizko bibrazioa. Unibertsoan dagoen guztia hor sortu eta horra itzultzen da», azaldu du. Izaroren ustez, bizitzaren «zentzua» hori da, «bueltak ematea».

Kontzertuetarako «zerbait berezia» prestatu dute. «Kantuen artean gidoi zati txikiak sartu ditugu. Istorio bat sortu nahi genuen, nolabait; horrela, publikoa ez da bakarrik abestiak entzutera joango».

Diskoa finantzatzeko, finantzaketa kolektibo bat egin dute. «Ez genuen hasiera-hasieratik gure publikoa ez den inorekin zorrik izan nahi». Diskoa Donostiako Jon Bidaurreren estudioan grabatu dute. «Ahotsaren dimentsioak kontu handiz zaindu ditu, baita instrumentazioa ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna