Mende laurden atzera

Hamar urteko eten diskografiko baten ondoren, eta taldearengandik ezer gutxi espero zenean, aspaldiko diskorik onenarekin itzuli da New Order: 'Music Complete'.
New Order 2015ean: Phil Cunningham, Tom Chapman, Bernard Sumner, Gillian Gilbert eta Stephen Morris.
New Order 2015ean: Phil Cunningham, Tom Chapman, Bernard Sumner, Gillian Gilbert eta Stephen Morris. NICK WILSON

Mikel Lizarralde -

2015eko azaroak 8
Duela hamar urte, Waiting For The Sirens' Call diskoa kaleratu zuenean, New Orderrek ez zuen etorkizun garbirik. Get Ready-rekin (2001) gitarretan oinarritutako rockerako hartutako bideak makilakada kritikoak ekarri zizkion, eta sirenen zain zeudela zioen lan hark ez zuen egoera askorik aldatu. 2007an, Peter Hook fundatzaile eta baxu jotzaile karismadunak taldea besteekin haserre utzi zuenean, asko izan ziren hileta kanpaiak jo zituztenak. Agian baita Bernard Sumnerrek eta Stephen Morrisek ere, New Orderren ibilbide osoa egin duten bi kideek. Sumner abeslari eta gitarristari kasu eginez gero behintzat, New Order amaitua zegoen: «Peterrek [Hook] taldea utzi eta hura gabe ezin ginen New Order berriro izan». Ez Joy Divisionen eta New Orderren baxu pasarte esanguratsuak marraztu zituen musikaria ordezkaezintzat jotzen zuelako, baizik eta ez zielako «taldearen izena erabiltzen utziko».

Baina igaro dira zortzi urte, eta hemen da bueltan New Order, garai bateko zaleen txaloak eta kritikaren onespena jaso dituen disko berri batekin, hamargarrenarekin: Music Complete. Lan berriaren hazia non dagoen aurkitzeko lau urte egin behar da atzera. Hookek taldea utzi zuenean, eta ikusita New Orderrekin segitzeak arazoak ekar liezazkiekeela, Sumnerrek, Morrisek eta Phil Cunninghamek —2001etik ari zen taldean— Bad Lieutenant sortu zuten, baina 2011n, Michael Shamberg zinemagile eta aspaldiko lagunaren aldeko kontzertu pare bat emateko gonbidapena jaso zutenean, baiezkoa eman zuten. Gillian Gilbert kide historikoa berriro taldera bilduta —2001ean utzi zuen— eta Tom Chapman Bad Lieutenanteko baxu jotzaileak Hook ordezkatuta, arrakastatsuak izan ziren kontzertuak, eta batak bestea ekarri zuen. Kontzertu gehiago etorri ziren eta ia konturatu gabe, New Order berriro zen abian. Gero etorriko zen disko berri bat grabatzeko asmoa.

Music Complete izan daiteke New Order bere nortasun zeinu ezagunetatik gertuen kokatzen duen diskoa. Erritmo oinarri irudimentsuak, melodia argitsuak, animoa altxatzeko pasarteak nagusitzen dira 11 kantuen artean, eta badira diskoa Technique-rekin (1988) zuzenean lotzen dutenak; alegia, 1980ko hamarkadaren amaieran Eivissan (Herrialde Katalanak) piztu zen dance eszenaren abaroan ondutako diskoarekin. Nolanahi ere, lotura hori izatekotan, ez dela aurretik pentsatutakoa izan azaldu du Morrisek: «Jende guztiak esaten digu Music Complete-k Technique-ren antza duela. Eta ulertzen dut zergatik esaten duten hori, baina ez da aurrez erabakitako zerbait izan. Ez genuen pentsatu 'goazen Eivissako estiloko zerbait egitera'. Agian, orain, hori esaten ari direla, horixe bera egin beharko genuke: han grabatu hurrengo diskoa!».

Erritmotik abiatuta

Orain arte erabili gabeko sistema batekin osatu dituzte konposizioak, Morrisek azaldu duenez: «Sintetizadoreekin probak egiten hasi nintzen, soinu elektronikoak eta erritmoak sortzen, eta gero etorri zen gainerakoa». Hori nabarmena da, besteak beste, Plastic eta Singularity piezetan. «Lehen gitarraren riffa izaten zen abiapuntua». Morrisek onartu du DFA eta Factory Floorrek nahiz Guru Guru krautrock taldeak eragin handia izan dutela erritmoek hartu duten gizatasun horretan: «Diskoa egiten ari ginela asko entzuten nituen. Baita Young Fathers ere, nahiz eta, agian, haien eragina ez den hain nabarmena».

Taldeak bere garairik onenean grabatu zituen maisulanen mailara iritsi gabe —Power, Corruption & Lies (1983), Low-Life (1985)—, Music Complete-k iragan maiestatiko haren aztarna batzuk ditu (Nothing but a Fool, Restless), baina batez ere New Order oraindik bizirik dagoela erakusten du. Eta ez da gutxi taldea orain dela zortzi urte nola zegoen ikusita. Gainera, sorpresaren bat edo beste ere eskaintzen du; hala nola Iggy Pop poema bat errezitatzen entzutea Stray Dog ilunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna