Musika

Itzalpeko latitude berriak

Dominique A-k 'Toute latitude' lana plazaratu du, bere ibilbideko hamabigarrena; disko elektrikoa da, fereka elektronikoz ondua.
Dominique A musikari frantziarra, kantua «bihotzerara iristeko» darabilena.
Dominique A musikari frantziarra, kantua «bihotzerara iristeko» darabilena. BERRIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko martxoak 25
Urte berezia da 2018a Dominique A-rentzat (Provins, Frantzia, 1968 - Dominique Ane berezko izenez). 50 urte beteko ditu urriaren 6an. Eta ez du nolanahi ospatu nahi izan. Lan erritmo pausatua izan ohi du, etenik gabea, baina barea. 1991n Le Disque sourd plazaratu zuenetik 25 urtetik gorako ibilbidea osatu du chanson-aren berritzaile nagusitzat jo izan denak, eta 11 disko zituen plazaratuak oraintsu arte. Aurten lau disko kaleratzeko asmoa zuela iragarri zuen iazko urte hondarrean, eta laurak ildo desberdinekoak: «Sorkuntzaren harrak harrapatzen zaituenean, hobe izaten da hari gogo biziz eustea, ez baita egunero gertatzen». Azkenean, ordea, bi disko kaleratuko dituela baieztatu zuen. «Ohartu nintzen gehiegizkoa zela urte berean 50 kantutik gora sortzea eta grabatzea... eta, oraingoz, bi disko kaleratuko ditugu». Kanpoan geratu direnak arriskurik handiena zuten proiektuak izan dira. Spoken Word-en tankerako disko bat egitea zuen asmoa, kantuak hitz errezitatuz ematea, batetik, eta baita pop zaratatsuko beste ale esperimentalago bat ontzea ere. «Produkzio aldetik langintza zaila izango zela esan zidaten, eta oraingoz beste bi lanei heldu diet», esan berri du.

Urrian kaleratuko du bigarren diskoa: La Fragilité izango du izenburu, eta lan akustikoa izango da. Informazio hori da bigarren disko horretaz orain arte aurreratu duena. Hil honen hasieran argitaratu du, bestalde, Toute latitude izenekoa. Bere ibilbideko hamabigarren diskoa da, eta hamabi kantuz osatua dago.

Dominique A-ren aurreko diskoak Éléor zuen izenburutzat. Lan hark argia, goxotasuna eta hari instrumentuz osaturiko orkestra zituen apustu nagusi. Hiru urte igaro dira orduz geroztik, 2015ekoa baitzen hura. Gauzak aldatu egin dira, mundua aldatu egin da trobadore frantziarraren begietara: «Mundua okerrera doa. Ez dugu zaindu, eta berotzen ari da lar; gerra egoerak daude han-hemen, milioika lagun, emakume, haur, gizon... ihesean doaz beren lurraldetik».

Ez da autokonplazientzian bertan goxo geratu zalea Dominique A. Aurreko lanean argiaren gozotara jo bazuen, eta parametro latzagoetara bidaia egin du Toute latitude-rekin.Taldeaz lagunduta grabatu du lana, eta rock elektrikoa eta elektronikoa baliatu ditu munduari begirako barne kezkak musikaz adierazteko. Introspekzioa alde batera utzi du oraingoan, eta ehundura sozialago bat gorpuztu du. «Ezkerraz hitz egiten dugu asko, baina hor jarraitzen dugu jendearen bihotzetatik urrunduta. Eta ezer ulertu izan ez bagenu?», egiten du galdera. Eta saiatzen da galdera horri sortzailearen talaiatik erantzuten. Modu bateko edo besteko kantuak egin, beretzat garrantzitsuena «jendearen bihotzetan atximurka» egitea baita. Eta nola egiten da hori? «Saiakerak behintzat izan behar du jendeak bere burua islaturik ikusiko duen kontakizun bat ematea». Horretan ahalegindu da, esaterako, diskoari izenburua ematen dion Toute latitude kantuan. «Gaztetasunean gauzak bizitzeko dugun pasioaz, eta egun galdua dugunaz...». Hor zera kantatzen du: «Ez du axola zen gure leloa, baina gerora...». Baina gerora gauzak aldatu egin dira.

Iluntasunari gorazarre

Eta aldaketa horren zantzuetako bat ematen du Les deux côtés d'une ombre kantuan. «Gaur egun sare sozialetan nabigatzen baduzu, edo egunkariak irakurtzen badituzu, guztiak atera behar du argitara; bizitza pribatuak argi gogor batek islatzen ditu». Kantu horrek gorazarre egiten dio iluntasunari: «Han babes hartu eta gozatzeko norberari ematen dion lasaitasun eta plazer hori nabarmentzen dut». Eta beregan ohiko eta estimatu bihurtu den vibratoa erabili beharrean, xuxurla misteriozko bat erabiltzen du, fantasiazko kantu bat narratuko balu bezala.

Naturari eta inguruneari ere begiratu dio itzalpeko latitude berri horretatik. Eta txoriei betidanik izan dien miresmena azaltzen du La mort d'un oiseau kantuan (Txori baten heriotza). La Fosette bere ibilbideko bigarren diskoan, oihartzun zabalagoa eman zionekoan, txorien ausardiaz hitz egiten zuen, Le Courage des Oiseaux kantuan, hain zuzen ere. «Uste dut ez ditugula behar bezala zaintzen ez lurra, ez gainerako animaliak; ikuspegi antropozentrikoegia daukagu. Kantu honek izan dezake mezu moralistarik, eta hori arte sorkuntzan arriskutsua izan daiteke, baina ez zait axola; nire egiten dut arrisku hori».

Lan berriko kantu guztietan erreminta elektroniko bat erabili du Dominique A-k, Alemanian sortutako Tanzbar izeneko aparatua, hain zuzen ere. Haren bitartez, erritmo soniko bat bereganatzen du musikariak, eta handik abiatzen ditu kantuak, bi bateriaz lagundurik, gainera.

Latitude berrietara joan da Dominique A, baina berreskuratu ditu hastapenetako zenbait ezaugarri ere, La Fossete eta Remue gogora dakartzatenak, adibidez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna