Uretara salto egiteko prest

Iruñeko Aranzadi igerileku publikoa irekita dago atzotik, eta, gaurtik aurrera, Nafarroako igerileku asko dagoeneko irekita egonen dira. Gasteizen uztailaren 1ean irekiko dituzte Mendizorrotza eta Gamarra. Ireki bai, baina neurri zorrotzekin. Igerilekura joatea ez da orain arte bezain lasaia izanen.

Mendizorrotza igerilekua: belardietan borobilak margotu dituzte uztailetik aurrera joaten diren talde eta familien artean distantziak gorde ditzaten. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Buruz salto egin aurretik garrantzitsua izaten da igerilekua beterik dagoenetz ikustea. Hala, pandemia garaietan, garrantzitsua da jendea biltzen den edozein toki ireki aurretik neurriak hartzea. Horretan aritu dira igerilekuetan: uda prestatzen. Udaberriaren parte handi bat etxean itxita egon ondoren, udan kalean egoteko aukera izanen da, betiere, muga batzuekin. Ailegatu da igerilekuen denboraldia, eta hondartzarik ez den tokietan garrantzitsuak dira igerilekuak. Pandemia batek eskatzen dituen zuhurtzia eta neurriekin bada ere, uretara salto egiteko prest dira Nafarroan eta Araban.

Atzo ireki zuten Iruñeko Aranzadi igerileku publikoa, baita Nafarroako herri askotako igerilekuak ere. Beste igerileku batzuk gaur irekiko dituzte: Iruñeko Sanduzelai Aquavox igerileku publikoa eta pribatu gehienek nahiago izan zuten atzokoa araudi berria zehatz aztertzeko aprobetxatu. Gasteizko Mendizorrotza eta Gamarran oraindik ere egun batzuk dituzte egoera berrira egokitzeko lanak egiteko, uztailaren 1ean irekiko dituztelako ateak, baita Arabako igerileku gehienek ere. Amurriokoa da salbuespena, gaur irekiko baitute.

Ez da erabaki erraza izan, eta herri batzuetan aurten ez da igerilekuan eguna pasatzerik izanen. Nafarroan, igerilekua ez irekitzea erabaki dute Leitzan, Altsasun, Igantzin, Etxalarren, Donamarian, Sunbillan, Donezteben, Lakuntzan eta Ultzaman. Beste toki batzuetan, irekitzea hobetsi dute. Livia Lopez Gasteizko Kirol eta Osasun zinegotziak haien esperientzia kontatu du: «Erabakia hartzea oso zaila izan da: batetik, osasun egoerarengatik, beti erdigunean dagoena, baina, bestetik, ikusten genuen jendeak eskatzen zuela, eta Mendizorrotza eta Gamarra irekitzeko ahalegina egitea merezi zuen, aisialdirako metro karratu andana baitituzte».

Beraz, uztailaren 1etik aurrera bi gune horiek irekiko dituzte, baina muga handiekin. «Erabakiak hartzeko oinarri bat izan dugu: zuhurtzia handiz jokatzea. Egoera ahalik eta gehiena kontrolatu nahi dugu». Horregatik, araudiak eskatzen duena baino murritzago ariko dira Gasteizko igerilekuetan. Hasieran, 1.500 lagun sartzen ahalko dira igerileku bakoitzean, eta, aurrerago,3.000 Mendizorrotzan eta 3.400 Gamarran. Araudiaren arabera, Mendizorrotzan 7.000 lagun sar litezke. «Jende gehiago sar daiteke gunean, baina uretan ez. Beraz, haztapen bat egin dugu bainatzen eta lurrean jarri ditugun marketan egon daitekeen jendearekin».

Iruñean, sartzen den kopuruaren %75a hartuko dute igerileku publiko eta pribatuetan. Publikoen kasuan, beharrezkoa izanen da aldez aurretik ordua eskatzea, eta dagoeneko sarrerak erosteko eta uda guzirako bonua erosteko aukera dago Internet bidez. Gasteizen urte osoko bazkideek izanen dute igerilekuan sartzeko aukera, eta aurrerago ikusiko dute gainerakoei sarrera irekitzerik baduten.

Denek batera ezin

Lasaitasuna eta pazientzia izanen dira aurten igerilekura joateko beharrezko bi jarrera. Igerileku batzuetan, txandak eginen dituzte: Gasteizen, goizeko eta arratsaldeko txandak egonen dira aukeran, eta banatuko dituzteastegunak —astelehenetik ostegunera— eta asteburukoak —ostiraletik igandera—. Modu horretan, igerilekura egunero joateko aukera izanen dela dio Lopezek. Izan ere, egunero 13.000 lagun joan litezke Mendizorrotzara eta Gamarrara. Iaz, uztailean, jende gehien izan zuten egunetan 10.000 lagun joan ziren bi igerilekuetara.

Iruñean, igerileku pribatu asko daude, eta horiek ere prestatu dira egoera berrira. Gehienek gaur irekiko dute, atzo azken lanak egiten aritu ondoren. Oberena elkartea da horietako bat. Joaquin Etxenike elkarteko kudeatzailea kezkaturik bai, baina kontent dago igerilekua irekiko dutelako: «Baikorra naiz, eta uda duela hilabete edo hilabete eta erdi baino askoz ere hobe ikusten dut, ez baikenekien irekiko genuenetz. Ia dena ireki dezakegu, sartzen den jendearen %75 hartu dezakegu, eta hori asko da, bazkideek uda atsegingarria izanen dute. Baina, egia da kudeatzeko zaila izanen dela aurtengo uda».

Gasteizko igerilekuetan, atzo, belardietan markak egin zituzten, bertaratzen diren pertsonen, taldeen edo familien artean distantziak manten daitezen. Oberenan bestela eginen dute: aldez aurretik kalkulatu dute belardietako gune bakoitzean zenbat lagun sartzen diren, eta zaintzaileak egonen dira jende kopurua kontrolatzen. Berdin uretan. Oraingoz, igerileku gehienetan ez dute denbora mugarik jarriko bainua hartzeko, baina, jende gehiegi dagoenean, sarrerak itxiko dituzte, eta 15-20 minutuko tartearen ondoren, zain daudenei tokia utzi beharko diete.

Igerileku guzietan jende pilaketak saihestu beharko dituzte. Sarreretan, beharrezkoa izanen da maskara janztea eta eskuak soluzio hidroalkoholikoarekin garbitzea. Sarrera eta irteera markatuko dituzte, bai gunean sartzeko, baita uretan sartzeko ere. Zaintzaile gehiago izanen dira, jende kopurua kontrolatzeko. Gakoetako bat belardiak ongi aprobetxatzea izanen da. Izan ere, igerilekuaren inguruak bete ohi dira, eta eremu asko hutsik geratu. Aurten, jendea banatzea ezinbestekoa izanen da, eta zaintzaileak arduratuko dira horretaz.

Igerileku gehienetan ez dituzte uretako txirristak irekiko. Etzaulkien zerbitzua ere ez dute eskainiko, eta eskaintzen duten tokietan, etengabe garbitu beharko dituzte. Are, inguru guziak desinfektatu beharko dituzte egunean hirutan. «Eta hori egiten dugula erakutsi behar dugu, gainera», zehaztu du Etxenikek. Oberenan pertsona bat dabil motxila batekin, produktu biruzida eta desinfektatzaileekin dena garbitzen.

Gasteizkoetan aldagelak itxita egonen dira, behar bereziak dituztenentzakoak izan ezik. Iruñean badira aldagelak irekiko dituztenak, baina, muga handiagoekin, beraz, ezinbestekoa ez bada, etxean aldatzeko eta dutxatzeko aholkua ematen dute. Bestelako guneak erabiltzeko —mahaiak, kirol guneak...— ordua eskatzea beharrezkoa izanen da.

Egoera erabat berria da, eta, beraz, hartutako neurriak egokitu beharko dituzte unean uneko egoerara. Oberenan zentzuz jokatzeko eskatu diete bazkideei: «Bazkideak arduraz aritzea nahi dugu, ez dugu kanpaleku militar bat izaterik nahi. Bazkideek ongi erantzuten badute, eta hala izanen dela uste dut, ez dut uste neurri zorrotzagoak jarri beharko ditugunik», azaldu du Etxenikek. Gainera, ez du uste aurten jende gehiagorik joanen denik igerilekuetara: «Uste dut jendea herrira joanen dela uda pasatzera, eta, gainera, badakigu igerileku eramangarri pila bat saldu dela».

«Entsegu bat da». Lopezek ere agerian utzi du Gasteizko Udalaren kezka: «Nahiago dugu zorrotzak izan egoera berria baita. Espero dugu huts gutxi egitea entsegu honetan, eta poliki mugak laxatzen joatea». Arduraz jokatzea da kontua, eta ulerkor izatea. Bainujantziarekin eta toallarekin batera maskara eta pazientzia eramatea igerilekura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.