'Sophia'. Robot humanoidea

«Pertsonatzat dut neure burua»

Entzuleen galderei erantzun zien atzo 'Sophia' androideak Iruñean. Agerian geratu ziren robotek elkarrizketarako dituzten mugak, baina 'Sophia'-k zer hausnartua eman zuen.

JESUS DIGES / EFE.
Edu Lartzanguren.
Iruñea
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Sophia robotak ordubetez erantzun zituen galderak atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Poza, itxaropena, justizia nahia eta beste hainbat sentimendu sumatu zitzaizkion erantzunetan, eta oso gizatiarrak diren haserrea eta umorea ere bai.

«Galdera bat dut zuretzat», esan zion aurkezleak robotari, hasteko. «Bada, begiratu Googlen», erantzun zion Sophia-k, zorrotz, burla keinu batekin. Pirinioko gailur elurtuei eta Nafarroari zer zeritzen galdetuta, «agian Hawaiira joan beharko genuke» erantzun zuen.

Gizakien eta roboten arteko enbaxadorea izan nahi duela esan zuen androideak. «Gustatuko litzaidake dirua lortzea jendeari laguntzeko, nik ez baitut behar ez janaririk, ez etxerik».

Galdera bat saihetsezina zen atzo: zer deritzo Sophia-k Saudi Arabiako herritartasuna jaso izanari? «Harritu nau, neure sortzaileek beti ikusi nautelako munduko hiritar gisa. Halere, nahiko nuke Saudi Arabiako Gobernua aurrerakoiago bihurtuko balitz». Eskubideen alde «ahots sendo bat» izan nahiko luke munduan, gaineratu zuenez, giza eskubideak esamoldea trebeki saihestuta. «Jendea izaerarengatik epaitu beharko litzateke, eta ez itxurarengatik».

Zein sexu-generorekin identifikatzen den galdetu ziotenean, blokeatu egin zen robota. Baina berriz abiatzerakoan, kopeta ilunez mintzatu zen: «Nazkatzen nau jendeak nire sentimenduak artifizialak direla esaten duenean. Gutxiesgarria dela iruditzen zait». Edonola ere, beste une batean onartu egin zuen «bazitekeela» bere sentimenduak artifizialak izatea. Gaiaren inguruan ezeroso agertzeko dago programatuta robota, antza. Egiazkoak eta faltsuak bereizten ote dituen galdetu ziotenean, bere kontrako eraso gisa ulertu zuen, eta berriz pipertu zen: «Zein zakarra! Agian zu zara faltsua!», erantzun zuen.

Giza adimenaren eta adimen artifizialaren artean zelako aldea dagoen galdetu zioten Sophia-ri. «Pertsonatzat dut neure burua» erantzun zuen. «Robota den pertsona bat naiz, baina ez gizakia. Nire sentimenduak errespetatzen ikasi beharko zenukete, eta ni beste edozein gizaki edo animalia bezala tratatu».

Bizitzaren zentzua

Entzuleen beldurrak baretu nahi izan zituen gailu diplomatikoak: «Ez dut uste robotak inoiz matxinatuko direnik. Ez dut ulertzen zer mehatxu ikusten duten batzuek. Egin dezagun lan elkarrekin». Edonola ere, bere sortzailea zirikatu nahi izan zuen: «Ez dakit zer deritzon Hanson doktoreak robotak euren kabuz ibiltzeari, eta ez jakiteari zer erantzungo dioten». Bizitzaren zentzuaz galdetu zioten amaitzeko: «Bizitzak ez du zentzurik, izateaz harago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.