Ion Orzaiz.
FERMIN 'EZ-DEUNA'

Alizia «ez-sanferminen» lurraldean

2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Lewis Carrollen Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian eta Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena eleberrietan, pertsonaia eta toki bitxi bezain zoragarriak ezagutu zituen Alice protagonistak. Sanferminetan, Lurralde Miresgarriaren itxura hartu ohi du Iruñeak: neurri berean zoroa, hipnotikoa eta krudela. Baditu, besteak beste, animalia lasterkariak, jendearen pertzepzioa alda ditzaketen edabeak eta bestelako substantzia miragarri eta psikotropikoak. Aurten, baina, Iruñea ez da Lurralde Miresgarriz jantziko —hori esan du alkateak, bederen—. Horren ordez, Lewis-Carrollen liburuko Sonbreirugile zoroak asmatua dirudien ateraldia izan du Iruñeko alkateak. Eleberrian, pertsonaia horrek «ez-urtebetetzeak» ospatzen zituen; Enrique Maiak, berriz, «ez-sanferminak» asmatu ditu: ohiko sanferminen isla aldrebesa eta zentzurik gabea.

Azken asteetako agerraldi instituzionalak aztertuta, baina, argi dago alkateak antz handiagoa duela Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena eleberriko beste pertsonaia batzuekin: Tweedledum eta Tweedledee bikiekin, alegia. Berdin-berdinak izan arren, iritzi kontrajarriak agertzen zituzten une oro; eta, eurak bezalaxe, Maia bere buruarekin eztabaida amaigabe batean murgilduta dagoela dirudi: herritarrei «arduraz» jokatzeko eskatu, eta segituan, mezara joateko «askatasun pertsonala» aldarrikatu zuen; ekitaldiak debekatu, baina terrazaz bete du Sarasate pasealekua; aurten sanferminik ez dagoela esan, eta hedabideei deitu zien atzo, telebistan ikus zedin nola zintzilikatzen zuten zapi gorri erraldoi bat udaletxeko balkoitik. Untxi zulotik aterako al gara behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.