Literatura

Fantasia kolonialak

Jadanik margotzen ez duen margolari bat, 7 urteko mutiko «zail» bat eta haren aita dira protagonista Keri Hulmeren 'The Bone People' nobelan (1986, Hezur jendea).

Zeelanda Berriko hegoaldeko irlako paisaia bat. BERRIA.
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Kerewin Holmes, jadanik margotzen ez duen margolaria, dorre batean bizi da herrigunetik urrun, erabat bakartuta, Keri Hulmeren The Bone People nobelan (1986, Hezur jendea). Gau ekaiztsu batean, 7 urte inguruko ume bat agertzen zaio atarian. Bere izena eta nondik etorri den galdetzen dio Kerewinek, baina umeak ez dio erantzunik ematen. Mutua dela ohartuta, herrira dei batzuk egiten ditu, haurrari buruzko informazioa lortzearren. Simon—izen hori du mutikoak— eta haren aita Joe herrian ezagunak, akaso ezagunegiak omen dira, eta ez estutzeko esaten diote. Aita edanean dabilenean, etxetik ihes egiteko ohitura omen du mutikoak. Azken horrek enbarazu egiten badio, Poliziari deitzea badu, goiza baino lehen Joe aurkitzea alferrikakoa baita. Poliziaren esku utzi baino, nahiago du umea berarekin geratzea, ez lioke bere buruari beste ezer onartuko dauden egoeran. Hurrengo goizean, han azaltzen zaio Joe, Simon jasotzera, ohiko kontua balitz bezala. Kerewinek sorpresa eramaten du gizona ikusita; bestelakoa irudikatzen zuen, Simonen antzekoagoa, alegia. Mutikoa zuria da, europar jatorrikoa. Joe, aldiz, maoria da, zalantzarik gabe. Azken horrek kontatzen dio mutikoa ez duela seme biologiko. Bizpahiru urte zituenean topatu zuen hondartzan, Zeelanda Berriko hegoaldeko irla inguruan ibilitako itsasontziren baten naufrago. Garai hartan ere ez zen hitz egiteko gai mutikoa, eta traumagatik izango zela ondorioztatu zuten emazteak eta berak. Emaztea zein elkarrekin zuten umea bizirik zeuden orduan, baina urte batzuk geroago galdu zituen biak, gripearen ondorioz. Ordutik Simon eta bera bakarrik bizi dira.

Kerewinen eta Joeren arteko solasaldia bazkalordura arte luzatzen da. Hirurek elkarrekin afaldu, eta suaren inguruan trago batzuk hartzen emango dute gaua. Hurrengo egunean afaltzeko elkartuko dira berriz, eta hala jarraituko dute egiten gainerako gauetan ere, familia bat balira bezala.

Kerewin bera erdi-maoria da, europar jatorriko hazpegiak baditu ere. «Bihotzez, espirituz eta joeraz» maoria dela esaten dio Joeri. «Edo, izan banintzen. Ematen du nire parterik onena galdu egin dela daramadan bizimoduarekin». Ezin hobeto ulertzen du Joek Kerewinen kezka. Kolonialismoaren eraginez maorien kultura desagerrarazten ikusi du berak familian zein komunitatean. Emaztearekin batera arbasoen munduarekin lotzen zuen aingura galdu zuen. Edaria besterik ez du orain, eta Simon.

Ume zaila da Simon, ordea. Hala esaten dio Joek Kerewini, jipoien berri duenean. Maite, bere semea balitz bezala maite du, baina batzuetan ezin du haren egoskorkeria eraman. Eskolara joateari uko egiten dio, eta ez du inoiz agindutakoa egiten. Kerewinek berak ondo baino hobeto daki mutikoak ez dituela mugak errespetatzen, batez ere besteen jabetzari dagokionez. Hainbat aldiz lapurtu dizkio gauzak Kerewini, eta, haserretu arren, Simonek ez dizkio behin ere bueltatu. Hala ere, ume bat besterik ez da. Horretaz ere ohartzen da Kerewin.

Indarkeria handiko hilketa baten lekuko da Simon, eta, zuzenean, Kerewinengana doa laguntza bila. Horrek, ordea, umeari kasurik egiteko gogorik ez du, zenbait gauza lapurtu dizkiolako berriro ere. Mutikoak, haserre, Kerewinen gitarrari, apenas harremanik ez duen familiarengandik geratzen zaion gauza bakarrari, ostiko bat eman, eta hautsi egiten du. Emakumeak etxetik ateratzeko eskatu, eta herrira doa Simon zenbait denda-leiho haustera, Poliziak atxilotzen duen arte. Gertaeraren ondorioz, inoiz baino indarkeria handiagoarekin kolpatzen du Joek. Ospitalean bukatzen du Simonek, eta Joek, umearen zaintza eskubidea galduta, kartzelan.

Kolonizazioaren eraginak

Maori herriarentzat material preziatua da hezurra, iwi maorieraz; artelanetarako zein tresna arruntak osatzeko erabiltzen dute. Bigarren esanahia ere badu hezurrak maori kulturan, arbasoen funtzioari lotuta dagoena. Hulmeren nobelari izenburua ematen dion esaerak, E nga iwi o nga iwi, O jendearen hezurrak adierazi nahi du (hezurrak, kasu honetan, arbasoak dira), baina baita O hezurren jendea ere, hots, aitzindariak, ondorengoei bide egin dieten lehen jendeak.

Hulmeren nobelan hezur jende edo lehen jende haiek osatugabeak, etorkizunik gabeak izan balira bezala aurkezten zaizkigu. «Bere baitan zebilen jendea besterik ez ziren. Bikoteka, edonolako bikotetan jarrita ere, bere baitan zebilen jendea izaten jarraituko zuten». Alde horretatik, europarren kolonizazioa, bere arazo guztiekin ere, zerbait baikor sortzeko baliagarria izan zen. Europar kolonizatzaileak, edo pakeha-k maorien hizkuntzan, umeen modukoak ziren, nahi zutena hartuz eta beren ekintzen gaineko erantzukizunik hartu gabe. Europarrek besteak xaxatzeko eta manipulatzeko joera zuten bezala, maoriek berezkoa zuten indarkeria. Bata zein bestea ez ziren jokabide zuzenak. «Baina elkarrekin zerbait ausart eta berriren bihotz eta gihar, zerbait bitxi eta handiren parte bihurtu ziren. Elkarrekin, denak elkarrekin, aldaketaren tresna ziren». Alde horretatik, Simonek eta Joek elkar behar dute batak bestearen zauriak osatzeko.

Kolonialismoaren ekintzak arrazoitzeko arras erabilia izan da kolonizatzaileen beren aldetik indigenen berezko indarkeriaren argudioa. Indarkeria, ordea, ez da kolonialismoaren kanpoko gertaera, haren oinarrizko mekanismoa baizik. Kolonizatu zein kolonizatzaile, pakeha zein maori, indarkeria horretan harrapatuta dauden arren, lehenengoaren ekintzak ezin dira tolesgabetzat jo, bigarrenarenak berezko ez diren bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.