Kaosaren aldarria

Aurreko egunetako nekeari energia jantzia jarri, eta kaleak hartu dituzte zientoka lagunen 'alter ego'-ek. Astelenita da Tolosan, eta urteko gertakari nagusien errepasoa egiteko balio dute jendeak prestatutako mozorro eta antzerkiek.

Batukada feminista. Gizonek jarritako erritmoan. JON URBE / @FOKU.
Andoni Imaz.
Tolosa
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun

Kuadrillatxoa pankartaren atzean, manifestazioa abiatzeko prest. Zalaparta sortu dute aldarriek, eta zabaldu da bidea Tolosako (Gipuzkoa) Triangulo plazan bildutakoen artean. Ez da ezohiko irudia, baina atentzioa ematen dute protestarako elkartutakoek: alde batean, apaizak, mojak, apezpikuak eta legionarioak. Parean, ingeles itxurako aberatsak, onddo-kapela eta guzti. «Zer uste zenuten, pobreek bakarrik egin dezaketela protesta? Aberatsok ere badugu zer esan!».

Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarraren izenarekin jolas egin eta Bost izena jarri diote aberatsak, elizjendea eta militarrak biltzen dituen mugimendu berriari: Bost. Por el culo te la hinco dio pankartak. «Alderdi politiko bat baino gehiago, anarkia hutsa da hau!», diote kuadrillako kideek. Tolosarrak dira guztiak, eta aurreko egunak karroza eta txaranga artean igaro ondoren, herria «aztoratzeko» asmotan atera dira kalera inauterietako astelenitan.


Mikel Laboa. Kantuan aritu zen gitarrarekin. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Konturatzerako, bosgarren egunean sartu dira Tolosako inauteriak, baina nekeak ez du eragin eguerdiko festa giroan. Trenetik, autobusetik edo autoetatik jaitsita, prozesio koloretsu sakabanatuan iritsi da inguruko herrietako jendea. Autoa industrialdean utzi eta herriaren erdigunera bidean doaz Legazpiko bi adiskide, txilaba bana soinean, urtero egiten duten astelenitako paseora, «trago pare batekin karrozetako ikuskizunez gozatzera».


Izozkiak. Guraso izozkigileak izozki haurrarekin besotan. JON URBE / FOKU

Haiek ere ezin izan diote Triangulon bat-batean sortutako iskanbila jasotzeko gogoari eutsi, eta sakelako telefonoak atera dituzte pareko eszena zoroa grabatzeko. «Eman play-ri!», eta Espainiako ereserkia ikusleen algarekin nahastu da plazan. «Hori ez, bestea!». Ereserkiaren bertsio dantzagarri bat jarrita, legionarioak inguruko bi andreri heldu eta zortzikoa dantzatu dute barreari ezin eutsita.


'Brexit'-aren alde. Ez dute Europaz ezer jakin nahi. JON URBE / FOKU

Espainiako kontserbatzaileen aldarriei, Erresuma Batuko aberatsena batu zaie: Hard Brexit dio horien pankartak. «Hau ez da antzerkia, aldameneko bankuko langileak gara». «Nazkatu gara Europarekin, eta, batez ere, Grezia, Portugal eta Espainiarekin. Porrotera eraman nahi gaituzte, askoz hobe gaude geure kasa». Tolosakoa da lagun kuadrilla, eta horiek ere urtero bilatzen dute ingurukoak asaldatuko dituen mozorroren bat. Ikusmira sortu dute aurten ere.


Baleen arrantza. Aldekoak eta kontrakoak elkartu ziren. JON URBE / FOKU

Urtearen errepasoa

Bide bazterretik begiratuz gero, urteko gertakari nagusien erradiografia ere bilaka daitezke Tolosako inauteriak. Eskuin muturraren gorakada politikan, VAR bideo epaile laguntzailea futbolean, balearen ehiza, Berri Txarrak taldearen kontzertuetako ilara amaiezinak eta mendian lasterka dabiltzanen reality-ak. Urteko gertakari esanguratsuenak, umorezko esketx irudimentsu bilakatuta.


Tximinoak. Zuhaitzetara igota igaro zuten eguna. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Zarauzko futbol taldeko neskek etxean utzi dituzte jokalari jantziak, eta epaile lanetan ari dira Tolosako kaleetan. «Grazia» egiten zien VAR sistema berriak, eta bideo epailea eta taberna elkartu dituzte, «ekipamendu guztiarekin», txarangaren doinuan dantzan aritzeko.


Bikingoak. Itsasontziaren aurrean dantzan aritu ziren. JON URBE / FOKU

Aldarri, txaranga hots eta futboleko txistu artean, bada oraindik tarterik beste soinu batzuetarako. Gizonez osatua da Ibarra eta Tolosako kuadrilla, baina emakumez janztearekin nahikoa ez, eta emakumez osatutako batukada feminista egin dute. «Martxoaren zortzia gertu dagoela eta, mugitzen hasteko garaia da dagoeneko». Aldarri zintzoak eta parodia baldarrak berditzen ditu inauteriak, egunerokoaren zurrunbiloari izkin egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.