Pobreziaren erretratu gordin bat saritu dute Urrezko Palmarekin

Hirokazu Kore-edaren 'Manbiki kazoku' filmak irabazi du sari nagusia Cannesko zinema jaialdian
Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarra, bere lantaldearekin, Cannesen.
Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarra, bere lantaldearekin, Cannesen. FRANCK ROBICHON / EFE

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 20
Zinemagile maitatua da jaialdietan Hirokazu Kore-eda japoniarra, baita Cannesen ere. Jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzen dute haren filmek, eta, zenbaitetan, sarituak ere izaten dira. Soshite chichi ni naru (Like Father, Like Son) filmarekin, epaimahaiaren saria irabazi zuen, 2013an, Cannesen bertan, eta publikoarena Donostiako Zinemaldian. Aurten, film onena saritzen duen Urrezko Palma eman diote, Manbiki kazoku (Shoplifters) lanarengatik. Film horretan, pobreziaren erretratu gordin bat egin du Kore-edak, bere azken lanetako samurtasuna pixka bat alboratu eta zuzen eta gordin azalduz txirotasunaren errealitatea.

Aurtengo Cannesko zinema jaialdian sari nagusia eskuratzeko faboritoen artean zegoen Kore-edaren filma. 21 filmek parte hartu dute sail ofizialean, eta Kate Blanchett aktorea izan du buru epaimahaiak. Kristen Stewart, Lea Seydoux eta Chang Chen aktoreak, Denis Villeneuve, Robert Guediguian eta Andrei Zviaguintsev zinemagileak, Ava DuVernay errealizadorea, eta Khadja Nin konpositorea izan dira gainerako mahaikideak.

Faboritoen artean ez zeudenetako bat, berriz, Spike Leeren BlacKkKmansman filma zen; eta hark eskuratu du, hala ere, Epaimahaiaren Sari Nagusia. 1970eko hamarkadan Ku Klux Klan erakundean infiltratutako polizia gizon baten istorioa kontatzen du film horrek.

Sari berezia Godardi

Iragartzen errazagoak izan dira gainerako sariak. Gizonezko aktore onenarena Marcello Fonte italiarrak lortu du, Matteo Garroneren Dogman filmean egindako lanagatik. Lan horretan, Gomorra filmaren «B aldea» landu du zinemagileak. Emakumezko aktore onenaren saria, berriz, Samal Yeslyamova kazakhstandarrak irabazi du, Ayka filmean egindako lanagatik. Miseria gorrian bizi den emakume etsiaren rola jokatzen du. Sari nagusia eskuratzeko hautagai nagusietako bi ziren Alice Rohrwacher italiarraren Lazzaro Felice eta Nadine Labaki libanoarraren Capharnaüm, eta ez ziren saririk gabe geratu: epaimahaiaren saria eskuratu zuen Labakik (Caramel), eta gidoi onenarena Rohrwacherrek, Jafar Panahi irandarraren Trois visages filmarekin ex-aequo.

Atzo iluntzeko ezusteko nagusietako bat epaimahaiak Jean-Luc Godard zinemagile frantziar beteranoari emandako Urrezko Palma berezia izan zen. Blanchet epaimahaiburuak esan zuenez, zinema «aurrerabidean jarri» eta hark dituen mugak «gainditu eta birdefinitu» dituelako eman diote ohorezko sari hori nouvelle vague mugimendua sortu zutenetako bati. Lehiaketan aurkeztu zuen Le livre d'image filma Godardek. Hark ez zuen saririk lortu, baina bestelako aitortza handiago bat jasota joan zen jaialditik zinemagilea.

Gerra Hotzeko istorio saritua

Zuzendari onenaren saria Pawel Pawlikowski poloniarrarentzat izan zen, kritikak laudaturiko Cold War filmarengatik. Gerra Hotzaren garaian giroturiko maitasun istorio bat kontatzen du filmak; jatorri eta izaera guztiz desberdina izanagatik egoerak elkarrekin egotera behartzen dituen bi pertsonaren amodioa istorioa, hain zuzen ere. Zenbait kritikarik artelantzat ere jo du lan hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna