Zaintza greba

Erakundeek «arduraz» joka dezatela eskatu dute zaintza arloko langileek

Greba egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginek, ELAk, LABek, CCOOk, ESK-k eta UGTk deituta; bat egin dute SATSEk eta CNTk. Sektorea duintzeko eta publifikatzeko eskatu dute

Zaintza arloko grebaren protesta, Iruñean, ELAk deituta. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Maider Galardi F. Agirre
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Feminizatua. Prekarioa eta prekarizatua. Ikusezina. Askotan ezarri zaizkie zaintza lanei ezaugarri horiek. Ezarri bakarrik ez, langileek salatu dute hala direla zahar etxeetako, etxez etxeko zerbitzuetako, adinekoen zentroetako, garbitzaileen enpresetako... lan baldintzak. Aurretik ere egin dituzte protestak eta grebaldi luzeak; tokian-tokian, eta lan arlo diferenteetan. Baina, atzo, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaintza lanen hainbat arlotako langileak irten ziren kalera, elkarrekin, duintasuna aldarrikatzera, eta erakunde publikoek arduraz joka dezatela exijitzera. Babes sindikala ere handia izan zen: ELAk, LABek, UGTk, ESK-k eta CCOOk egin zuten deialdia, eta SATSEk eta CNTk ere babesa adierazi zieten mobilizazioei. Nafarroan ere greba eguna izan zuten, baina soilik ELAk deituta.

Sindikatuek hiriburuetan egin zituzten manifestazioak, atzo goizean. Zutabeka, aurrena, nor bere aldarrikapenekin; mobilizazio bateratuan ondoren. Izan ere, lan sektoreko ezinegona orokorra da, arlo ugaritan: zaharren egoitzetako eta etxez etxeko laguntzako langileez gain, elbarritasunen bat dutenekin lanean ari direnak eta animazio soziokulturalean dihardutenak ere izan ziren protestan. Askotariko aldarrikapenak izan arren, eskaera bertsuak egin dituzte sindikatuetako ordezkariek. Besteak beste, lan baldintzak «duintzeko» eta administrazio publikoak ardura hartzeko eskatu dute.

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk arlo horietako langileek egun bizi duten egoera salatu du: «[Eusko] Jaurlaritza honek esaten digu zaintza lan horiek emakumeek sostengatuak izan beharko dutela, eta modu prekarioan egin beharko dituztela». Hori ikusita, nabarmendu du aitortza beharrezkoa dutela: «Urratsak egin behar ditugu zaintza sistema publiko bat eraikitzeko. Beharrezkoa da zaintza lanen aitortza politiko, ekonomiko eta soziala egitea, eta aitortza horrek isla izan behar du lan baldintzetan, kontratazioak handituz, ratioak murriztuz edo soldatak handituz». Izan ere, Aranbururen irudiko, zaintza ezin da esku pribatuetan geratu: «Zaintza ezin da egon merkantilizazioaren pribatizazioaren menpe, eta behar-beharrezkoa da publifikazio plan bat egitea». Horrenbestez, gizarteari laguntza eskatu dio: «Denok egin behar dugu ekarpena pausoak emateko beste zaintza eredu baten alde, guztiok gure bizitzako etaparen batean zainduak izateko behar hori izango dugulako».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eskaera jakin bat egin du: ikerketa batzordeak irekitzea Eusko Legebiltzarrean eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, langileak ikusten ari direna ezagutarazteko eta «eredua aldatzeko beharra» ikusarazteko. Iruditzen zaio egungo eredua «pribatizatuta» dagoela eta «negozioan» oinarritzen dela, eta «huts» egin duela. Hori dela eta, publifikazioaz gain, 10.000 langile gehiago kontratatzeko ere eskatu du ELAko idazkari nagusiak.

Prekaritatea salatu du CCOO-Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak ere. Horri aurre egiteko, lan baldintza «justuak eta duinak» eskatu ditu: «Espero dugu ardura daukaten administrazio publikoek hau politika publikoen lehen mailan jartzea». Administrazioei begira jarri da Raul Arza UGTren idazkari nagusia ere. Uste du beharrezkoa dela zaintzaren aldeko itun sozial bat, eta administrazioei eskatu die «ez ezkutatzeko enpresen atzean», eta baliabideak areagotzeko, zaintzaren sektorean soldata eta lan baldintza duinagoak izan ditzaten.

Alegia, zaintza arloko lan baldintzak hobetze aldera, administrazio publikoek ardura har dezatela eskatu dute sindikatuetako ordezkariek. Eta, erakundeei arduraz jokatzeko eskatuta, koronabirus garaian izandako «irregulartasunak» ikertzea ere galdegin dute.

Koronabirusaren eragina

Izan ere, azken urtean COVID-19aren pandemiak gogor jo du zaintza arloa; batik bat adinekoak artatzeaz arduratzen diren horien sektorea. Hainbat zahar etxetan, esaterako, egoiliarrak eta langileak saldoka kutsatu dira, eta pandemiari aurre egiteko baliabide eskasia salatu izan dute hilabeteotan. Horregatik, atzoko greban ere hizpide izan zituzten koronabirus garaiko baldintzak.

Arzak, esate baterako, eskatu du ikuskatzeko azken urtean gertatutakoa, baldintza hobeak eta baliabide gehiago bideratu ahal izateko adinekoak zaindu behar dituzten horientzat. Sindikatuek sustatutako eztabaida eta ikuskaritza bat ere exijitu du, aztertzeko azken urtean zer gertatu den, eta ondorioak esku artean, «hobetu ahal» izateko neurriak ipintzeko. Lakuntzak ere erreferentzia egin dio pandemia garaiari, eta Batzar Nagusietan eta Eusko Jaurlaritzan eskatutako ikerketak azken urtean gertatu dena aztertzeko baliatzeko eskatu du. Gainera, salatu du baliabiderik ez dela egon eritasunari aurre egiteko, eta «arriskuan» jarri dela langileen eta egoiliarren osasuna.

Hain justu, zahar etxeetako egoiliarren senideen elkarteek bat egin dute protestekin, baita pentsiodunen mugimenduak ere. Andrea Uña bozeramaileak esan du «kezkagarria» dela zahar etxeetako egoera, gero eta kutsatu eta hildako gehiago dagoelako. Berak ere baliabide gehiago eskatu du sektorearentzat, eta sindikatuek egin moduan, «batasuna» eskatu dio gizarteari zaintza eta osasun sistemaren eredu «duina» eskatzeko.

Babesa, eta greba gehiago

Mugimendu feministako zenbait taldek ere bat egin dute protestekin. Besteak beste, Bilboko Feminista Saretzen-ek eskatu du zaintza sistema publifikatzeko eta murrizketak eteteko: «Premiazkoa da zaintza lanaren garrantzi soziala aitortzea eta haren baldintzak duintzea». Erakundeei eskatu diete auzian inplikatzeko.

Atzokoa ez da lanuzte bakarra izango: lan baldintzak duintzeko eta aldarrikapenak ikusgai egiteko, grebara deitu dute berriro sindikatuek. Martxoren 4an izango da hurrengo greba eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.