Koronabirusa

Hiru eguneko greba egingo dute EAEko eskoletako jantokietan

Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hiru eguneko greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako jantokietan. Hain zuzen, urriaren 21erako, 27rako eta 29rako egin dute deialdia ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Ikastetxe publikoetako, itunpekoetako eta pribatuetako jantokietako langileak deitu dituzte grebara. Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean egindako mobilizazioan egin zuten iragarpena atzo. Azaldu zutenez, lan baldintzak defendatu nahi dituzte, baita osasuna bermatu ere. Sindikatuen hitzetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ez ezik, «hezkuntzako patronalei» ere eskatu diete sindikatuekin eseri eta «kalitatezko» jantokiak antolatzeko, sektoreko langileen lanari eta lan baldintzei eustea bermatzeko eta langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko, baina erantzuna bestelakoa izan dela diote: «Izan dugun erantzun bakarra inposizioa izan da, elkarrizketarik gabe. Daukagun informazio guztia komunikabideen bidez edo protokoloak [Hezkuntza] Sailaren webgunean bilatuz lortu dugu».

Sindikatuen arabera, aurreko ikasturteko ratioak dituzte, eta ez diete jaramonik egin talde egonkorren eta espazioaren beharrei. Gainera, salatu zutenez, ez dira enpleguari eusten ari, ezta lan baldintzei ere: «Langile asko ez dituzte deitu euren lanpostuetara».

Ikusi dute «inprobisazioak» eta jantoki seguruak izateko langile faltak «mesfidantza» eragin dutela, eta, sindikatuen iritziz, familia askok ez dute zerbitzua eskatzen, «beharra izan arren». Hainbat ikaslerentzat jantokiek duten garrantzia azpimarratu zuten: «Ez dugu ahaztu behar egunean jasotzen duten otordu oso bakarra dela jangela zerbitzua erabiltzen duten ikasle askorentzat». Horrenbestez, Jokin BildarratzEusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari eskatu zioten «behingoz» jantokietako langileen ordezkariekin hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.