Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Euskara. Hizkuntzak bandera gisa

Espainiako eskuinaren programetan pisua du hizkuntzen gaiak. Bat datoz hiru alderdiak: debekatu egin nahi dute euskara jakitea nahitaezkoa izatea lanpostu publikoak lortzeko.
Pablo Casado, PPko presidentea eta hautagaia, kanpainako ekitaldi batean, banderaz inguratuta.
Pablo Casado, PPko presidentea eta hautagaia, kanpainako ekitaldi batean, banderaz inguratuta. JULIO MUÑOZ / EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko apirilak 25
Hizkuntzak hizpide izango dira datorren legealdian Espainiako Gorteetan. Gai hori bandera gisara hartu du Espainiako eskuinak, eta programetan neurri bat baino gehiago sartu ditu, euskaraz ez dakitenek jasaten duten «diskriminazioa» eragozteko asmoz. PPren, Ciudadanosen eta Voxen programak bat datoz puntu batean: galarazi egin nahi dute euskara jakitea derrigorra izatea lanpostu publiko batzuk lortzeko. Gehienez ere «meritu» gisa kontuan hartzea nahi dute. Planteamendu horrek kolokan jarriko luke urteotan administrazioetan egindako bidea. Euskarari lekua kendu eta «hizkuntza komuna» lehenestea nahi dute talde horiek.

Bada denbora eskuineko alderdiak hizkuntzen bandera astintzen ari direla. Pablo Casado PPko presidentea kargua hartu zuenetik ari da horretan. Norabide horrek kezka eragin du euskalgintzan, baita Espainiako Estatuko beste hizkuntza gutxiagotu batzuetako eragileen artean ere. Orain bi aste, agerraldi bateratuak egin zituzten Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian, hizkuntza gutxituen aurkako «olatuaz» ohartarazteko. Honela esan zuen Kontseiluak: «Hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak gehiago urratzeko proposamenak ari dira egiten».

Eskuineko talde horien ustez, izan ere, kontrakoa da eskubide urraketa: hizkuntza koofizialak ez dakizkitenak dira «diskriminatuak». Honela dio, esate baterako, Ciudadanosen programak: «Onartezina da erkidegoetan hizkuntzak arma politiko gisa erabiltzea, lehen eta bigarren mailako herritarrak egiteko».

Euskaraz jakiteko betebeharrak debekatzea proposatu dute hiru alderdiek argi. Lege bat aipatu dute PPk eta Ciudadanosek. Casadoren alderdiak proposatu du gaztelaniaren erabilerari buruzko lege bat egitea, helburu honekin: «Gutxienez gaztelaniaz egindako egintza administratiboek izango dute izaera ofiziala. Seinaleek, panelek eta plakek gutxienez gaztelania erabiliko dute beti». Gaztelaniaren derrigorrezko erabilera gainditua dute euskal erakunde batzuek seinaleetan, piktogramak erabilita, eta egintza administratiboetan euskara soilik erabiltzea bermatua du EAEko Udal Legeak —Carlos Urkijo gobernu ordezkariarekin afera bat baino gehiago izan ziren horren harira, agiriak erdaraz eginarazten zituelako, eta norabide horri berriro heldu nahi dio PPk orain—. EAEko eta Nafarroako legeen aurkakoa da puntu hori: euskara ofiziala den eremuan balio juridikoa baitute euskaraz egindako agiriek.

Euskararen Legearen aurka

Gaztelaniaren erabilera derrigortzearekin batera, lanpostu publikoetako sarbidean euskara eskatzea galarazi nahi dute. Ciudadanos: «Erkidego bateko hizkuntza koofizialaren ezagutza inoiz ez da oztopo izango Espainian lanpostu publiko batera sartzeko». Gaztelania, bai, hori derrigorrezkoa da. PP: «Lanpostu publiko bat lortzeko ezinbestekoa izango den hizkuntza bakarra gaztelania da».

Eskuineko blokearen proposamen horiek kolokan jarriko lukete hamarkada hauetan egindako bidea. Besteak beste, EAEko Euskararen Legeak dio postu batzuetan derrigorrezkoa izango dela euskaraz jakitea: «Herri aginteek finkatuko dute zer lanpostutarako izango den derrigorrezko bi hizkuntzak jakitea». Lege horrek berak ezartzen du betebeharra ez denean meritua dela euskaraz jakitea. Hori ere koska bat jaitsi nahi dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek: «meritu izan ahalko da», diote. Alegia, ez dela beti izango.

Euskarari lekua kentze hori bat dator gaztelaniaren goraipamen etengabeekin. PPk «nazioa indartzea» atalean aipatu du hizkuntza: «Estatuaren sinboloek errespetatuak izan behar dute, eta beharrezkoa da nazioa egituratzen duten elementu komunak indartzea, bereziki guztion hizkuntza, espainiera». Areago jo du Voxek, eta gaztelania Espainiatik kanpo ere bultzatu nahi du: «Espainiar hizkuntzak behar duen aitortza exijitzea nazioartean, munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzetan bigarrena denez». Are, hizkuntza babesteaz mintzo da: «Inongo administrazio edo norbanakok ezin du gutxietsi denon hizkuntza komuna, espainiera. Are gutxiago diskriminatu. Konstituzioaren agindua zorrotz bete behar da: espainiar guztiek daukate erabiltzeko eskubidea, eta jakiteko betebeharra».

Ezkerreko alderdiek nabarmen gutxiago aipatu dute hizkuntzen auzia. PSOEk aipatu du hizkuntzak «ondare kulturala» direla, eta «errespetua eta babesa» behar dutela. Neurri zehatzak, hala ere, gaztelaniari buruzkoak dira: adibidez, Itzulpen Etxea sortzea, literatur obrak gaztelaniara itzultzeko. Unidas Podemosek apenas aipatu duen neurririk. Zinema «gure hizkuntzetan» produzitzea lehentasunezkotzat jo du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: