EH Bilduk dio Madrilek «bertigoa» duela «sakabanaketa» amaitzeko

enekoitz esnaola
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak berriro esan du ETArik gabeko aldi honetan ez duela zentzurik «sakabanaketa» politikari eusteak, baina EH Bilduk uste du PSOEren gobernuak «bertigo handia» duela hura amaitzeko. «Preso bat 700 kilometrora dagoen kartzela batetik 400era dagoen beste batera aldatzea ona da, baina hori ez da sakabanaketa amaitzea: gerturatzea da hori», esan du Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak Onda Vascan, eta erantsi «sentsazioa» dutela «Sanchezen gobernuan bertigo handia» dagoela aldaketarako pausoa emateko.

Herenegun egin zituen sakabanaketa politikari buruzko adierazpenak Grande-Marlaskak, Donostian, PSE-EEren ekitaldi batean. «Sakabanaketak izan zuen bere emaitza», esan zuen. Gehitu zuen oraingoa «garai desberdina» dela, «ETA garaitua izan baita», eta, beraz, «politika» berria behar dela espetxe arloan. Kartzeletako tratamendu batzordeen esku laga ditu euskal presoen gradu progresioak eta gerturatzeak, «betiere [ETAren] terrorismoaren biktimak informatuz eta haiekiko gardentasuna izanik».

Urizarrek aitortu du «irmoak» direla ministroaren adierazpenak, baina eskatu du ekintzak ere gisa berekoak izateko. «Sanchezen gobernua jarri zenean, esaten zen iraganekoa zela sakabanaketa eta bukatu egin behar zela, baina gero ez da halakorik gertatu». Presoak Euskal Herriratzea galdegin du EH Bilduko kideak.

Beste errepide istripu bat

Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea (Errenteria, Gipuzkoa) euskal presoaren anaia eta lagun batek errepide ezbehar bat izan zuten joan den ostiralean, Puerto III espetxera (Andaluzia, Espainia) bisitara zihoazela, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Urte honetako bigarren istripua izan da. Aurrekoa, Garikoitz Aspiazuren bikotekideak eta haur txikiak izan zuten, Arlesen (Okzitania).

Andaluzian izan dute ezbeharra Etxeberriaren anaiak eta lagunak, Sevillara iristeko 50 kilometro falta zitzaizkiela, A66 autobidean, arratseko zortziak aldera. Aurretik istripu baten eraginez errepidean geldirik ziren bi auto topatu zituzten aurrez aurre, bihurgune bat igaro ondoren. Onik atera ziren biak, Etxerat-ek dioenez, «baina une arriskutsua bizi izan zuten ondoren, autoa errepide erditik bultzaka atera behar izan zutelako, autobidean zegoen trafiko handiari aurre eginez». Larunbatean egin zioten bisita Etxeberria presoari.

Etxerat-ek urruntzea deitoratu du berriz, presoak bisitatzera doazenen «bizia arriskuan» izaten delako. Azken ezbeharra salatzeko elkarretaratzera deitu ditu: atzo Iruñean izan zen; gaur Bilbon izango da, 19:30ean, Arriaga plazan; eta bihar, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Donostiako Bulebarrean, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.