Memorian itsatsiak

Euskal Memoriak 1980ko hamarkadako itsasgarriak bildu ditu. Gai horrekin loturiko bigarren liburua da; 3.000tik gora ale aukeratu dituzte hamarkada bakoitzeko. Egileen arabera, irudiek garaian garaiko borrokak eta estetikak irudikatzen dituzte: «Hemeroteka sozial bat osatzen dute».
<b>3000tik gora itsasgarri.</b> Talde ugariren eta askotariko gaiak jorratzen dituzten irudiak bildu dituzte Euskal Memoriaren bildumaren bigarren alean.
3000tik gora itsasgarri. Talde ugariren eta askotariko gaiak jorratzen dituzten irudiak bildu dituzte Euskal Memoriaren bildumaren bigarren alean. EUSKAL MEMORIA / BERRIA

Jokin Sagarzazu -

2018ko irailak 29
Bereziki paparrean. Handik hona, mugimenduan. Baina baita geldirik ere, edonon: eraikin publikoetan eta hiri-altzarietan; tabernetan asko: paretetan eta komunetan... Euskal Herrian, bertakoak eta kanpotik ekarritakoak; eta Euskal Herrikoak beste herrialde batzuetan. Itsasgarriak. Publizitaterako tresna gisa, baina, bereziki, propaganda politikorako; «kale gerrillarako», Pablo Salgado gaian adituaren arabera. «Nork ez du inoiz eraman bat soinean? Izan manifestazio batean, izan herriko jaietan... Arropetan, bihotzetik gertu seguruenik, besteei esanez edo 'ni hau naiz', 'nik honekin bat egiten dut'».

«Aspalditik esaten da irudiaren gizartea dela gurea», dio Salgadok. Egin dira kartel politikoen bildumak, baina itsasgarriak diseinu grafikoaren «anai-arreba txikiak» dira oraindik ere. Hutsune hori betetzeko, Euskal Memoria fundazioak lan monografiko bat egitea eskaini zien horretan ari direnei: Euskal Herriko Pegatak 2 (1980-1989) da azken alea. Iaz kaleratu zuten lehena, 1965-1979 urteetako itsasgarriekin; eta beste bat ari dira prestatzen, 1990-1999koekin. Salgado koordinatzaileak adierazi duenez, lehen aldia da halako lan bat egiten dena, eta azpimarratu du bat datorrela Euskal Memoriaren «filosofiarekin: «Guk gure historia kontatzea». Fundazioaren lehendakari Iñaki Egañak azaldu duenez, bilduma «milaka lagunen lanaren» emaitza da; horrek erakusten du herritarrek «lan itzela» egin dutela eta egiten ari direla «herri honen» memoria gordetzeko.

Salgadoren arabera, garai zehatz baten «herri hemeroteka» gisa uler daiteke liburua. «Pegatek islatzen dituzte garaian garaiko borrokak, eta aldaketa politikoekin batera herri estetikan egondakoak». Gai zehatz batzuetan, hari bat nabari du aurreko hamarkadarekin: presoak, tortura, gerra zikina. Baina esaten du 1980. hamarkadakoetan «gatazka berriak» azaltzen direla, bereziki gazteekin loturikoak: langabezia, drogak, gaztetxeak... Baina baita hauteskundeei buruzkoak ere —frankismoaren osteko lehenak—, hemengo eta kanpoko gertaera politiko eta sozialekin loturikoak —Euskalduna, Lemoiz, NATO, sandinismoa...—, euskarari eta hezkuntzari buruzkoak... Hori gertatu zen, adituaren arabera, itsasgarrien produkzioa «erraztu» zelako, fotokopiagailu eta beste tresna batzuen bidez, eta «talde gehiagok» zutelako aukera halakoak egiteko.

Azpimarratu du hori itsasgarrien estetikan ere nabari dela. «1970eko hamarkadan, artistek erakundeentzat sortzen zituzten, oso landuak: horietako asko dira Oteizarenak, Basterretxearenak, Txillidarenak... Hurrengo hamarkadakoak soilagoak dira: nagusi da punk estetika». 1990eko hamarkadan, berriz, kaleko artearen «eztanda» gertatzen da eta itsasgarriak dimentsioa politikoa gainditzen dute, dioenez: «Lotura gehiago dute publizitatearekin eta artearekin».

Euskal Memoriaren bilduman politikarekin loturikoak azaltzen dira bereziki, baina denetarik dago. «Dena den, ia denetan nabari da politikaren eragina: orduan hala bizi zelako», dio Salgadok. Saiatu dira Euskal Herri osokoak biltzen —«ahalegin berezia» egin dute Ipar Euskal Herrian—, eta askotariko taldeenak biltzen; euskarazkoak «lehenetsi» dituzte. «Itsasgarriak lotuago daude ezkerreko taldeekin, herri mugimenduekin, talde txikiekin, haien mezuak gizarteratzeko tresna bakarrenetakoa zutelako».

Salgadok azaldu duenez, artxibo ofizialetan zaila da halakoak aurkitzea; bildu dituzte batzuk Gasteizko Antso Jakituna fundazioarenean eta Lazkaoko beneditarrenean (Gipuzkoa). Baina, bereziki, bildumagile partikularrengana jo dute, Iñaki de Nicolasek eginikotik abiatuta.

Haietako bat da Xabier Arginzoniz: 1975etik ari da itsasgarriak biltzen, eta 65.000 inguru ditu. «Herri baten historia dago atzean. Islatzen dituzte indarrak, ilusioak eta nahiak; horietako batzuk lortutakoak, eta beste batzuk oraindik ez», azpimarratu du.

Rikardo Gonzalez de Duranak ere bilduma oparoa du. Azaldu du itsasgarrien bidez ezagutu eta azter daitekeela «gure historia garaikidea», eta azpimarratu du halakoak baliagarriak izan litezkeela belaunaldien arteko transmisioa egiteko. Gonzalez de Duranak deia egin die etxean itsasgarriak dituztenei Euskal Memoriarekin harremanetan jartzeko.

Fundazioak lanean jarraituko du horretan eta beste gai batzuetan. Egañak jakinarazi duenez, euskal presoei buruzko liburu mardul bat kaleratuko dute datorren urtean. Aspalditik ari dira «lan erraldoi» horrekin, eta 1936ko gerran eta frankismoan espetxetik pasatutako 32.500 herritarren dokumentazioa bildu dute —webgunean jarri dute—. Azken 50 urteetan espetxeratuekin, berriz, liburu bat egin nahi dute: 7.000 presoren baino gehiagoren datuak jaso dituzte jada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna