Sakabanaketak hildakoei omenaldia egingo die Etxerat-ek

2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Larunbat eguerdian Gutun mezulariak izeneko ekitaldia egingo du Etxerat-ek, sakabanaketaren ondorioz hildako hamasei lagunak omentzeko. Gernika-Lumon elkartuko dira sakabanaketaren biktimen eta euskal preso eta iheslarien senideak, baita eragile politikoak, sozialak eta sindikalak ere. «Ekimen horren bidez, sakabanaketak eragindako hamasei biktimen aitortza lortzea eta salbuespenezko politika honi amaiera emateko premia aldarrikatzea dugu helburu», nabarmendu du Etxerat-ek. «Bakea eta elkarbizitza» lortzeko, biktima horiek aitortzea ere beharrekoa dela uste dute. «Indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika senideentzat kondena bat da, eta ezinbestekoa da egoera hau amaitzea», gaineratu dute. Horrelako ekimenekin, aurrera egin nahi dutela ziurtatu dute, baina «atzerako ispiluari begiratuz».

Urtzi Errazkin eta Patricia Perales bozeramaileek egin zuten aurkezpena, atzo, Bilbon. Azaldu zutenez, hitzek eta musikak protagonismo handia izango dute Gernikako Lizeo aretoan egingo den ekitaldian, eta hainbat artistak parte hartuko dute. Gonbidapena beharko da bertan sartzeko. «Bizirik eta etxean» nahi dituzte.

Datuei erreparatuz, urte honetan sei kotxe istripu eduki dituzte senide eta lagunek, presoen bisitetara bidean, Etxerat-en arabera. Egun, Sareren datuei erreparatuz, 254 euskal preso daude, gehienak Frantziako Estatuan eta Espainiakoan sakabanatuta. Horietatik %80 baino gehiago jaioterritik 400 kilometro baino urrunago daude. Ondorioz, astero senide guztien artean 13,2 buelta ematen dizkiote munduari, eta 110.112 euroko gastua eragiten die. 1982an izan ziren sakabanaketarengatikhildako lehenengoak, eta 2007an azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.