Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Emakume hautagaiak. Soilik legeak agindutakoa

Andre hautagaien presentzia igo arren, Espainiako Kongresurako hauteskundetako Hego Euskal Herriko zerrendaburuen %35 soilik dira emakumezkoak.
Legebiltzarreko andre politikarien biltzarra, iaz, Gernikan.
Legebiltzarreko andre politikarien biltzarra, iaz, Gernikan. MIGUEL TOÑA / EFE

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko apirilak 16
Hamabi urte beteko dira Espainiako hauteskundeen legedian gizon-emakumeen berdintasunerako neurriak ezarri zirenetik. Zehatzago, kuota sistema bat abiarazi zen, bermatzeko emakumeak izatea hautagaitza zerrenden %40 gutxienez. Neurri horren eragina auzitan jarri izan da urteotan: batetik, ez delako berehalakoan lortu gizonen eta emakumeen parekidetasuna zerrendetan; bestalde, legeak ez duelako halako araurik aurreikusten zerrendaburuentzako, eta, hortaz, emakume politikarien ikusgaitasuna eta eragiteko ahalmena txikiagoak dira. Datozen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, esaterako, Hego Euskal Herriko zerrendaburuen %35 ere ez dira andrazkoak. Emakume politikarien kantitateak egin du gora, legeak hala eskatuta; presentzia horren kalitatea nolakoa den, ordea, eztabaidagaia da egun.

Kuoten sistemak eragin zuzena du Hego Euskal Herriko alderdi politikoen hautagaitzak osatzeko garaian. Espainiako Gorteetarako bozetan, Kongresurako zerrendetan %47 dira andrazkoak; Senatuko hautagaietan, berriz, %40 dira andreak. Lurraldeka ere badago aldea. Besteak beste, Araban 44 hautagai aurkeztu dira bozetara, eta horietatik 22 dira emakumeak. Gipuzkoan ere, erdiak dira andrazkoak: 70etik 35. Nafarroan eta Bizkaian, ordea, ozta-ozta betetzen dute legea: 51 andrek izen eman dute hautagai gisa Bizkaian, eta 20k Nafarroan.

Senaturako hautagai zerrendetan, berriz, emakumeen presentzia bestelakoa da. Arabako zerrendetan andre gehiago daude gizonezko baino: 27tik hamabost. Baina Bizkaian nabarmena da andreen presentzia urria; 49 hautagaietatik hamabi dira emakumezkoak. Bestela esanda, ez dira %25era ailegatzen.

Edonola ere, zerrenda guztiak kontuan hartuta, guztiek betetzen dute legea, alderdiek gutxieneko %40ko presentzia bermatzen baitute. Halaber, errealitatearen argazkia bestelakoa da datozen apirilaren 28ko hauteskundeetako zerrendaburuei erreparatuta. Andreen ikusgaitasuna urria da; ondorioz, Hego Euskal Herriko hautagaietatik emakume gutxi ailegatuko dira Kongresuko edo Senatuko aulkietara. Horren erakusle, 2016ko hauteskundeetan, Hego Euskal Herritik 23 diputatu hautatu zituzten, haietatik bost emakume: Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Rosa Martinez, Nagua Alba, Isabel Salud eta Ione Belarra (Elkarrekin Podemos). Beraz, Hego Euskal Herriko diputatuen %21 besterik ez dira emakumeak; alegia, kuota sistemak ez du bermatzen gizon eta emakume politikarien arteko parekidetasunik.

Emakume zerrendaburuak

Besteak beste, zerrendaburuak hautatzerakoan andrerik ez dagoelako dute gero presentzia urriagoa Kongresuan eta Senatuan. Era berean, horren eraginez, emakume politikarien ahotsa ez da izaten hain aintzatetsia. Datozen hauteskundeetan ere, Hego Euskal Herritik Kongresura zerrendaburu doazen andreak %35 dira soilik. Altuagoa da kopurua Senatuan: %43. Ez batean, ez bestean, ordea, ez dute emakumeek gizonezko zerrendaburuen kopurua gainditzen.

Alderdika, PACMA da emakumeekin apustu argia egin duen bakarra. Senaturako eta Kongresurako hautagai zerrenda guztietan buru da andrazko bat, Gipuzkoan izan ezik. EH Bilduk, berriz, bina zerrendaburu ditu Kongresurako eta Senaturako: Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta, Arantza Gutierrez eta Garazi Dorronsoro. Elkarrekin Podemosek ere bi zerrendaburu andre ditu Kongresurako: Pilar Garrido eta Ione Belarra. Senaturako, berriz, andre bakarra jarri dute zerrendaburu, Araban: Concepcion Palencia.

EAJri dagokionez, Senaturako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagai buru jarri ditu Almudena Otaola, Nerea Ahedo eta Maria Isabel Vaquero. Gainontzeko alderdiek apenas duten hautagai buru emakumerik: Isabel Zelaa (PSE), Nerea Alzola (Vox), Beatriz Alvarez (PP)...

Hautagaien zerrenda guztiek betetzen dute Hauteskunde legearen berdintasun irizpidea Hego Euskal Herrian, baina andre politikarien ikusgaitasuna urria da oraindik, oraindik ere alde handia baitago hautagai izatetik hautatua izan ahal izatera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna