Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Memoria historikoa. Francoren harlauza

Diktadorea hobitik ateratzearen auziak agerian utzi du frankismoko biktimek ere dituzten oztopoak; legedia aldatzea proposatu dute.
Iazko urrian Francoren hilobian eginiko pintaketak, «askatasunaren alde».
Iazko urrian Francoren hilobian eginiko pintaketak, «askatasunaren alde». PEDRO ARMESTRE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2019ko apirilak 19

Ustelduta. 1.500 kiloko harlauza baten azpian. Hala segitzen dute Francoren gorpuzkiek Erorien Haranean (Madril), nork mugituko zain. Horretarako eguna jarria zuen jarduneko gobernuak: ekainaren 10a. Hauteskunde kanpainaren atarian egin zuen iragarpena, aurrez Espainiako Kongresuaren babesa jasota —PP eta Ciudadanos abstenitu egin ziren—, eta lege dekretu baten bidez. Baina baliorik ez du oraingoz. Izan ere, diktadorearen familiak jarritako helegiteak direla-eta, etenda dago erabakia, eta hobitik ateratzeko prozesua. Auzitegi Gorenak du azken hitza. Eta epaileek esandakoa obeditu beharko du gobernu berriak, gorpua handik ateratzearen alde egon zein ez.

Aspaldiko eskaera da Franco Erorien Haranetik mugitzekoa; eta harekin batera hango hobi komunetan dauden ia 35.000 pertsonen gorpuzkiak ateratzearena: 1936ko gerran hildakoak dira, gehienak antifaxistak. 2007ko Memoria Historikoaren legeak aurreikusten du «memoriarako gune» bihurtzea egun Eliza Katolikoaren esku dagoen mausoleoa. 2011n Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak (PSOE) aurkeztu zuen horri begirako proiektua: besteak beste, Franco handik ateratzea gomendatzen zuten adituek. Hilabete geroago eskuratu zuen agintea Mariano Rajoyk (PP), eta bazter utzi zuen egitasmoa; baita Memoria Historikoaren Legea ere.

«Zero euro memoria historikorako». Esan eta bete egin zuen Rajoyk. Bere bi agintaldietan soilik lehen aurrekontuetan (2013) jaso zuen horretarako dirua; aurrekoetan sozialistek banatutakoa baino %60 gutxiago. Hortik aurrera, ezer ez. Lehen urtean, halaber, itxi egin zuen biktimen arretarako bulegoa. «Frankismoko biktimak beren gurasoez gogoratu dira haiek bilatzeko diru laguntzak eman dizkietenean», esan zuen PPk Kongresuan zuen bozeramaile Rafael Hernandok.

Diktaduraren ondorengo urteetan bezala, ahaztura berrezartzen ahalegindu zen Rajoy. Bere agintaldiak iraun zuen zazpi urteetan, baina, NBE Nazio Batuen Erakundeak hainbatean ohartarazi zion hobi komunetan dauden gorpuzkiak atera behar zituela, eta gogora ekarri, besteak beste, identifikatu gabeko hildako gehien duten herrialdeetan bigarren dela, Kanbodiaren ostean. Dauden hobi guztien laurdenak baino gutxiago zabaldu dituzte Espainian. Euskal Herrian, berriz, bestelakoa da egoera; bertako gobernuek finantzatu egin dituzte lanok: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, hobiak aurkitu dituzte, eta atera dituzte han zeuden gorpuzkiak. Nafarroan ere, abian da hobiak irekitzeko plan bat.

Gerran hildakoez gain, diktaduran errepresaliatuek ere babes instituzionalik ez dute jaso ia. Estatu indarkeriaren erantzuleak epaitzeko saioek ez dute aurrera egin, 1977ko Amnistia Legea dela-eta. Horiek gizateriaren aurkako krimenak direla argudiatuta, bide bat zabaldu dute biktimek Argentinan, Maria Servini epailearen bidez, baina orain artekoek ez dute emaitzarik izan.

Epaileek dute azken hitza

Espainiako auzitegietan eta jurisprudentzian eragiteko orain arteko saioek porrot egin dutela kontuan hartuta, legea aldatzea beste biderik ez dute alor horretan urratsak egin nahi dituztenek. Nahi ez dutenak —PP eta, bereziki, Vox— argi mintzatu dira, eta orain arte eginiko urratsak desegiteko asmoa erakutsi dute: Memoria Historikoaren Legea indargabetzea proposatu dute. 1977ko Amnistiaren Legea da, baina, harlauza nagusia. Gobernatzeko aukera duten alderdien artean, soilik Unidas Podemosek proposatu du erreformatzea. Horrek behartuko lituzke epaileak orain arteko jarrera aldatzera. Gauza bera Francoren gorpuzkien auzian. Erorien Haranetik ateratzearen aurka ebatzi baitezakete Goreneko magistratuek, Sanchezen dekretuaren aurka; akaso horregatik jaso du PSOEk bere programan mausoleoaren legezko izaera aldatzea.

Auzitan dago frankismoa. Eta lurpean, ustelduta, diktadorearen gorpua. Orain artekoek, baina, agerian utzi dute bizirik jarraitzen dutela haren gorputzetik elikatu diren bizkarroiek.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Hemezortzi kasu atzeman dituzte Zamudioko zahar etxe batean

Berria

Donostiako eta Bilboko bi zahar etxeetan ere positiboak izan dira.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Beste zazpi positibo euskal taldeen artean

Berria

Athleticen sei jokalarik eman dute positibo, eta Osasunan, berriz, Jagoba Arrasate entrenatzaileak. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria