Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa

Senatua. Eskuineko haizea alda dadin

'Aldaketa' izenpean, koalizioan aurkeztuko dira Espainiako Senatura Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra. Eskuineko fronteari aitzin egin nahi diote.

Iñaki Bernal, Ricardo Feliu, Anika Lujan eta Arturo Goldarazena Aldaketa koalizioko kideak, martxoaren 26an, Iruñean.
Iñaki Bernal, Ricardo Feliu, Anika Lujan eta Arturo Goldarazena Aldaketa koalizioko kideak, martxoaren 26an, Iruñean. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larretxea Agirre -

2019ko apirilak 21

Espainiako Kongresurako hauteskundeak ez ezik, gaur zortzi Senaturako hauteskundeak ere izango dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. Sarri jendeak ahaztu ohi duen ganbera da Senatua; alta, uste baino garrantzitsuagoa da, lurraldeekin zerikusia duten auziak han erabakitzen baitira. Kongresuan ez bezala, Senatuan eserlekuak ez dira proportzionalki banatzen, herrialdeko lehen indarrak lortzen baititu jokoan dauden lau eserlekuetatik hiru. Horrek ahalbidetu du historikoki eskuinak kontrolatutako eremu bat izatea. Antzera gertatu izan da Nafarroan ere. Duela lau urteko hauteskundeetan, lau eserlekuetatik hiru eskuratu zituen UPNk. Horri aitzin egiteko, 2015eko bozetan egin bezala, Nafarroan Aldaketa hautagaitza bateratua aurkeztu dute Gero Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak.

 

Berezitasun propioak ditu Senatuak, eta, nagusiki, berezitasun horiek bultzatu dituzte lau taldeak Aldaketa zerrendan batera aurkeztera. Hori nabarmendu dute Ricardo Feliu, Arturo Goldarazena eta Anika Lujan hautagaiek. Lau taldeek, duela lau urte, Nafarroako gobernu akordioa sinatu zuten, eta aldaketaren oinarria Senatura eraman asmo dute orain.

Autogobernuaren defentsa

Nafarroako autogobernuaren eta eskubide demokratikoen defentsa dira hautagaitzaren ardatz nagusiak, Espainiako Konstituzioko 155. artikuluaren gaitzespenarekin batera. Autogobernuaren defentsa sendoa egin behar dela diote Feliuk, Goldarazenak eta Lujanek, eta autogobernuak Nafarroari ematen dizkion onurak defendatu behar direla. Horretarako, eskuineko alderdiek Senatuan duten zentralitatea hautsi nahi dute. «Ezkerreko Nafarroa progresistaren interesak defendatu behar ditugu. Apustu estrategikoa da Nafarroako ezkerreko ahotsa Madrilen ordezkatua egon dadin», esan du Goldarazenak. Hiru hautagaiek argi dute bakarrik joanda zaila dela hori lortzea, eta horregatik egin dute apustu koalizioan aurkeztearen alde.

Autogobernuaren defentsaz harago, gizartearen inboluzio egoera ere kezka iturri da koalizioarentzat. Hori nabarmendu du Feliuk: «Urte luzeetako borrokaren ondorioz lortutako askatasuna kentzen ari dira». Bide beretik jo du Lujanek: «Zentzu askotan atzera goaz, eta, hori neutralizatzeko, Senatuan egon behar dugu». Kezkaz bizi dute Espainiako PPk 155. artikulua aplikatu izana Katalunian, baita berriro ezarriko duten mehatxua zabaldu izana ere. Kataluniaz harago bertze herrialdeei zuzendutako mezua ere badela uste dute hautagaiek.

Aldaketa ez da Nafarroatik Senatura aurkeztuko den hautagaitza bateratu bakarra, Navarra Suma izenpean koalizioan aurkeztuko baitira UPN, Ciudadanos eta PP Espainiako Gorteetara. Eskuineko koalizioak sektarismoan egonkortutako diskurtso zaharra duela uste dute Aldaketakoek. Lujanek adierazi du haiek ez dutela proposatu ezer berririk. Feliuk, berriz, uste du iraganean iltzatuta jarraitzen dutela, eta erantsi du «tentsioa eta urduritasuna» nabaritzen dituela Navarra Sumaren barruan.

Tentsioaz harago, Navarra Sumako alderdien artean desadostasunak agerikoak direla uste du Goldarazenak: «Inolako oinarririk ez duten gezurrak erraten ari dira, beraien programaren berri eman beharrean. Bitartean, beren artean liskarrak bertzerik ez dute». Lujanek ere diskurtsorik eza nabaritzen du Navarra Suma koalizioan: «Eserlekuak ondo lotu dituzte, baina ondotik kontraesanetan erortzen dira eta ez dute diskurtso bateraturik». Navarra Sumak ez ezik, PSNren anbiguotasunak ere kezkatzen du Feliu: «Eskuinak bere diskurtsoa argi erakusten du, baina PSN anbiguotasunean mugitzen da; ez dakit zer jokotan ari den».

Hauteskunde kanpainan ohikoa izaten da tentsioa, eta espero izatekoa da gorantz eginen duela egunak aurrera joan ahala. Kongresurako bozetarako bakoitzak bere zerrenda propioa osatu duenez, aldi berean bi kanpaina egiten ari dira Aldaketa koalizioko hautagaiak. Bi kanpaina denbora tarte berean egiteak maila praktikoan zailtasunak sor ditzakeela onartu dute Senatuko zerrendako kideek.

Markaren ezagutza falta

2015ean aurkeztu zen lehenengo aldiz Aldaketa Senaturako hautagaitza bateratua. Orduko hartan, 3.000 botogatik irabazita, herrialdean UPNk hiru aulki eskuratu zituen, eta laugarrena, Aldaketak. Baina Aldaketa koalizioak gabezia nabarmen bat izan zuen: bertako indar politikoek, bakoitza aparte aurkeztuta, 146.000 boto lortu zituzten Kongresurako, baina Senaturako, batera joanda, 50.000 boto gutxiago. Sei hilabete iraun zuen legealdiak, eta 2016ko ekainean egindako bozetan Aldaketako talde bakoitzak bere hautagaitza aurkeztu zuen Senaturako; haien artetik, Elkarrekin Podemosek bakarrik lortu zuen ordezkaritza.

Orain aurkeztu duten marka, beraz, ez da berria; duela lau urtetik dator, baina jendearen ezagutza falta da markaren arrisku nagusia. Argi dute hori hiru hautagaiek, eta zalantzarik ez dute marka ezagutarazteko lan egin beharko dutela kanpainan. «Kongresurako alderdi bakoitzak lortzen dituen botoen batuketa izan behar da Senatuko boto kopurua. Oinarrizkoa da botopaperetan hiru gurutzeak markatzea», azaldu du Lujanek.

Senaturako hauteskundeetan Aldaketakoak zerrenda bakarrean aurkeztuagatik, herritarrak nahi duen hautagaiaren alde bozkatu dezake; gehienez, hiru. Alderdikeriak alde batera utzi, eta bozkatzera deitu du Lujanek. Eta etxean ez gelditzeko deia egin du Feliuk: «Eskuina bozkatzera joango da. Horregatik da hain garrantzitsua jende guztia bozkatzera animatzea».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna