Estatus berriaren oinarriak Europako Legebiltzarrean aurkeztuko dituzte

Konferentzia bat egingo dute gaur Bruselan, eta han hitz egingo dute EAJk eta EH Bilduk

Jon O. Urain -

2018ko urriak 10
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatus politiko berrirako onartu dituen oinarrien berri izango dute gaur Europako Parlamentuan. Autodeterminazio eskubideari buruzko konferentzia bat antolatu dute Bruselan, eta hitz egitekoak dira Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarreko EAJko eta EH Bilduko bozeramaileak. EAJk jakinarazi duenez, Egibarrek «euskal autogobernuaren esperientzia» izango du hizpide, Euskal Herria «estaturik gabeko nazio» den heinean. Horren harira aipatuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoa eguneratzeko eztabaida ere.

Iriarte ere Autogobernu Lantaldean adostutako oinarriez ariko da hizketan. Haren esanetan, «konferentzian oso aukera ona dugu Euskal Herrian zabalik dugun prozesua Europako Parlamentuko mahai gainean jartzeko, Europako erdigunean; oso interesgarria izango da beste herri batzuen esperientziak ezagutzea eta ikasgaiak ateratzea».

Jardunaldia Ordezkapenik Gabeko Nazio eta Herrien Erakundeak eta Kataluniaren eta Europako Batasunaren arteko elkarrizketa sustatzearen aldeko plataformak antolatu dute, GUE-NGL, Berdeak-ALE eta ALDE taldeek babestuta. 09:00etan hasiko da, eta Kataluniaz, Eskoziaz, Kaledonia Berriaz eta Faroe uharteez ere jardungo dute.

Bi zati bereizi dituzte; aurrenekoan, autodeterminazio eskubidea aitortua ez duten kasuak jorratuko dituzte —Euskal Herria eta Katalunia—, eta, bigarrenean, aitortua dutenena. Izan ere, Kaledonia Berrian autodeterminazio erreferendum bat egitekoak dira azaroaren 4an, eta, Faroe uharteetan, eskubide hori jasoko duen konstituzio erreformaz dira bozkatzekoak datozen hilabeteetan. Eskozian, 2014ko irailean egin zuten estatu independente izateari buruzko galdeketa.

Amaitzeko, ikuspuntu juridikotik aztertuko dute autodeterminazio eskubideak eta erabakitzekoak zer leku duten giza eskubideen alorrean; bereziki, Europako Batasunaren testuinguruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna