Koronabirusa

Bigarren olatuan baino ospitaleratu gehiago daude gaur Hego Euskal Herrian

1.113 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa %7,6 da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gora doa intzidentzia metatua; Nafarroan, apaldu egin da

Osasun langileak lanean Gurutzetako ospitalean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
COVID-19aren transmisio datuak osorik aztertuta, ondorioa argia da: goranzko joerak ez du etenik Hego Euskal Herrian. Nabaria da kasu berrien kopuruan, positibo tasan, eta baita ospitaleen eta ZIUen okupazioan ere. Datuak herrialdeka ikusita, baina, ñabardurak azaleratzen dira: Nafarroan, emeki bada ere, hasiak dira kurba apaltzen; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ez dirudi kutsatze datuek goia jo dutenik.

Guztira, 14.625 PCR eta antigeno proba egin zituzten igandean Hegoaldean, eta horietatik 1.113k eman dute positibo. Hortaz, positibo tasa %7,6 da orain. Herrialdeka, 149 positibo atzeman zituzten Araban, 474 Bizkaian, 317 Gipuzkoan, eta 161 Nafarroan.

Datu hori oso aldakorra da, ordea. Positibo berrien kopurua unean uneko argazki bat da, eta ez du balio izurriaren bilakaerari neurria hartzeko. Egoeraren erretratu fidagarriagoa eskaintzen du intzidentzia metatuaren grafikoak. Horren arabera, Bizkaia da egoera zailenean den herrialdea: azken 14 egunotako PCR eta antigeno testetan atzemandako positiboak aintzat hartuta, 719,43ko intzidentzia metatua du, 100.000 biztanleko. Azaroaren erdialdetik jasotako intzidentziarik altuena da; bigarren olatua bere mailarik gorenean zegoen egunetan atzemandakoaren pare.

Araban, egoera ez da samurragoa: 657,69 kasu 100.000 biztanleko, bigarren olatuan erregistratutakoa baino dezente gehiago. Datua handia da Gipuzkoan ere 577,53 positibo 100.000 biztanleko, baina azaroaren erdialdean atzemandakotik urrun oraindik. Hegoaldeko herrialdeen artean, Nafarroa da intzidentzia tasaren hazkundea pixkanaka apaltzen ari den bakarra: 458,93, 100.000 biztanleko. Astebetean, %8 murriztu dira positibo berriak herrialde horretan.

Kezkarik handiena, baina, ospitaleen egoerak eragiten du. 57 ospitaleratzeren berri eman zuten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira, 974 dira COVID-19agatik Hegoaldean ospitaleratutako pazienteak. Horrek esan nahi du pertsona gehiago daudela orain koronabirusagatik ospitaleetan, bigarren olatuaren gailurrean baino. Hain zuzen, izurriaren bigarren uhinak azaroaren 9an jo zuen goia Hegoaldeko ospitaleetan: 958 gaixo zeuden egun horretan erietxeratuta.

ZIU zainketa intentsiboetako unitateen egoera ere ez da ona: 195 paziente daude hor, larri.

Bi heriotzaren berri ere eman zuen atzo Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak: igandean, 88 urteko gizonezko bat zendu zen; eta aurreko egunetan, berriz, 95 urteko emakumezko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.