Erditzea, bortxa bihurtuta

Euskal Herriko bi emakumek NBEra jo dute, erditzean indarkeria obstetrikoa jasan zutela salatzeko. Baimenik gabeko interbentzioak, ahozko tratu txarrak eta zigorrak izan zirela azaldu dute.
BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2019ko otsailak 27
Seme zaharraren lehen hiru hilabeteez ez du oroitzapenik Amaiak: «Ez daukat irudirik buruan; argazkien bidez dakit zer egin genuen». Erditzean jasandakoaren ondorioz, trauma osteko estres larria diagnostikatu zioten; gerra egoera baten sentipena datorkio burura hura gogoratzean: «Tortura bat izan zen: nire gorputzarekin nahi zutena egin zuten, une oro boterea erabiliz». Tortura hitza erabili du Edurnek ere: «Zure borondatea makurrarazten dute». Eta ondorio larriak dituela berretsi du: «Ni hiru ordu baino ez nintzen egon erditze gelan, baina bizitza izorratu zidaten urte askorako». Nazio Batuen Erakundera jo dute Amaiak eta Edurnek —ez dira benetako izenak—, Espainiako bi andrerekin batera, erditzean indarkeria obstetrikoa pairatu zutela salatzera.

2012an erditu ziren; Amaia, lehen umeaz, 25 urterekin; eta Edurne, bigarrenaz, 43rekin. Urteak igaro dira, zauriak sendatzeko tratamenduan izan dira biak, baina erditzea gogoratzeak saminik sakonena esnarazten die. «Oraindik puskatu egiten naiz», onartu du Amaiak.

Zesarea bat egin zioten Amaiari, baimenik gabe. «Ur poltsa hautsita iritsi nintzen Donostiako ospitalera, eta han entzun genuen lehen gauza izan zen ez zegoela oherik». Haren ustez, baliabide faltak baldintzatu zuen prozesua. Lehenik, erditzea eragin zioten: «Dilatatzen ari nintzen, kontrakzioak nituen, dena ondo zihoan, baina luzatzen ari zen; itxaroteko eskatu nien, baina esan zidaten goizaldeko 04:00etan ez zutela indukziorik egiten».

Erditze gelan oxitozina eman zioten, eta monitorizazio jarraitua ipini zioten. «Ordu pila bat egin nituen ia mugitu ezinda». Tartean, miatze mingarri bat egin zioten baginan: «Gero jakin nuen Hamiltonen maniobra zela: poltsaren mintzak bereiztean datza, erditzea aktibatzen laguntzeko; baimenarekin egin behar da, baina niri ez zidaten eskatu».

Ondoren, hiru ginekologok jakinarazi zioten zesarea bat egingo ziotela: «Umea eta ni ondo geunden; beraz, fetuaren sufrimenduari buruzko proba eskatu nuen, eta esan zidaten ez zuela merezi. Haserretu ziren: 'Ospitalera bazatoz, guk dioguna egin behar duzu. Bestela, ez etorri'. Emaginak miaketa bat egin zidan, eta esan zidan erditzea ondo zihoala, baina medikuek jada erabakia zutela». Zesarearen arriskuei buruz ere galdetu zuen: «Esan zidaten ebakuntza gelara eraman eta 40 minutuan jaioko zela umea; hori besterik ez zidaten azaldu ebakuntza handi bati buruz. Amore eman nuen».

«Zigortu egin ninduten»

Ebakuntza gelako egoera ez zen samurragoa izan. «Beso zabalik jarri ninduten, biluzik, jendea sartu eta atera zebilela. Oihala neukan aurrean, emagina ere ezin nuen ikusi. Operazioan zehar, haien artean hitz egiten entzun nituen, tartean, ikasleei ebakuntza pausoz pauso azaltzen. Haurra jaio zen momentua ere ez zuten errespetatu; hizketan jarraitu zuten». Ez zioten umea berehala eraman: «Zigortu egin ninduten. Orduan sentitu nuen jada hil nintekeela: ezin nuen gehiago, ezin zidaten ezer gehiago egin. Erditze bortitzak dituzten emakume askok kontatzen dute hori; ihes egin nahi duzu, baina ezin duzunez, zeure burua abandonatzen duzu: gerta dadila gertatu behar dena, eta hiltzen banaiz... Bortxaketetan bezala».

Erditze plana zuen Amaiak, baina uste du horrek bere aurka egin zuela: «Ez nuen beste munduko ezer eskatu: interbentzioren bat egitekotan, gu informatzea, eta erabaki ahal izatea. Baina askorentzat erditze plana duen emakumea arriskutsua da, haien lanean sartzen delako; beraz, zigortu egin behar da». Bat etorri da Edurne. Aipatu du umiltasun gutxi dagoela osasun langileen artean, oro har: «Uste dute eurek dena dakitela, eta zuk egiten utzi behar diezula, emakumea zarelako eta ideiarik ez duzulako. Eta andreok barneratuta daukagu hori jasan behar dugula».

Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) emagin batekin izan zituen arazoak Edurnek: «Hasiera-hasieratik». Erditzeei buruzko gidetako gomendioen urratze etengabea da haren kontakizuna: «Ez zidan utzi mugitzen: ohean buruz gora jartzeko esan zidan, nahiz eta ezin nuen ia arnasarik hartu. Ez zidan utzi ura edaten, nahiz eta frogatuta dagoen likido argiak edan daitezkeela. Nire senarrari ez zion sartzen utzi. Oso tonu autoritarioa zuen, etengabe ari zitzaidan aginduak ematen, gaizki tratatzen, esaten ez nuela aguantatuko...».

«'Ez moztu!'»

Egozte fasea hastean utzi zioten Edurneren bikotekideari gelan sartzen. Baina orduan ere ezin izan zuen jarraibideen arabera jardun: «Uste nuen nik nahi nuenean bultzatu ahalko nuela, baina ez: emaginak esan zidan noiz bultzatu, eta, gainera, esan zidan apnean izan behar zela, hau da, arnasa hartu gabe, ebidentzia zientifikoak dioenaren kontra». Handik 45 minutura, tresna batzuk hurbildu zituen emaginak: «Ohartu nintzen episiotomia bat egiteko prestatzen hasi zela, galdetu gabe. Ohikoa da abisatu gabe egitea; izatez, andre batzuek ez dute jakiten episiotomia egin dietenik, uste dute baginako puntuak urratze baten ondorio direla. Baina ni ondo dilatatuta nengoen, ez zegoen arazorik erditzean. Eta hori ezin nuen onartu».

Emaginari argi adierazi zion ez zuela episiotomiarik nahi: «Gutxienez bost aldiz esan nion; eta moztera etorri zenean, eskuak ipini nituen perineoaren aurrean: 'Ez moztu!'. Alde egin zuen, eta itzuli zenean, abisatu gabe, bultzatzen ere ez nengoela, moztu egin zidan. Kalean labankada bat sartu izan balidate bezalakoa izan zen. Nire alaba atera zuen berehala, eta, noski, ez zidan ekarri». Errietan hasi zitzaion orduan: «Umea kendu beharko lidaketela ere esan zidan, txarto portatzeagatik». Eta gertatutakoaren berri eman zuen historia klinikoan. «Bere akatsa utzi zuen idatzita: nola ez den tratatu behar erditzen ari den emakume bat».

Episiotomiak ondorio larriak utzi zizkion Edurneri. Min fisiko handia: «Fisioterapiaren bidez arindu nuen; nire poltsikotik ordainduta». Eta kalte psikologiko nabarmena: «Urtebete baino gehiago egon nintzen sexu harremanak izan ezinik».

Gaineratu du esfortzu handia egin duela auzitara iristeko: «Dena ahazten saiatu naiz, nire bizitza gehiegi baldintzatzen zuelako. Baina, nire ustez, emakume batek esaten duenean pertsona batek bagina moztu diola bere borondatearen kontra, pertsona hori atxilotu behar lukete». Amaiak berretsi du auzitara oso kasu gutxi heltzen direla, prozesu gogorra eta mingarria delako. Eta, sarri, bide antzua: biei bota dizkiete atzera salaketak. «Osasun eta justizia sistemek babesten dute indarkeria hau».

Horregatik erabaki dute NBEra jotzea; oraingoz, Espainiako Estatuari azalpenak eskatzea lortu dute. «Nire helburua da hori egin zidaten ginekologoek mahai gainean edukitzea nire kasua, ikus dezaten gaizki egin zutela. Ez diezaioten beste inori egin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna