Gorenak ganberaren esku utzi du kargua eteteko erabakia

Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Jada akta hartu dute kartzelatutako diputatuek eta senatariek, eta kargua hartzekoak dira gaur, baina ez dago argi diputatu eta senatari izaten jarraitu ahal izango duten. Kataluniako Parlamentuan parlamentari zirenean, Auzitegi Gorenak kargua eten zien, argudiatuz haien kontrako auzipetze autoa irmoa zela, eta behin-behinean espetxeratuta zeudela. Kasu honetan, baina, Kongresuko Mahaiaren esku utzi du erabakia, eta hala jakinarazi dio behe ganberako organo nagusiari.

Hainbat egunkarik iturri judizialak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Gorenak adierazi dio Mahaiari ganberaren arautegiak jasotzen duela oraingoaren moduko egoera batean zer egin. 21.2 artikuluak dio diputatu bati kargua etengo diotela, ganberak erregu eskaeraren helburua baimendu duenean, eta auzipetze autoa irmoa denean zein diputatua behin-behinean kartzelan dagoenean. Artikuluaren aginduetako bi betetzen dira; Gorenak, ordea, diputatu espetxeratuen defentsek egindako erregu eskaera baztertu zuen lehengo astean. Abokatuek nahi zuten ganberak berak erabakitzea epaiketarekin jarraitu ala ez. Gertatu daiteke, beraz, Mahaiak artikulu hori ez aplikatzea, erregu eskaerarik ez denez egon aginduetako bat ez baita betetzen. Nolanahi ere, ganberako letradunak agertoki hori aztertzen ari dira. Zenbait egunkarik atzo argitaratu zutenez, egun batzuk barru emango dute auziari buruzko haien iritzia.

Bide batez, Mahaia gaur osatuko dute. PSOEk eta Unidas Podemosek horren osaketari buruzko akordio bat lortu zuten aurreko astean. Hiru kide PSOEkoak izango dira, eta beste bina Unidas Podemosekoak, PPkoak eta Ciudadanosekoak. PSOEk Meritxell Batet proposatu du ganberako presidente izateko.

Bestela, Kongresuak pilota Gorenaren teilatuan utziko balu berriro, magistratuek uste dute Katalunian joan den udan egindakoa egin daitekeela berriro. Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aplikatu zuen Gorenak orduan. Horren arabera, kargu politiko bati kargu publikoa eteten zaio baldin eta matxinada delituagatik auzipetua eta kartzelatua baldin badago. Hori da hautetsi independentisten kasua.

Horiei kargua eteteko eskatu zuten PPk eta Ciudadanosek, atzo. Laura Borras JxCkoarentzat, hautetsiek uste dute Mahaiak haien eskubideak defendatuko dituela. Kargua etengo baliete, horrek Kongresuaren gehiengo osoari eragingo lioke, 176tik 174ra pasatuko bailitzateke. Aintzat hartu behar da, halere, Katalunian ordezkatuak izateko mekanismo bat ahalbidetu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.