Euskarak eutsi, erdarek irabazi

Aurtengo aurrematrikulazio kanpainak ez du berrikuntza handirik ekarri Nafarroan, baina agerian utzi du azken urteotako joera: euskarazko D ereduak %30 inguruan segitzen du, mugitu gabe. Erdara hutsezko eredua, berriz, pixkaka-pixkaka ari da hazten, ingelesezko programek hauspotuta.

Iruñeko haur eskola bateko haurrak jolasean, artxiboko irudi batean.
Iruñeko haur eskola bateko haurrak jolasean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Garikoitz Goikoetxea. Ion Orzaiz -

2019ko otsailak 20

Urteotako joerak berretsi egin dituzte Nafarroako aurrematrikulazio datuek. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, bi giltzarri: batetik, D ereduak, euskarazkoak, aurreko ikasturteetako mailari eutsi dio—%30eko mugarria gainditu ezinik—; bestetik, A eredua, euskara ikasgai duena, lekua galtzen ari da, eta %20tik behera dago orain. Txanponaren beste aldean, erdara hutsezko G eredua: pixkanaka gora egin du urteotan, eta aurrematrikulan ikasleen erdiek baino gehiagok hautatu dute. Gorakada horren oinarrian PAIren gisako ingeles programak daude: erdarazko ereduko ikasleen %3k soilik izango dute gaztelania irakats-hizkuntza bakar gisa, gainerakoek ingelesez eta gaztelaniaz ikasiko dute. Hots, Nafarroako ikasle berrien erdiek ez dute euskara ikasgai gisa ere izango.

Orain bi aste izan zuten aurrematrikulatzeko aukera Nafarroako ikasleek, hilaren 4tik 8ra. Hezkuntza Departamentuak ostiralean kaleratu zituen izen emateari buruzko datuak. Ia 5.900 haur aurrematrikulatu dituzte irailean Haur Hezkuntzan hasteko, iazko paretsuan; hala ere, aurreikuspena da 3 urteko beste 300 bat ikasle izango direla. Familia gehienek lortu dute tokia hautatutako ikastetxean: %99k. Gainerakoen kasuan, zozketa publikoa egin dute.

(Jarraitu irakurtzen grafikoaren ondoren)



Bost ikasle berritik hiruk eskola publikoa hautatu dute, eta denek lortu dute lekua. Itunpeko ikastetxe batzuetan izan dira toki faltak. Aurreko urteekin alderatuta, sare publikoan puntu bat jaitsi da izen emateen kopurua. Datu hori oinarri hartuta, gobernuaren aurka jo dute PSNk eta PPk: lehenbizikoaren ustez, «baliabide» arazoa da; bigarrenak dio gobernuaren «interes partidistek» eragin dutela jaitsiera hori sare publikoan. Atzo, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak erantzun zien urtetik urterako aldaketa «hutsaren hurrengoa» dela, eta datuen irakurketa «zintzoa» egiteko eskatu zien oposizioko taldeei.

Aurrematrikulazioko zenbakiak hizkuntza ereduaren arabera aztertuta ere, egiturazko aldaketarik ez da ageri. D eredua, adibidez, iazko proportzio berean dago aurten: ikasleen %29,4. «Espero genituen datuak izan dira», laburbildu du NIZE Nafarroako ikastetxeetako zuzendarien elkarteko ordezkari Marga Naranjok. Berriozarko D ereduko Mendialdea II ikastetxe publikoko zuzendaria da, eta, azken urteotako bilakaera aztertuta, euskararen «egonkortasuna» nabarmendu du: «Azken urteetako joera argia da. Hala ere, aldea dago eremuen artean; aurrematrikulazioa igo da ikastetxe batzuetan, eta beste batzuetan, jaitsi; guk, adibidez, 35 ikasle berri espero genituen, eta 49k eman dute izena».

NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak ere askotariko emaitzak izan ditu: %4ko igoera Nafarroa osoko datuak aintzat hartuta, baina oso errealitate ezberdinak eremuka: «Iruñerrian dezenteko igoera izan dugu, %9, eta hamalau familia gelditu dira itxaron zerrendan. Estellerrian, berriz, jaitsiera nabaritu dugu», azaldu du NIEko zuzendari Josu Reparazek.

Gorabehera horien atzean, «faktore asko» egon daitezkeela gaineratu dute Nafarroako ikastoletako eta NIZEko ordezkariek. Arrazoi nabarmenena, ordea, PAI programak hauspotutako eredu erdaldunaren hazkundea da. Izan ere, euskara ikasgai gisara duen A ereduak behera egin du azken urteetan —%19raino—, eta bidean galdutako ehuneko hori erdara hutsezko G ereduak jaso du —%51,3—. Hainbat urtez gainbeheran egon zen G eredua, 2007-2008ko ikasturtean UPNren gobernuak PAI ingelesez ikasteko programa hedatzeari ekin zion arte. Orduan aldatu zen joera.

«Argi dago D eredua ez dela handitzen ari, ebidentzia bat da hori, eta horretan eragin handia du PAI programak», azaldu du Reparazek. Hala ere, gogoeta egiteko tenorean, beste faktore batzuk ere aintzat hartzeko galdegin du: besteak beste, immigrazioa. «Gero eta gehiago dira kanpotik datozen familiak, eta lan handia egin behar dugu horiei harrera egiteko eta euskarazko ereduetara erakartzeko. Auzi estrategikoa da, hausnarketa sakona eskatzen diguna».

Castejonen eskaintza berria

Datu orokorrek utzitako zapore gazi-gozoaz harago, esperantzarako motiboak antzeman dituzte hezkuntza komunitateko kideek. Sortzen elkarteko Aitziber Lizeagak, adibidez, Castejonen aurten zabalduko duten D ereduko lerro berria azpimarratu du: «Hamabi eskaera jaso dituzte, eta hori oso datu ona da Euskararen Legeak diskriminatutako eremuko herri batean». Lizeagaren irudiko, euskara «egonkortzen» ari da Nafarroako hegoaldean: «Mamuak uxatzen ari gara pixkanaka, eta berebiziko garrantzia du horrek. Euskarazko lerroa zabaldu den herrietan ez dute atzera egin». Gaur egun, eremu misto eta ez-euskalduneko hamahiru udalerritan eskaintzen dute D eredu publikoa. Bilakaera horrek etorkizunean eragin positiboa izanen duela uste du Lizeagak: «Oso garrantzitsua da herritarrak izan direla aldaketaren motorra, D ereduaren berri eman dietelako beste guraso batzuei eta urteetan zabaldutako mito faltsuak eraisten lagundu dute. Hazi polita erein dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna