Francisco Rodriguez. SmartEnCity proiektuko koordinatzailea

«Europak gauzak nola egin aurkitu nahi du»

Gasteiz, Tartu (Estonia) eta Sonderborg (Danimarka) hirietako lanak koordinatzen dabil Tecnaliako teknikaria. Europa hiri eredu berria sortzen ari dela ikusi arren, mesfidati da aurrera begirako aukerekin.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Europako Batzordeko Horizon 2020 programak begi onez ikusi zuen Koroatzeko proiektua. Beste bi hirirekin batera aurkeztu zuten. Tecnalia arduratuko da hiruren arteko koordinazioaz; zehazki, Francisco Rodriguez arkitektoa (Oviedo, Espainia, 1971). Gasteizko proiektua hiri ertain eta txikientzat eredu izango dela nabarmendu du.

Koroatze auzoko obrak hiri adimendunen eredua sortzeko bidean kokatzen dira. Baina zer da hiri adimenduna izatea?

Kontzeptu zabala da. Europako Batzordearen arabera, dauzkan baliabide guztiak modu argian erabiltzen dituen hiria da.

Zein baliabideri buruz ari zara?

Baliabide naturalak, energetikoak, ekonomikoak, giza baliabideak... Teknologia berritzaileak erabiliko lirateke hori lortzeko. Adibidez, energia berriztagarriak.

Proiektuaren helburuetako bat karbonoarekin neutroa izatea da. Zer esan nahi du horrek?

Bi interpretazio dauzka: batetik, berotegi efektua sortzen duten gasik ez igortzea lortzea, hirian edo enpresako jardueran, adibidez; bestetik, nahiz eta gasak igorri, igorritakoa orekatuko duen beste energia berriztagarriak sortzea, beste toki batzuetan ere erabili ahal izango direnak.

Sortutako energia superabitak konpentsatuko luke kutsatua?

Adibiderik onena da eguzki panelak dauzkan eraikin bat: behar baino energia gehiago sortzen du, eta banatu egiten du sobera daukana. Dena den, eguzkia behar dute lanerako. Gauez argia piztuko dute auzokideek. Orduan, argindarra eskuratu beharko dute beste iturri batzuetatik; hala nola gas igorpenak dituen zentral batetik. Konpentsatu egingo luke energia berriztagarria banatuz.

Europako Batzordeko Horizon 2020 programak finantzatu du proiektua. Zein da bere funtzioa?

Ikerketa programa bat da. Proiektu deialdiak egiten ditu Horizon 2020k. Bi motatako deialdiak daude: ikerketenak, teknologia berriak garatzeko; eta, erakustaldienak, garatutako teknologiak erakusteko. Izan ere, garatutako teknologia askok ez dute merkatuan sartzea lortzen, eta oso onuragarrik izan daitezke.

Nola egiten dituzte erakustaldi horiek?

Erakustaldi proiektuak finantzatzen dituzte. Horrela, teknologia horien erabilera onen ereduak sortzen dituzte. Gasteizkoa da bat, adibidez.

Koroatze auzoko proiektua lighthouse gisa etiketatu du Europako Batzordeak. Nolatan?

Itsasargi esan nahi du. Erabilera onen eredu bilakatuko delako. Europako beste hirien bidea argituko du.

Zer dakar SmartEnCity proiektuak Europarentzat?

Oraintxe bertan Europak bederatzi itsasargi proiektu dauzka martxan. Bakoitzaren barruan hiru hiri daude. Beraz, 27 itsasargi egongo lirateke: Viena, Paris, Londres, eta abar. Gasteizkoaren bereizgarritasuna da hiri ertain eta txikietara bideratuta dagoela. Gasteizek ez dauzka Londres batek dauzkan beste bitarteko.

Zein gai lantzen dute aipatu dituzun bederatzi itsasargiek?

Gai asko: hornikuntza sareak, hiri azpiegiturak, mugikortasun iraunkorra... Azken horretan, esaterako, ibilgailu elektrikoetarako azpiegiturak aztertzen dabiltza, baita auto horiek zerbitzuetarako erabiltzea ere.

Hiri eredu bat sortu nahi du Europak?

Bai. Europa ez dabil hirietako aldaketak finantzatzen. Aldaketa moduak sistematizatu nahi ditu. Gauzak nola egin aurkitu nahi du Europak.

Hurrengo pausorik bada eredu hori sortu eta gero?

Proiektu guztiek, hiru bizigune nagusiez gain, hiri jarraitzaileak dauzkate. Itsasargietan izandako prozesuak aztertzen dituzte, gero euren hirietan nola aplikatu planifikatzeko.

Gainontzeko hirietara zabalduko dela pentsa daiteke, epe luzeagoan?

Arazo asko dauzka horrelako proiektu bat aurrera eramateak. Ez bakarrik finantzarioak, baita administratiboak, legalak, eta hiritarren borondatearenak ere. Guk harresi horiek nola gainditu frogatzen dugu. Besteei balio izango die horrek.

Bide orririk ez da Koroatze auzokoa beste hiri batzuetara zabaltzeko?

Ez, eskumen kontua da. Europako Batzordeak hazi bat ereiten du, eta haziari hazten laguntzen dio. Behin hazita, tokiko instituzioen, Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren esku dago jarraitzea. Eredu onak sortu eta gero, ekinbide lokala edo estatala beharko da aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.