Ford enpresak gizateriaren aurka eginiko delituak

Ford multinazionalaren Argentinako adarreko bi enpresaburu ohi zigortu dituzte, diktaduran langileen aurka egindako delituengatik. Konpainiaren 24 soldatapeko bahitu eta torturatu zituzten, eta zeregin horretan «konplizeak» izan zirela ebatzi du justiziak. Inoiz ez da izan halako kondenarik.
Kereila jarri zutenak, aldeko epaia ospatzen, pozarren, iragan astean.
Kereila jarri zutenak, aldeko epaia ospatzen, pozarren, iragan astean. PAGINA 12

Cecilia Valdez -

2018ko abenduak 18
Joan den astean jakinarazi zuen San Martingo auzitegi batek Ford multinazionalaren bi enpresaburu ohiren aurkako sententzia. Diktaduran langileen 24 ordezkariren bahiketetan eta torturetan izan zuten erantzukizuna epaitu zuen auzitegiak —ahozko epaiketak ia urtebete iraun du—. Argentinako justiziak lehen aldiz eman du epai bat enpresa multinazional batekin zerikusia duen kausa batean; hainbatentzat, ospatzekoa ere izan da, zigorra ereduzkoa izan daitekeelakoan, eta testuingurua kontuan hartuta esanguratsua delakoan, Mauricio Macriren gobernua boterera iritsi zenetik atzerapausoak izan baitira giza eskubideen arloan. Kondenatuak hauek dira: Pedro Muller Manufakturaren kudeatzaile eta enpresak oraindik General Pachecon —Argentina ipar-ekialdean— duen lantegiko bigarrena, eta Hector Sibilla segurtasunaren arduradun ohia. Santiago Riberos armadako errepresiogileari beste kondena bat jarri diote. Zigorrak hamar, hamabi eta hamabost urtekoak dira, hurrenez hurren. Kereilek eta fiskaltzak 25na urteko kartzela zigorrak eskatu zituzten hirurentzat, baina, hala ere, uste dute kondenak historikoak direla, eta oihartzuna izango dutela antzeko ezaugarriak dituzten beste ikerketa eta kausa batzuetan.

«Esparru askoz ere zabalagoan soilik uler daiteke sententzia hau, errepresioa ekoizpen baldintzekin eta antolaketa sozialarekin lotzen bada. Hori baliagarria izan da ulertzeko ez zirela 24 kasu bakan, baizik eta modus operandi bat zegoela, indar armatuak eta enpresen funtzionarioak nahasten dituena», uste du Victoria Basualdo ikerlari eta historialariak. Basualdo izan zen Enpresen erantzukizuna gizateriaren aurkako delituetan. Langileen aurkako errepresioa Estatuaren terrorismoaren garaian liburuaren koordinatzaileetako bat, eta pozik agertu zen sententzia jakin ostean: «Zigor hau historikoa da; nazioartean aztertuko dute, eta oihartzun handia izango du enpresek eta enpresaburuek gizateriaren aurka egindako krimen delituak epaitzeko arloan, Nazio Batuen Erakundean kezka handia eragiten baitu auzi horrek. Izan ere, halako multinazionalek pisu handia dute giza eskubideen urraketetan».

Epaiketan frogaturikoa

Elizabeth Gomez Alcorta langileen kereila ordezkatzen duen abokatuarentzat, «epaiketa hau irabazita zegoen sententzia jakin aurretik, epaiketan frogatutzat jo baitzen enpresak ekarpenak egin zituela epaitzen ari ziren 24 gertakarietan». Epaiketan, Mullerren defentsak onartu egin zituen ekarpenok, baina zalantzan jarri zuen horien erantzuleen artean ote zegoen bere bezeroa. «Frogatu zen enpresak zerrendak egin zituela izen-abizenekin, eta atxilotu behar zituztenei buruzko fitxak eta orri sortak eman zituela; frogatu zen langileak bahitzeko eta torturatzeko erregailu bat zegoela lantegian; eta frogatu zen atxilotzeak enpresaren kamioiekin egin zirela, fabrikan bertan, beste hainbat auziren artean».

Epaiketaren aurretik, eta hainbat ikerketatan eta txostenetan oinarrituta, egiaztatu zuten estatuaren terrorismoaren 37 biktima Ford Motor enpresaren langileak izan zirela, General Pachecokoak. Erregistratutako biktima guztien artean, 1976an atxiloturiko 24 langileek eta ordezkariek ohartarazi zuten Forden zuzendaritzako kideek parte hartu zutela jasan zituzten bahiketa, atxiloketa eta tortura prozesuetan.

Halaber, zehaztu zuten errepresioa batez ere ordezkarien aurkakoa zela. Garrantzi handiko datua da, kontuan harturik froga ia guztiek gauza bera iradokitzen dutela: lotura zuzena dagoela langileen antolaketa mailaren eta lantegiaren funtzionamenduari buruzko erabakietan zuten eraginaren eta ondoren jasan zuten errepresioaren artean. 1975 aldera, langileek irabazietan zuten parte hartzea ia %45era iritsi zen fabrika batzuetan.

Alde zibila

40 urte igaro behar izan dira justiziak estatuaren terrorismoaren alde zibila ikertzeko, Inpunitate legeek —Beharrezko Obedientzia, Puntu eta Amaiera, eta Indultua— ezer ez eragotzi arren.

Bitartean, krimen horiekin zerikusia zuten hainbat pertsona zigortu gabe hil dira —Forden kasuan, diktadura garaian lantegiaren presidente izandako Nicolas Courad 1989an hil zen, ikertua izan gabe, eta, Guillermo Galarraga lan harremanen kudeatzailea akusatu egin zuten arren, 2016an hil zen—, eta gertakari horiek jasan zituzten hainbat langile ohi ere hil dira.

«Enpresaburuek gizateriaren aurkako krimenetan izandako parte hartzea 1985. urtekoa da, eta oinarritzat dauzka Conadep Pertsonen Desagertzeen Batzorde Nazionalari eta Epaiketa Batzarrari lekukoek egindako adierazpenak», azaldu du abokatuak. «Prozesu honek hainbat etapa izan ditu: 2003 eta 2007 arteko inpunitatearen garaia gainditu ostean, prozesuak aurrera egin zuen arduradun militarretan eta segurtasun indarretan arreta jarrita, agerikoak diren arrazoiengatik, baina, batez ere, errazagoak zirelako berreraikitzeko, kausa askok bide luzea egin baitzuten 1980ko hamarkadan, barkamenaren legeak agindu zirenean. Beraz, prozesua berriz irekitzeak zerikusia du kausa horiekin, eta horregatik epaitu dituzte lehenik». Zibilen aurkako kausetan «pauso asko» eman dira aspaldian, ez dira «ezer berri»: «Egia da enpresa egituretan aurrera egitea izan dela zailena; beraz, epaiketa hau egitea aurrerapauso handia da», uste du Gomez Alcortak.

Ford eta Mercedes Benz enpresetako langileen bahiketei eta desagerpenei buruzko ikerketak 2002an hasi ziren, inpunitate garaiaren ondorengo gizateriaren aurkako krimenen kausa judizialak berriz ireki zituztenean. Bi kasuetan bazeuden hainbat elementu enpresen zuzendaritzako kideak iradokitzen zituztenak; duela hilabete batzuk, Helegite Penalen Ganberak aholku eman zion San Martingo Auzitegiari —Forden kausaren auzitegi berari— abia zezala berehala Mercedes Benz kausaren epaiketa.

Trantsizio demokratikoan, estatuaren terrorismoaren eragile nagusitzat identifikatu zituzten indar armatuak. 1990eko hamarkadatik, eta indar handiagoz 2000 hasieratik, gertaturikoa berrikusteko erantzukizuna agertu zen gizartean, prentsan, Elizan eta klase politikoan. Azken hamarkadan aurrerapausoak eman dira sektore zibilen erantzukizunen argitzean, indar armatuetako kideen epaitzeak eta oroimenaren, egiaren eta justiziaren prozesuak sendotu egin baitira.

Erantzukizunak

2013an, Ford enpresako zuzendaritzako kide Muller, Galarraga eta Francisco Jesus Sibilla auzipetu zituzten «langileen datu pertsonalak, argazkiak eta horien helbideak emateagatik, gero atxilotu zitzaten», eta «fabrika horretan atxilotze zentro baten eraikitzea baimentzeagatik». Leku horretan langile batzuk «jo egin zituzten, eskuak lotu zizkieten, eta aurpegia estali zieten ez zezaten ikusi gertatzen zena; parte hartu zutenek jipoitu zituzten».

Erabaki judizialean, nabarmendu egin dute egoera soziopolitikoaren analisiaren garrantzia, eta zehaztu dute «enpresaburuek nahi zuten eraginkortasunak eta emankortasunak etsai jakin batekin egiten zutela topo, barne batzordearekin. Egoeraren analisi horren berri eman zieten indar armatuei, zeinek estatua objektibatzen duten botereak indarrean hartu zituzten. Cepacen datuen arabera, langileak izan ziren erregimenaren indarkeria gehien jasan zutenak».

Ikasketa Legalen eta Sozialen Zentroak enpresei eta diktadurari buruzko txosten batean dioen bezala, langileek jasan zuten errepresioan enpresaburuek izan duten erantzukizunak desafio egin dio estatuaren terrorismoaren ikuspegi kanonikoari: beldurra eta proiektu politiko eta ekonomiko atzerakoia lotzen ditu, eragile zibilen konpromisoa eragin zuena. «Gizarte errugabearen» ideia zalantzan jartzen du, kontrajarritako indar bortitzen aurrean; ideia hori gailendu zen 1983az geroztik.

Alejandro Jasinski historialari eta kazetariak zera dio: «Enpresaren estrategiaz eta gizateriaren aurkako krimenen erantzukizunaz hitz egiteak beste perspektiba batean jartzen du arazoa. Alde batetik, arreta ez dago jarrita soilik erakunde iraultzaileetan eta armadan: kapitalaren eta lanaren oinarrizko borrokaren araberako indar sozial ordenatuen formakuntzan ere badago. Langileen errepresioan enpresaburuek izan duten rolari buruz, bigarren mailako erantzukizuna izan dutenak kendu ohi dira, haien parte hartzea erabakigarria izan baitzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna