Beasain eta Bergara arteko autobian bidesaria ezartzea onartu du Gipuzkoak

Sistema 2021erako martxan egotea espero dute. Deskonturik gabe, 2,53 euroko kostua izango du errepidea gurutzatzeak auto arinentzat

Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar du; logika hori aplikatu dugu». Hala azaldu du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuak Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidean bidesaria jartzeko erabakia: «Zerga orokorren bidez, ez gara iristen errepideek eskatzen dituzten artapen eta hobekuntzak egitera; beharrezkoak dira baliabide gehiago».

Autobia osoa izango da ordainpekoa, eta ordainketak Gipuzkoan lehen aldiz ezarriko den free flow sistemaren bidez egingo dira. Erabiltzaileek ez dute geratu beharko, eta sistema elektroniko horrek identifikatuko du ibilgailua Abiatu eta ViaT txartelen bidez edo matrikularen bidez. Guztiek ordaindu beharko dute bidesaria, arinek eta astunek. Horretarako, arku berriak jarriko dituzte Beasainen eta Ezkio-Itsason eta Deskarga mendatean jarrita dagoenari gehituko zaizkio.

Foru Aldundiak joan den urteko azaroan hartu zuen Beasain-Bergara errepidea ordainpekoa egiteko erabakia, eta atzo berretsi zuen Gobernu Kontseiluak. Orain, Batzar Nagusietan eztabaidatu beharko dute foru arauaren proiektua. Lege proiektuak dio ordainketa ezartzeko epea 2022ko ekainera artekoa dela, baina espero dute sistema abian egotea 2021. urtea hasterako.

Deskonturik gabe, Beasaindik Bergarara joateak (edo alderantziz) 2,53 euro balioko du ibilgailu arinentzat. Dena den, bide azpiegituretako diputatuak azaldu du Abiatu sistemaren bidez deskontuak izango dituztela gipuzkoarrek, beste errepideetan dituzten berberak: egindako bidaia kopuruaren arabera, %25 eta %75 aurrez ditzakete erabiltzaileek, eta hilabeteko gehieneko gastua 32,34 euro da.

Jarduera profesionalean dabiltzanek eta garraiolariek ez dute deskonturik izango, eta trailer bakoitzak 5,15 euro ordaindu beharko du. Bidesari hori azken urteetan garraiolariei N-I eta A-15 errepideetan jarritakoei gehituko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.