Interes handiko estrategia

Egurraren Federazioko Okzitaniako ordezkaria kexu da Florian multinazionalak jaso lezakeen laguntzaz. Haren ustez, xedeak epe luzeko estrategia bat luke, pagoaren ustiapenaz harago.

Joanes Etxebarria.
Ozaze
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Pirinioetako mendi bazterretan pagoa lantzen zuten segeria gehienak desagertzen ikusi ditu Pierre Sanguinet Egurraren Federazioko Okzitaniako ordezkariak, besteak beste «lehengaia eskas» zelakoan. Florian multinazionalaren xedeak mesfidantza eragin du profesional anitzen artean. Pagoa transformatzea ez da hautu ekonomiko eraginkorrena, eta, gainera, Florian bera haritzarekin ari da. Baliabide ahuleko pagadia da Pirinioetako oihanekoa, Sanguinetek dioenez: «Erraten da zur bilakatzen den egurra AB hautukoa dela, eta pagadi ederrenetan ez da %30-%35 baizik izaten». Beraz, trenkatu du 50.000 metro kubiko landu ahal izateko, nahi ala ez, oihana «masakratu» beharko dela. Elkarte ekologista andana bat sartu dira proiektuaren kontra, argudio berberarekin.

Sanguinet egur arloko profesionala da, eta argudio ekonomikoak ditu: «Guk urte osoan negar egin behar dugu ekipamendurako laguntza triste bat ukaiteko, eta sozietate horrek tapiza gorria du». Haren erranetan, «gordeak» diren diru laguntzak proiektuaren %60ra helduko lirateke.

Hamabi miloi eurokoa litzateke inbertsioa, eta «hiruzpalau» jarriko lituzke Florian taldeak, federazioko ordezkariaren esanetan; gaineratekoa sistema «perbertso» batek finantzatuko luke. Enpresei eman laguntzak %30era mugatuak dira, baina ez elkargoenak. «Erraten da Lannemezango Herri Elkargoaren inbertsioen truk Florianek alokairu bat pagatuko duela, baina txistea da hori».

Pagotik haritza

Ekonomikoki pagoa lantzea zentzugabekeria denez galdeturik, «libre» mintzatu da Sanguinet, ez baita egur horrekin aritzen. Haren arabera, pagoaren merkatua «hutsaren parekoa» da. Ondorioztatu du Florianentzat «Troiako zaldia» dela pagoa: arteka bat. «Pagoarekin lanean ari ziren ia eragile guztiak desagertu direnez, salbatzaile gisa iritsi dira, botereei erranez: 'Ezar dirua, eta iritsiko gara deusetarako baliatua ez zen egur mota hori lantzera'».

Logikak badu segida: Florian transformatzailea da, ez oihan ustiatzailea, eta, beraz, egurra segeriara eraman beharko diote harekin tratua dutenek. Oihanen jabe diren kolektibitate gehienak Cofor elkartean daude, eta itun bat egin zuten Florianekin. Adostu duten pago kantitatea ekartzen ez badiote, auzibidea ireki daiteke. Sanguinetek argi du: Cofor elkarteak diruz pagatu beharko du tratuan bete ez duten partea. Diruz, edo Okzitaniako ordezkariaren hitzetan, beste era batera: «Beren oihanetako haritzekin, hori baita Florianen xedea. Beste herrietan haritzekin ari dira, ez pagoekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.